Aida Etxebarria

Zailtasunen gainetik

Boleibolean jokatzen jarraitzeko, Galdakaotik atera behar izan zuen Aida Etxebarriak. Murtziatik eta Madrildik pasatu ostean, mailarik gorenean debutatzeko aukera eman zion taldera bueltatu zen orain dela hiru uda, Harora,. Egun, ligako hartzailerik onenetariko bat da Etxebarria.

HARO RIOJA VOLEY.
inigo lasa fresneda
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lagunekin eskolan boleibolean jokatzen hasi, eta onenekin lehiatzen amaitu. Hori da Aida Etxebarriaren (Galdakao, Bizkaia, 1995) kasua. Gaztetan, lagun talde batek bultzatuta eman zion aukera boleibolari, eta, zorionez, «gustatu» egin zitzaion. Gaur egun, boleibol ligako hartzailerik onenetariko bat da.

Boleiboleko bi modalitateetan aritzen da Etxebarria: estalpeko eta hondartzako boleibolean. Udazken eta negu aldean pabiloi barruetan jokatzen den sei pertsonako modalitatean aritzen da; udaberrian eta udan, berriz, hondarretan ibiltzen da bikotekide batekin batera. «Oso ezberdinak» diren arren, biak ditu gustuko: «Ez nuke jakingo esaten zein gustatzen zaidan gehien, bietan asko disfrutatzen dut. Batean zein bestean gustura ibiltzen naiz, eta hori da garrantzitsuena».

Estapeko boleibolean, laugarren urtea ari da betetzen Haro Rioja Voley taldean. Ligako lehenengo itzulia amaitu berri dute, azkeneko hiru partidak errenkadan irabazita. Sasoi onean dira, sailkapen nagusian bosgarren postuan egoteaz gain, igaro berri den larunbateko garaipenarekin, Espainiako Koparako sailkatu baitira. Denboraldi hasiera ona egiten ari direla dio Etxebarriak: «Oso gustura eta asebeteta nago egiten ari garen denboraldi hasierarekin. Goiko postuetatik gertu egotea da gure helburuetako bat, eta oraingoz betetzen ari gara. Konfiantzaz gainezka gaude. Gainera, aurten ere Kopa jokatuko dugu».

Aurreko sasoian ere, itxura ona ematen amaitu zuen Espainiako taldeak. Koronabirusak bolada onean harrapatu zuen Etxebarria eta haren taldea: «Gaizki hasi ginen, ez genion batere hasiera ona eman denboraldiari. Partidak jokatu ahala, hobera egin genuen, eta onenean geundenean iritsi zen pandemia… Pena izan zen sasoia ezin bukatzea».

Taldearen hasiera txarrak, baina, ez zuen Etxebarriaren sasoi ona ilundu. Ligako jokalari onenen arteko partidarako izendatu zuten. Ondo jokatzen ari zela baldin bazekien ere, ezustean harrapatu zuen deiak: «Ez nuen espero. Beti pentsatzen duzu beste jokalari bat eramango dutela. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin bertan jokatzeko aukera izango nuenik. Baina oso polita izan zen». Boleibolari ikusgarritasuna ematea du xede partida horrek. Zaleak modalitatera erakartzeko ligako izarren arteko erakustaldi partiden aldekoa da bera: «Asko gozatu nuen izarren arteko partida hartan. Harmailak zaleez beteta zeuden, eta sekulako giroa zegoen. Oso ondo pasatu nuen. Horrelako ekitaldiek on egiten diote boleibolari».

Ezaguna den kirol bat izan arren, boleibolak toki txikia du egun. Jende gutxi aritzen da: «Beste herrialdeekin alderatuz gero, boleibolaren egoera ez da txarra hemen. Baina egia da beste kirolen edo modalitateen mailan ez dagoela».

Horren zergatiak azaldu ditu: «Beste kirol batzuekin alderatuta, oso jende gutxi aritzen da boleibolean. Nire ustez, oso aukera gutxi ematen zaizkio modalitateari hazteko. Ia ez du aukerarik. Beste kirol batzuen parera iristeko edo, nik uste dut zilegi dela behintzat aukera batzuk ematea». Espero du etorkizunean modua izatea horretarako, eta gazte gehiago erakartzea.

Etxean ezin jarraitu

Etxean jokatzen jarraitzeko aukera falta horiengatik, maletak eginbehar izan zituen. Duela lau urtetik, Haron (Errioxa, Espainia) bizi da, eta pozik bizi da: «Hemen,etxean bezala sentitzen naiz. Gainera, etxetik [Galdakao] oso gertu nago. Familia giroko kluba da, eta asko laguntzen digute kanpotik gatozenoi. Ni oso gustura nago hemen».

Hala ere, ez zen erraza izan hara joan eta hutsetik hasi behar izatea: «Zaila egin zitzaidan etxetik joateko erabakia hartzea. Lagunak eta familia atzean uztea ez zen erraza izan. Nik boleibolean jokatzen jarraitu nahi nuen, baina etxean, aldi berean, ikasi eta boleibolean jokatzeko oso aukera gutxi nituen. Familiaren babesa izan dut beti. Eta horrek prozesuguztia asko erraztu dit».

Horixe egitea, ikasketak eta kirola uztartzea, kosta egiten dela onartu du: «Boleibolean hasi nintzenean banekien asko entrenatu beharko nuela, ordu asko sartu beharko nituela. Nik ikasi nuen graduak [Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak] ere esfortzu handia eskatzen zuen, eta ez zen erraza izan. Ondo antolatu behar dira gauzak».

Gustura da azken denboraldietan izaten ari den bilakaerarekin. Geroz eta hobeto ari da jokatzen, baina ez da konformatzen ematen ari den mailarekin: «Azken sasoietan gauza asko hobetu ditut nire jokoan, baina badakit oraindik gehiago hobetzeko aukera daukadala. Nire aurtengo helburuetako bat hori da, ahal dudan guztia hobetzea, ahalik eta esparru gehienetan». Halere, hori ez da bere xederik behinena, taldeak ezarri dituen helburuak betetzeari garrantzi handiagoa ematen baitio Etxebarriak. Talde lanean sinesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.