Tropeleko langilerik estimatuenetako bat da Sepp Kuss (Durango, AEB, 1994). Liderrak beste inork ez bezala babesten ditu maldan gora, etahaien garaipenek gogobete egiten dute. Espaniako Vueltan, izatez, Jonas Vingegaarden eta Primoz Roglicen alde egin behar zuen lan. Jumbo Visma taldeak bi buruzagi sendo zituen, eta haien zaindari leiala izatea zegokion Kussi. Haatik, alde handia atera zuen seigarren etapan, ihesaldi bati esker, eta lidergoa eskuratu zuen bi egun geroago. Hortik aurrera, gorriak ikusi behar izan ditu maillot gorriari eusteko. Taldekideak izanagatik ere, Vingegaardek eta Roglicek ez diote oparitu garaipena: benetan merezi zuela erakustera behartu dute. Kussek zain eta muin defendatu du bere burua, eta ohikoa duen irribarrez igo zen igandean Madrilgo podiumera, albo banatan Vingegaard eta Roglic zituela.
Itzuli handietako txirrindularia da Kuss. Hamabi jokatu ditu, eta funtsezko makulua izan da Jumboko liderrentzat: hiru Vuelta eta Italiako Giro bat irabazten lagundu dio Roglici, eta Vingegaardek aldamenean eduki du irabazi dituen bi Frantziako Tourretan. Garaipenen arrastoan ibili izan da beti Kuss; oraingoan, baina, berari egokitu zaio irabaztea. Meritu handia du Vueltan egin duenak, are gehiago aintzat hartzen bada aurten Giroan eta Tourrean ere aritu dela. Zaila da sasoi berean hiru itzuli handiak bukatzea, eta zer esanik ez, hiruretan izan eta horietako bat irabaztea. Kussen aurretik, soilik Gastone Nencini izan da horretarako gai: italiarra hiru lasterketetan lehiatu zen 1957an, eta Giroa irabazi zuen.
Kuss izotz hockeyan aritu zen 16 urte bete arte, eta serio hartu zuen iraupen eskia. Txirrindularitza, hasieran, erresistentzia hobetzeko modu bat baino ez zen harentzat. Alabaina, eski denboraldiak laburregiak egiten zitzaizkion, eta ziklismoan, berriz, urte osoan lehiatu zitekeen. Asko gozatzen zuen mendiko bizikletarekin, baina errepidekoa hobetsi zuen 2015ean, artean Coloradoko Unibertsitatean publizitate ikasketak egiten ari zela. Urtebete geroago egin zuen jauzi profesionaletara, Rally taldearen bidez, eta, eskalatzaile dohainak erakutsi ondoren, 2018an Jumbok fitxatu zuen. Utahko Itzulia irabazi zuen sasoi hartan, eta, horri esker,Herbehereetako taldeak aukera eman zion Vueltan debutatzeko.
Hurrengo urteko Vueltan lortu zuen lehen garaipen handia: hamabosgarren etapan izan zen, Aceboko santutegian. Gainera, bere alea jarri zuen Roglic nagusitu zedin. Sasoi hartan, Giroa irabazten ere lagundu nahi izan zion, baina esloveniarrak hirugarren bukatu zuen. Kussek tokia egin zuen 2020ko Tourreko zortzikoan, eta geroztik ez du huts egin Frantziako proban. 2021ean, hamabosgarren etapa irabazi zuen, eta Vingegaarden laguntzailerik onenetako bat izan da azken bi urteetako garaipenetan. Zaindari gisa ez dauka parekorik, eta agintari gisa ere badu gaia, aurtengo Vueltan erakutsi duenez.
Jumboren nagusitasuna
Inor gutxik espero zuen lasterketa irabaziko zuenik Xorret de Catiko etapan lider jarri zenean. Finean, ihesaldi bati esker eskuratu zuen lehen postua, oraindik hamahiru lasterketa egun geratzen ziren, eta bi faborito handi zituen talde barruan. Mugarria Valladolideko erlojupekoa izan zen. Kuss ez da batere iaioa diziplina horretan, baina galera gutxitu, eta eutsi egin zion lidergoari. Gero, Remco Evenepoel (Soudal) hondoratu egin zen Aubisquen, eta, hortik aurrera, Roglic eta Vingegaard izan dira Kussen aurkari behinenak. Oso estu hartu zuten Anglirun, baina onik atera zen, Mikel Landaren (Bahrain) laguntzaz. Etapa haren ondoren, lasterketa Kussekin irabaziko zuela erabaki zuen Jumbok.
Hainbestekoa izan da Jumboren nagusitasuna, ezen garailea hautatzeko aukera izan baitu. Kussek, Vingegaardek eta Roglicek ez dute aurkaririk izan, eta hirurak igo dira azken podiumera. Gizonezkoetan, azkenekoz, 1966an osatu zuten talde bereko hiru txirrindularik itzuli handi bateko podiuma; Arabako Kas taldeak lortu zuen marka, Vueltan. Jumboren agintea, baina, egutegi osora hedatu da, Giroa eta Tourra ere bereganatu baititu. Gizonezkoetan sekula ez da halakorik gertatu aurrez. Emakumezkoetan, berriz, Movistarrek koroa hirukoitza lortu zuen iaz Annemiek van Vleuten herbeheretarrari esker.
Jumboren hiru garaipenen artean, Vueltakoak poztu ditu gehien zaleak, nekez ikusten baita langile bat halako garaipen bat lortzen. Podiumeko koskarik garaienetik, Kussek eskerrak eman zituen jasotako babesagatik. «Zaleak gertu sentitzea da ziklismoaz gehien gustatzen zaidana. Inoiz ez bezala gozatu dut». Landa ere gustura egoteko moduan da, bosgarren bukatu baitu Vuelta, Jumboko hiru liderren eta Juan Ayusoren (UAE) atzetik.
Sepp Kuss
Zaindaria, agintari bihurtua
Garaipen harrigarria lortu du Kussek Espainiako Vueltan. Vingegaard eta Roglic babestea zuen helburu, baina taldeburuen gainetik bukatu du. Giroa eta Tourra irabazten lagundu die, eta, orain, erakutsi du liderraren jantzia ez duela handiegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu