Arrazoirik ez da falta Osasunaren etorkizunarekin ezkor izateko. Zenbaki hutsak aztertuta, argi dago baikor izatea baino errazagoa dela biderik ezkorrenetik jotzea: azken jardunaldiaren faltan, %18 besterik ez da gorritxoek Lehen Mailari eusteko daukaten aukera. Hargatik, zehaztutako helburu bat lortzeko ezinbestekoa izaten da aukeretan sinestea, eta Oier Sanjurjo Osasunako jokalariak mezu baikorra helarazi zuen atzo, prentsa aretoan. Argi utzi zuen jokalariek mailari eustea beste konturik ez darabiltela buruan bueltaka. Errealitateari begira begiak ixtea dela esango dute batzuek, baina zaleentzat ez da albiste txarra jokalariak zailtasunen aurrean baikor daudela jakitea.
«Ezin dugu beste aukeretan pentsatu, burua pentsamendu ezkorrez betetzen baldin badugu ez baitugu ezer ondo egingo». Horrela hasi zuen azalpena atzelariak. «Nire buruan ez dago halakorik, eta taldekideek ere ni bezala pentsatzen dutela uste dut. Helburua lortzeko hobea da baikor egotea, eta horrexegatik egin nahi diet muzin beste aukera guztiei». Lizarrako jokalariak ongi daki ezinbestekoa dela arreta Betisen aurkako partidan jartzea: «Mailari eustea ez dago gure esku, baina gauza bat daukagu argi, helburua lortu ahal izateko irabaztera derrigortuta gaudela». Haren arabera, horixe da egin beharreko interpretazioa. «Betisen aurka partida ona jokatzea eta hiru puntuak lortzea da gure zeregina. Beste emaitzei begiratu beharko diegu gero, baina sinetsita nago gurea irabaziz gero mailari eustea lortuko dugula».
Egiari zor, Sanjurjo ez da gezurretan ibili ohi den jokalari horietakoa. Adierazpen horiek egin baldin bazituen, mailari eutsiko diotela sinesten duelako izango da. Ez beste ezergatik. Eta jarraitzaileen adorea indartzeko ere balio dezakete adierazpenek. Esate batera, iragan astean Espanyolen zelaian hain partida garrantzitsua jokatu bezperan, Patxi Puñalek eta Javi Graciak hitz egin zuten prentsaren aurrean, eta eurek ez zuten hitz egin batere baikor. Aurpegia bera ere tristeturik zutela agertu ziren prentsa aretora. Baikor egoteko baino, ezkor egoteko mezu gehiago helarazi zituzten orduan. Zale gorritxoak lur jota eta etsitzen hasiak diren une honetan, ordea, lagundu egiten dute Sanjurjoren hitzek. Orain, hitzak zelaira eramatea besterik ez zaie falta.
Badaezpada ere, hori bai, txarrenerako prest ote dauden galdetu zioten kazetariek, etengabe, Sanjurjori, eta erantzun berbera eman zien denei: «Fedea daukagu; geure buruarengan sinesten dugu. Ziur nago azken hilabeteetako partidarik onena jokatuko dugula». Betisek maila galdua izan arren, erraztasunik ez du espero atzelariak. «Ez dute oparirik egingo». Iragan asteburuan Valladolid menderatu zuten espainiarrek (4-3), neurketa iraulita, eta, Sanjurjoren hitzetan, hobe izango da ez fidatzea. «Geurea egin behar dugu guk, eta kito».
Bada, zaleen erabateko babesa izango dute gorritxoek, beste behin. Sarrera guztiak bukatuta daude jada, eta Sadarreko harmailek gainezka egingo dute. «Ez nau harritzen jendearen erantzun onak, etxean jokatzen dugunean beti erantzuten baitute ongi. Eskertzekoa da. Garrantzitsua da euren beroa sentitzea. Dena da garrantzitsua une hauetan, eta ea partida amaieran etxera pozik joateko moduan garen».
Cesar Azpilikuetaren bisita
Zaleena soilik ez, Osasunako jokalari ohien babesa ere izango dute gorritxoek. Besteak beste, Cesar Azpilikueta, Dejan Lekic, Carlos Cuellar eta Nacho Monreal Sadarren izango baitira. Joan den astean Cesar Krutxaga kapitain izandakoaren bisita jaso zuten Taxoaren, eta atzo beste ezusteko bat izan zuten: Cesar Azpilikuetarena. Chelseako jokalaria oporretan dago jada, Espainiako selekzioarekin Brasilgo Munduko Txapelketara joateko itxaropenez. Eta, Iruñean izanik, animoak eman zizkien taldekide ohiei.
Sanjurjo bezain baikor mintzatu zen Azpilikueta kazetarien aurrean. «Londresen bizi naiz orain, baina handik ere beti jarraitzen ditut Osasunaren partidak. Askotan sufritzea egokitzen zait, baina, tira. Denboraldi gogorra izan dute, baina mailari eutsiko diote». Garrantzitsuena burua Sadarren soilik edukitzea dela uste du Azpilikuetak. «Horretan pentsatu behar dute jokalariek, gainerako balizko emaitza guztiak ahaztuta. Zaleen babesarekin, lortuko dute». Dady eta Walter Pandiani Osasunako jokalari ohiek ere bidali dituzte animo mezuak aste honetan, eta taldeari ahalik eta zorterik onena opatu.
Zailtasunen aurrean, baikor
Beste emaitzei begira egon beharko duten arren, Oier Sanjurjo sinetsita dago etzi Betisi irabazita mailari eustea lortuko dutelaZaleek bete egingo dute Sadar, beste behin, eta jokalariek gogotik eskertu dute babesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu