Lehen lehia ofizialak atzean utzita, gaur hasiko dira KAE1 eta KAE2 ligak, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Neguan egindako lana gogorra izan da, baina dagoeneko iritsi zaie patroiei estatxa askatzeko parada. Neguko estropadetan Lapurdi eta San Pedro izan dira KAE1 ligako traineru onenetarikoak. Sailkapenaren goialdean egoteko faborito argiak dira bi taldeak, San Juanekin batera. Hala ere, ikusteko dago beste talderen bat ere arituko den lehia horretan. Beñat Urtxegi (Azkaine, Lapurdi, 1993) eta Gorka Olasagasti Errota (Aia, Gipuzkoa, 1994) Lapurdiko eta San Pedroko arraunlariak dira, hurrenez hurren, eta ligari ekiteko gogoz daude.
Oso bestelako bidea egin dute bi talde horiek. Lapurdi KAE2 ligatik igo berri da. Joseba Fernandez prestatzailea fitxatu dute, taldeari lehiakortasuna emateko, eta orain arte erakutsi dutenarekin pozik egoteko moduan dira. Jaitsieretan oso emaitza onak izan dituzte, baina lehia ofizialetan albiste izan dira, ezbairik gabe. Gipuzkoako Txapelketan hirugarren postuan iritsi ziren, Orioren eta Getariaren aurretik, eta Euskadiko Txapelketan aritzeko sailkatu ziren. «Gipuzkoako Txapelketan podiumera igotzea arraroa egin zaigu! [barrez]. Ez gaude ohituta horrelakoetara». Txapelketa horretan zazpigarren egin zuten, Santurtzitik —Eusko Label ligako taldea— hiru segundo eskasera. «Neguko jaitsieretan ikusi genuen Getariaren antzeko denborak lortzen ari ginela. Gipuzkoako Txapelketan lehen txandan geunden, eta besteak, azkenekoan. Pentsatu genuen guk estropada ona eginez gero eta eguraldiak laguntzen bazuen Euskadiko Txapelketan sartzen ahalko ginela. Hori lortu genuen, baina Oriori irabaztea izan zen harridura. Ez genuen espero», aitortu du Urtxegik.
Fernandezek langa «gero eta gorago» jarri nahi duela adierazi zion BERRIAri. Klubak talde lehiakor bat lortu nahi zuen, eta Urtxegik onartu du Fernandezen etorrera horretarako aurrerapauso bat izan dela. «Josebak hasieratik sinetsi du taldean, eta bere ezagutza ekarri dio taldeari». Horrez gain, arraunlariak nabarmendu du entrenatzaileak aparteko garrantzia ematen diela xehetasunei. «Josebak argiki azaldu digu zein arraunketa nahi duen eta zein xehetasun behar genituen horretara heltzeko».
San Pedro, berriz, iazko ligaren garailea da. Kanporaketetan ez zuten lortu Eusko Label ligara igotzea, baina aurten ere aurrean egoteko prestatu dira. Olasagastik dioenez, «animoso eta lehiarako prest» dago Libia. Iazko denboraldia errepikatzea ez da erraza izango, orduko taldeko arraunlari batzuk falta baitira. Hala ere, iazko blokeak jarraitu egiten du, eta fitxaketa batzuekin itxi dute aurrean egotea helburu duen taldea. Hasieran «kostata» aritu direla onartu du Olasagastik, baina pixkanaka «hobekuntzak» ikusi dituztela dio: «Badirudi nahiko itxura polita hartu duela traineruak, eta esango nuke gu lehiarako pronto gaudela. Nik uste dut sailkapenaren goiko postuengatik borrokatuko garela, baina aurkariak nola dauden ikusi behar da. Oraintxe bertan argi daukagu hobetzen jarraitu behar dugula, baina gustura gaude gauden bezala».
Neguko jaitsieretan ez dute gehiegi gozatu sanpedrotarrek. Olasagastik argi dauka estropada horien helburua dela taldekide guztiek arraun egitea, arraunketa hobetzea, eta, batez ere, entrenatzaileak «egin beharreko proba guztiak» egitea. Hala ere, balio izaten dute talde bakoitza aurkariekin alderatzeko eta non dagoen ikusteko. Ahobizarrik gabe hitz egin du Olasagastik: «Aurten jaitsieretan ez gara oso ondo ibili, eta Lapurdiren eta San Juanen atzetik aritu gara gehienetan. Borrokan ibiliko garela uste dut, baina ez dakit non egon gaitezkeen».
Aurrenekoak, etxean
Patuak hala erabakita, etxean arituko dira bi taldeak asteburu honetan. Lapurdin gaur, eta San Pedron bihar. Biak ala biak estropada bereziak dira; Ziburun itsas zabalean arituko dira, baina bost ziaboga egin beharko dituzte. San Pedron ere bost ziaboga egingo dituzte, baina, kasu horretan, ibaian. Bi taldeen helburua, sasoi osoan bezala, aurrean egotea da. Urtxegiren ustetan, «lehia ederra» izango dute bi pasaitarrekin. Olasagastik ere San Juan eta Lapurdi ikusten ditu aurrean: «Haiek Euskadiko Txapelketarako sailkatu ziren, eta gu, ez», baina dio asteburu hau pasatzean «argiago» ikusiko dela beste talderik aurrean egon daitekeen. Errespetu handia diote bi arraunlariek aurkariari. Urtxegik «banderen lehian» egotean jarri du azpimarra. Olasagasti jakitun da erronkaren zailtasunaz, baina aurrerago begiratu du: «Helburua kanporaketetara sailkatzea da, eta gero, gauzak ondo badoaz, eta ahal izanez gero, liga irabaztea». KAE1 liga, baina, luzea da. Helburuak abuztuan lortzen dira, eta horretarako palada asko falta dira oraindik. Estatxa askatzeko garaia da orain.
Zakua puntuz betetzeko aldia
ETE liga bezala, asteburu honetan hasiko dira KAE1 eta KAE2 ligak. KAE1 ligan, Donibane Lohizune-Ziburuko estropada jokatuko da gaur, eta San Pedrokoa bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu