Final handi baten atarian arriskutsua izaten da faboritoak eta faborito ez direnak goitik beherako zerrenda batean kokatzea. Izen festa horretan nahikoa izaten da bat goi-goian jartzea, ondoren, lehia hasitakoan, ezinean geratzeko. Baina Aitzol Atutxak plazan bertan erakutsi du faborito argi-argia dela biharko lehiarako. Maila nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketa jokatuko dute bihar Basauriko Artunduaga kiroldegiko pilotalekuan (12:00), eta, faboritoen artean, dimoztarraren izena besterik ez da ageri txapel preziatua janzteko. Bigarrena jarraian luke bizkaitarrak.
Eskuin ukondoa minduta, kanporaketara joan, ez joan, zalantzan egon zen Atutxa, baina, joan bakarrik ez, astindu handi samarra eman zien gero denei. Floren Nazabali, tartean, minututik gorako aldea aterata. Denbora askoan gerrialdeko minez dabil nafarra, eta, finalerako sailkatu arren —bigarren denborarik onena egin zuen Aiako kanporaketan—, uko egin behar izan dio bertan aritzeari. Argia da ondorioa: ez da nafarrik izango biharko finalean. Jon Rekondori zegokion Nazabalen lekua, baina leitzarrak ere ezezkoa eman zuen. Mikel Larrañaga azpeitiarrak jaso du, azkenean, sari preziatua. 25 urterekin, lehen aldiz ariko da maila nagusiko Euskadiko finalean, eta azken postuari ihes egiteko erronka izango du.
Olasagasti, 27. aldiz finalean
Ezusterik ezean, Joseba Otaegi eta Joxemari Olasagasti izango ditu aurkari borroka horretan. Kanporaketan seigarren denborarik onena egin ondoren, zizurkildarra laugarren aldiz ariko da finalean. Igeldotarra, berriz, marka guztiak hausten ari da. 56 urterekin, 27. txapelketa nagusia izango du biharkoa, eta gazteren bat estu hartzeko prestaketa finduta iritsiko da Basaurira. Aiako kanporaketan, esaterako, atzetik utzi zituen Otaegi eta Larrañaga, eta hirugarren postua eskuratu zuen iaz, Beasainen.
Atutxa estuen hartzeko hautagaiak, berriz, bi dira: Iñaki Azurmendi —bigarren izan zen iaz—, eta Jon Irazu —laugarren iaz—. Lau kana-erdiko, 60 ontzako lau enbor, eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte aizkolariek, kanporaketako lan bikoitza, alegia. Eguraldi kaskarra dela tarteko, Bizkotxalde parketik Artunduaga kiroldegiko pilotalekura aldatu dute finalaren lekua.
Zalantza gutxi
Aitzol Atutxa faborito argia dela, maila nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketa jokatuko dute, gaur, Basaurin.Lesioa dela eta, Floren Nazabal ez da lehian izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu