Lehia hauspotu eta puntuak lortu. Bi helburu horiekin irten dira txirrindularitza taldeak fitxaketen merkatura. Puntuek garrantzi berezia izango dute, datorren sasoiaren amaieran World Tourreko lizentziak berrituko baitira. Egitura ahaltsuenek etorkizun ziurra dute gorenean, eta beren arteko borrokan dute jarria arreta. Ona izatea ez da aski, onena izan nahi duenarentzat. Emakumeen tropelean, liderrak fitxatzea izan da estrategia nagusia. Gizonezkoetan, taldeburu nagusiak ez dira mugitu, baina zenbait aurpegi berri izango dituzte inguruan, goi mailako ezkutari gisa. Beste talde batzuk UCIren sailkapenean gora egin nahian ariko dira, fitxaketek indartuta. Modu batera edo bestera, zakua betetzen lagundu beharko dute iritsi berriek.
BURUZAGI ALDAKETAK
Oreka handiagoa
Oihartzun handiko joan-etorriak izan dira emakumeen talde nagusietan. Burrunbarik handiena, FDJ eta Demi Volleringen arteko lotura berriak eragin du. Herbeheretarra SD Worx ahaltsuan aritu da azken lau urteetan, eta irabazi daitekeen ia guztia irabazi du, itzulietan nahiz klasikoetan. Ordea, aginte makila Lotte Kopeckyrekin banatu behar izan du azken bi denboraldietan. Handituz joan da tentsio giroa, eta garaipenak beste nonbait lortu nahi dituela erabaki du Volleringek. FDJ izan da hautatua. Vollering aski ez, eta frantziarrek Juliette Labous (DSM) eta Elise Chabbey (Canyon) ere fitxatu dituzte. Cecilie Uttrup Ludwigen irteerak ez die askorik axolako –Canyon taldera joango da–.
SD Worxek, berriz, modu berezian beteko du Volleringen hutsunea: 2021ean erretiratu ostean, bizikleta gainera itzuliko da Anna van der Breggen. Elisa Longo Borghini (Lidl), berriz, UAEn ariko da, eta azken bost urteetako buruzagia galdu ostean, Lidl taldeak maila handiko lau ziklista fitxatu ditu: Niamh Fisher-Black (SD Worx), Emma Norsgaard (Movistar), eta Riejanne Markus eta Anna Henderson (Visma). Marlen Reusserrek (SD Worx), berriz, Movistarren jarraituko du bere ibilbidea. Hain justu, bertan egingo du debuta profesional gisa Paula Ostizek (Cafes Baque).
BIZKARTZAIN BERRIAK
Red Bull, indartsuago
Emaitzek eta UCIren sailkapenak garbi erakusten dute: UAE da, gaur egun, munduko talderik onena, haren lider ahalguztidunari esker. Ukitzen duen oro urre bihurtzen du Tadej Pogacarrek, eta berriki 2030era arte berritu diote kontratua. Hori izan da UAEren apustu nagusia, Jhonatan Narvaez (Ineos) fitxatzearekin batera. Taldea indartzeko ahalegin handiagoa egin du Red Bullek: Oier Lazkano (Movistar), Giulio Pellizzari (Bardiani), Laurence Pithie (Groupama), Jan Tratnik (Visma) eta Finn Fisher-Black (UAE) fitxatu ditu. Ondo inguratuta egongo da Primoz Roglic. Baita Remco Evenepoel ere, datorren sasoian Soudalen maillota jantziko baitute Valentin Paret-Peintrek (Decathlon), Max Schachmannek (Red Bull) eta Ethan Hayterrek (Ineos). Eta Jonas Vingegaardek (Visma), berriz, laguntzaile berria izango du mendateetan: Simon Yates (Jayco).
MAILARI EUSTEA XEDE
Tudorren apustua
Yatesen irteerarekin, Jaycok lider bat behar zuen itzulietarako. Eta Ben O’Connor (Decathlon) aukeratu du ordezko gisa. Australiarrak maila galtzeko arriskuan izan ziren 2022an, baina, dirudienez, ziklo amaiera lasaiagoa izango dute datorren sasoian. Astana, ordea, ataka estuan dago, eta Diego Ulissi (UAE), Wout Poels (Bahrain) eta Sergio Higuita (Red Bull) fitxatuta konpondu nahi du egoera. Cofidis ere nahiko larri dabil; Alex Aranburu (Movistar), Emanuel Buchmann (Red Bull) eta Dylan Teunsengan (Israel) jarri du itxaropena. Groupamak Guillaume Martin kendu dio, Lenny Martinez Bahrainera joan ondoren. Tudorrek, berriz, ProTeam mailako talderik onena izan nahi du, eta sona handiko bi txirrindulari fitxatu ditu horretarako: Julian Alaphilippe (Soudal) eta Marc Hirschi (UAE).
JAUZIA PRESTATZEN
Laboral Kutxaren ilusioa
Suitzako taldeak 2029rako egin nahiko luke jauzi World Tourrera. Laboral Kutxa, ordea, datorren sasoian bertan saiatuko da maila nagusira iristen. Erronkari aurre egiteko, Ceratizit taldetik bi italiar ekarri ditu: Alice Maria Arzuffi eta Arianna Fidanza. Yuliia Biriukova ukrainarra (Human Powered) eta Yanina Kuskova uzbekistandarra (Tashkent) izango dira beste bi berriak. Euskaltelen, berriz, taldeari nazioarteko ukitua emango diote Louis Suttonek (Aix en Provence), Paul Hennequinek (Nice Metropole), Marton Dinak (ATT Invesments), David Dekkerrek (Arkea) eta Danny Van der Tuukek (Kern Pharma). Kern Pharmaren apustu nagusia, berriz, Ivan Ramiro Sosa izan da. Hura galduta lasai dago Movistar, trukean Pablo Castrillo fitxatu baitu. Caja Rurali, berriz, Orluis Aular eta Jefferson Cepeda kendu dizkio.