Zain segitzen du

Baliteke Osasunako erdilariak hurrengo orduetan sinatzea Atletico Madrilekin, baina bitartean Taxoaren entrenatzen segitzen duErdilariak aitortu du igandean zaleei egin zizkien txaloak ez direla agurrekoak

Iruñea
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Atletico Madrilek Juanfran fitxatu nahi du, Juanfrani asko gustatu zaio Espainiako taldeak egin dion eskaintza, eta Osasuna eta Atletico Madril ados daude. Akordioa adostear da, ordea, ez adostuta. Beraz, Juanfran Osasunako jokalaria da oraindik, eta atzo goizean Taxoaren entrenatu zen, egun normal bat izango balitz bezala.

Baina ez zen egun normal bat.Ohi baino hedabide gehiago gerturatu zen Osasunaren entrenamendu tokira, Juanfranek bere agurra baieztatu zezakelakoan. Bezperan Getaferen aurkako partidaren ostean bezalaxe, atzo ere Juanfranek ez zuen adierazpenik egin nahi izan, dena dela. Bost milioi euro ingururen truke Atletico Madrilera joan daitekeela ukaezina da, baina bi klubek ez dituzte oraindik akordioaren xehetasun guztiak zehaztu. Atletico Madrilek atzo iluntzean Herculesen zelaian jokatu izana zerikusia izan dezake horretan. Hala, fitxaketa aurki egingo da ofizial.

Nolanahi ere, ezin daiteke erabat baztertu Juanfran bihar Osasunarekin entrenatzea —Iruñeko taldeak atseden eguna du gaur—. Jokalariak berak aitortu zuen hori atzo. «Oraingoz ez dago ezer, benetan; gaur ez naiz Madrilera joango, eta asteazkenean agian ezustekoa emango dizuet, eta berriro hemen ikusiko nauzue».

Crevillenteko jokalaria «Osasunan» du burua, ez beste inon. «Lasai nago, eta atzokoa [igandekoa] ez zen agurra izan, zaleek nire izena oihukatzen zutela ikusi nuen partidaren amaieran eta zelaiaren erditik txaloekin eskertu nahi izan nien babesa, baina ez zen agurra izan. Ez naiz Iruñetik joango agurreko prentsaurreko bat eman gabe», esan zuen Taxoareko aldageletatik aparkalekuraino kazetariz inguratuta egin zuen ibilbidean.

Simao Sabrosari Besiktasera joaten utzi ziotenetik Atletico Madrileko agintariek askotan aipatu dute Juanfran Simao ordezkatzeko hautagai gisa. Miguel Angel Gil Marinek, Atletico Madrileko kontseilariak, igandean esandakoek ordu arte zurrumurrua zena baieztatu besterik ez zuten egin: «Jokalariarekin akordioa lotu dugu, eta Osasunarekin adostea da orain gakoa. Une honetan ezin dugu ziurtatu erabat Juanfran Atletico Madrileko jokalaria denik, baina Osasunarekin arazorik ez bada, gaur bertan itxi daiteke dena. Jokalariak ilusio handia dauka, eta horrek ilusioa eragiten digu guri ere», esan zuen herenegun Espainiako hiriburuko taldeko agintariak.

Eta bien bitartean, Espainiako kirol egunkari nagusienek Atletico Madrileko iturriek jakinarazitako datu gehiago ematen zituzten: 4,5 milioi euro inguru ordainduko zituen Atletico Madrilek, jokalaria atzo arratsaldean Madrilera joango zen, bihar goizean medikuen azterketa gainditu eta aurkezpena egin ahal izateko.Osasunako agintariek isilik jarraitzen zuten. Baina Madriletik zetozen albisteak ez zituen inork gezurtatu, eta Osasunaren egunerokoa jarraitzen duten hedabide guztiek ontzat ematen zuten Madrildik zetorrena.

Agian gaur bertan sinatuko du Juanfranek Atletico Madrilekin. Hargatik, atzo goizean Taxoaren behin eta berriz gogorarazi zuten agintari gorritxoek akordioa ez dagoela itxita. Kontratuetan gero eta ohikoagoak diren klausulak eta baldintzak zehaztu nahi ditu Osasunak. Diru kontuak besterik ez dira. Baldintza batzuk betez gero, beste diru kopuru bat jaso nahi dute gorritxoek. Atletico Madrilekoen baikortasuna hoztu nahia nabaria zen atzo Taxoaren. Negoziazioak atzerabiderik ez daukala dirudi, dena dela. Diru eta denbora kontua da.

Ordezkoa, Cejudo

Bestela ezin daitekeelako ulertu Nafarroako bi egunkari nagusietan Juanfranen ordezkoa zein izango den atzo bertan argitzea. Klubetik irtendako filtrazioa zen, zalantzarik gabe. Iturri horien arabera, Alvaro Cejudo Las Palmaseko jokalaria da Juanfran ordezkatzeko hautagai nagusia. Betiseko harrobitik irtendako 26 urteko erdilariari ekainaren 30ean amaitzen zaio kontratua. Dirudienez, hurrengo sasoirako hitzartuta zuen akordioa Cejudok Osasunarekin, baina Juanfranen irteerak hilabete batzuk aurreratuko luke bere fitxaketa. Lehen Mailan eskarmenturik ez dauka Cejudok, eta Bigarren Mailan baino urte gehiago egin ditu Bigarren B Mailan. Halere, trebea dela erakutsi du Las Palmasen —erdilaria izanagatik, taldeko golegile nagusia da sasoi honetan, sei golekin—, eta Osasunaren ateak zabalduko dizkio horrek. Atletico Madrilek eta Osasunak Juanfranen fitxaketaren xehetasunak behingoz adosten badituzte bai behintzat. «Nire ibilbidean aurrerapauso itzela litzateke. Ilusio handia egiten dit, Lehen Mailan jokatzea amestu izan baitut beti. Hori bai, orain ezin dut ezer baieztatu, ez baitakit ezer», esan zuen atzo Cejudok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.