Zaintzailea eta zaindua

Adriana Nanclares izaten ari da Realeko jokalari onenetako bat sasoi hasiera honetan. 17 urteko atezainak ondo bete du Mariasun Quiñonesen lekua, hura min hartuta baitago abuztutik.

Adriana Nanclares Realeko atezaina Euska Herria Kopako finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Realaren denboraldi hasierako ezustea izaten ari da Adriana Nanclares (Miranda Ebro, Espainia, 2002). Mariasun Quiñones atezainak eskuin muturreko eskafoidea apurtu zuen denboraldi-aurrean, eta ordutik bera ari da zaintzen Realaren atea. Gonzalo Arkonadak berari eman dio ardura, eta Lehen Mailan hasiberri bat izateko ezohikoa den lasaitasunez eta ziurtasunez erantzun du. «Horretarako, funtsezkoak izan dira bai entrenatzaileak eta bai taldekideek eman didaten babesa. Hasieratik esan zidaten ni izateko, eta, hala eginez gero, ziur zeudela dena primeran aterako zela. Taldearen emaitzak, gainera, onak dira, eta horrek ere lasaitasun handia eman dit», dio Nanclaresek.

Datuak argigarriak dira. Ligan gol gutxien jaso duen bigarren taldea da Reala. Lehen jardunaldian Valentziak bi gol sartu zizkionetik, atea hutsean mantendu du talde txuri-urdinak. Hiru partida daramatza erreskadan gol bat jaso gabe, eta horretan, noski, zeresan handia izan du Nanclaresek. Betisen aurka penalti bat gelditu zuen, eta Espanyolen kontra hiruzpalau gelditu erabakigarri egin zituen.

Onartu du «oso urduri» egon zela Quiñonesek lesioa izan eta Arkonadak jokatu egingo zuela esan zionean. «Normala da. Nire buruan Mariasunen ordezkoa izatea zegoen, eta bigarren taldean jokatzea. Gainera, Elenek [Lete atezaina] nik adina aukera zituen jokatzeko. Lehen une horretan zalantzak sortzen zaizkizu. Baina, berehala, neure buruari esan nion ordu arte bezala lan eginez gero gauzek ez zutela zertan gaizki atera, eta ikasteko eta hobetzeko nengoela».

Akatsei ez die beldurrik. «Alderantziz, uste dut ikastearen parte direla, eta horrek presioa kentzen ere laguntzen dit». Gainera, zelaian «gustura eta lasai» sentitu da. «Behin lehen hiru-lau geldituak egin eta gero, eroso sentitu naiz, eta garbi izan dut ni naizela taldekideei ziurtasuna eman behar diena».

Defentsan, Maddi Torre, Nuria Mendoza, Iraia Iparragirre eta Ane Etxezarreta atzelariak izateak asko lagundu dio. «Haiek hor egonda, une oro ziur sentitu naiz. Asko babestu naute, eta hori funtsezkoa da atezain batentzat». Onartu du lehen egunetan «lotsa apur bat» ere ematen ziola haiei aginduak ematea. «Baina emandako konfiantzarekin askeago sentitu naiz hori egiteko».

Hilabete hauetan Quiñones izan da bere babesik handiena. «Gainean egon da, eta asko lagundu dit. Entrenamenduetan gauzak zuzendu dizkit, eta asko eskertzen diot. Partida bakoitzaren amaieran ni joan izan naiz harengana, nire jardunaren inguruko iritzia eskatzera. Luxu bat da halako atezain eta pertsona puska bat ondoan izatea».

Harengandik ondorengo ezaugarriak nabarmendu ditu. «Oso pertsona gertukoa da traturako, eta atezain gisa maila ikaragarria du. Aginduak emateko eta komunikatzeko izugarrizko gaitasuna du, hankarekin jokatzen trebea da, eta, buruz buruzko jokaldietan, oso ona».

Quiñones osatzeko azken fasean dago. «Erabat osatzen bada, normalena da derbian titular bera izatea». Harentzat hori ez litzateke kolpea izango. «Ikusgarria litzateke Anoetan jokatzeko aukera izatea, baina orain ez bada, etorkizunean ere izango dira horretarako aukerak. Nik, behintzat, lan egingo dut hala izan dadin. Lehen Mailan jokatzeko ametsa lortu dut jada, eta ametsak betetzen segitu nahi dut».

Ikastea eta eskarmentua hartzea ditu buruan orain. «Bigarren taldean jokatu behar badut, gustu handiz egingo dut. Ni bezalako atezain batentzat garrantzitsuena hori da». Aurreko sasoian Oiartzunen egon zen utzita, eta esperientzia hark asko lagundu dio. «Urte zaila izan zen. Astelehenetik larunbatera Realarekin entrenatzen nintzen, eta asteburuan Oiartzunekin jokatzen nuen. Behar nuen heldutasun puntua eman dit».

Quiñonesez gain bi dira bere erreferenteak: Marc Andre Ter Stegen eta Cristiane Endler. «Ter Stegen onena da hankekin, eta ate azpian sekulako erreflexuak ditu. Endler, berriz, azken Munduko Txapelketan ezagutu nuen gehiago, eta uste dut arlo gehienetan moldatzen dela ondo».

Derbirako baikor

Bere egunerokoari ez ezik, taldearen jardunari erreparatu dio. «Valentziaren aurkako berdinketa pena izan zen, 0-2ko abantailarekin geundelako. Beste partidak, berriz, gogorrak izan dira, baina taldea oso ondo aritu da».

Jada datorren jardunaldiko derbiari begira daude. «Asteburua jai izango dugu, eta horrek balioko digu apur bat futbolaz ahaztu, eta astelehenean are gogo handiagoz itzultzeko».

Denboraldi aurrean, Euskal Koparen finalean, 3-0 hartu zuten mendean talde zuri-gorria.Angel Villacampak zuzentzen duen taldeak ez du liga ondo hasi, eta jokatutako lau partidetan garaipen bat eta hiru porrot bildu ditu. Baina zuhurtziaz hitz egin du. «Oso talde lehiakorra da, eta ziur estu hartuko gaituztela. Baina gauzak dakigun bezala eginez gero, eta norgehiagokari guri komeni zaigun erritmoa ezarriz gero, aukera asko izango dugu hiru puntuak batzeko».

Horrekin batera, ikasketetan du arreta. Batxillergoko bigarren urtea ikasten ari da, Donostiako Larramendi ikastetxean. «Ikasturte amaieran unibertsitaterako hautaproba egingo dut. Ahalegin handia da goi mailako kirola eta ikasketak uztartzea, baina irakasle izateko ikasketak egin nahiko nituzke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.