Ados Pilota klubak lehen aldiz antolatu zuen iaz Binakako Txapelketa. Arrakastatsua izan zen: 22 pilotari nor baino nor gehiago aritu ziren bi hilabetez. Horretarako, Ados klubeko kideek lan handia egin behar izan zuten. Babesa izan zuten: BERRIArena, Eusko Labelena eta partidak jokatu ziren herrietako udalena. ETBk ere lagundu zuen oihartzuna izan zezan, eta finala zuzenean eman zuen.
Lehen aldiaren arrakastak hauspotuta, Ados taldeak bigarrena antolatu du: larunbatean hasiko da, Beran (Nafarroa), 18:00etan, eta martxoaren 5ean amaitu, Zumarragan (Gipuzkoa). Finalak jokatuko dituzte egun horretan, 12:00etan. Beraz, lehiak bi hilabete pasatxo iraungo du.
Baina Ados klubak kostata antolatu du bigarren ekitaldia; zenbait zailtasuni aurre egin behar izan die. Handiena, ETBk ez duela partida bakar bat ere emango, eta horren ondorioz, Eusko Labelek ez duela berriro txapelketa babestuko. BERRIAk, ordea, iaz eginiko apustuari eutsi dio: luze eta zabal emango du txapelketaren berri, eta haren marka presente egongo da frontoietan, iragarkietan eta pilotarien elastikoetan.
«Kolpe handia izan da ETBk partidarik ez ematea, eta, horren ondorioz, Eusko Labelek babesle izateari uztea», dio Iera Agirrek. Klubeko pilotari eta ordezkariak azaldu duenez, irailean jarri ziren harremanetan ETBko ordezkariekin. «Esan genien 140 partida baino gehiago antolatu arren, bakarra eman zigutela telebistaz, binakakoaren finala, eta uste genuela gehiago merezi genuela. Gu gara pilotariei denboraldi oso bateko kontratu profesionalak eskaintzen dizkien klub bakarra, eta hori kontuan hartzekoa da, inoiz ez baita halakorik egon».
Baina, eskaera egin eta gutxira, «ezusteko galanta» hartu zuten. «Esan ziguten partida bakar bat ere ez zutela emango». Azalpenak eskatu zizkieten. «Esan ziguten arrazoia zela Emakume Master Cupek eta guk eduki bera eskaintzen dugula, eta ezin dela eduki bera bi aldiz eman. Guk erantzun genien gizonezkoetan egin izan dutela: adibidez, Diario Vasco eta Olazar torneoetako finalak». Baina alferrik. «Azaldu digute hiru urterako kontratua sinatu zutela Emakume Master Cupekin, eta oraindik beste urtebete falta zaiela betetzeko. Argi utzi diegu bidegabea dela, are gehiago haiek badakitelako Eusko Labelen baiezkoa genuela, eta derrigorrez telebista izan behar genuela harekin ituna egiteko».
Kolpe gogorra izan zen, baina ez nahikoa Ados klubeko ordezkarien asmoa zapuzteko. «24 pilotariren eta hogei udalen konpromisoa genuen; tartean, hiri eta herri handi asko daude: Iruñea, Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Tolosa [Gipuzkoa], Durango [Bizkaia], Bera... ETBk ere bazekien hori. Baina alferrik. Baina Ados klubak zerbait ona badu, zera da: familia bat gara. Hala, buru-belarri aritu gara lanean zailtasunei aurre egin eta txapelketa egiteko».
24 pilotariren arteko lehia
Agirrek nabarmendu duenez, haien egoera ikusita «babes handia» eman diete norbanako, udal, enpresa eta komunikabideek; olatu berdea deitu diote jaso duten babes horri. Hala, Hamaika Telebistak agindu die finalerdiak eta finala emango dituela. «Asko eskertzen dugu. Ez dugu babesle handi baten laguntzarik, baina gizartearen babesa dugu; beti nabaritu dugu jendearen estimua eta maitasuna, eta, guretzat, hori garrantzitsuagoa da babesle handi batek laguntzea baino».
Zailtasunak izan arren, Ados klubaren binakakoak aurrera egin du iazkoaren aldean: lehen ekitaldian baino bikote bat gehiago ariko da Lehen Mailan: zortzi. Promozio Mailan, berriz, lau ariko dira berriz. «Asteburuero jokatu beharko dugu, eta hori da pilotarioi gustatzen zaiguna; gozamena da, eta asko betetzen gaitu. Txapelketa indartsua izango da. Bikoteak oso orekatuak daude, eta horrek lehia estua eragingo du. Jokatzeko gogoz gaude».