Zailtasunean, «oso harro»

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak ez du argitu Bilbon jarraituko duen edo ez, baina egindako denboraldia goratu duSasoi honetan eskuratu dutena aurrekoan lortutakoa baino zailagoa zela azaldu du

Marcelo Bielsa, haserre, Mallorcaren aurka San Mamesen jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Ez dut asmatu arrakasta kudeatzen, baina bai ezbeharrei aurre egiten. Sasoia ez da ondo amaituko, oso ondo baizik». Beste behin ere, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak sakonetik aztertu zuen atzo klubaren egoera. «Zailagoa zen sasoi honetako arazoa konpontzea, aurrekoan lortu genuena lortzea baino; oso harro nago», aitortu zuen. Une askotan agur kutsua izan zuen prentsaurrekoak. «Baina inondik inora ere ez interpretatu hori», erantzun zuen. «Behartuta baldin banago bakarrik hitz egingo dut etorkizunari buruz».

Kazetari batekin eztabaida gogor samarra izan zuen entrenatzaileak —aurretik ere sarritan eduki izan ditu antzekoak—, eta, liskar artean, bi denboraldiotan berekin izan duen jarreragatik barkamena eskatu zion argentinarrak. Azkenerako, ordea, prentsa aretotik joan zen kazetaria, haserre. Ordu eta laurden pasatxoko hausnarketa sakonean, tarteka autokritika zorrotza egin zuen Bielsak: «Ez dut jakin izan jokalari bakoitzaren sasoirik onena lortzen denbora tarte luze batean, eta nirea da erantzukizun nagusia». Une honetan 44 puntu dauzka Athleticek —13. postuan dago—, baina denboraldia 55-58rekin amaitzea merezi zutela esatera ere ausartu zen argentinarra. «Bosgarren postutik bederatzigarrenera artekoa da Athleticen postu naturala».

Entrenatzaileak ez zuen argitu Bilbon jarraituko duen edo ez. «Sasoi guztian gertatukoaren inguruan egiten den ebaluazioaren arabera erabakitzen da zer den aldatu beharrekoa eta zer mantendu beharrekoa», adierazi zuen. Eta ebaluazio horren oinarrira jo zuen segidan. «Ebaluazioak ez dira egin behar izaten lortzen denaren arabera, merezi denaren arabera baizik. Ebaluazioa lortu denaren arabera soilik egiten denean, eta lortu dena merezitakoa ez denean, ebaluatzen ari denaren interpretazio jakin bat egiteko arrisku handia egoten da».

Kazetarien adjektiboen kritika

Adibideetara jota, joan den igandean Levanteren aurkako partidaren ondoren kazetariek erabilitako hainbat adjektibo zerrendatu zituen Bielsak: «Oso futbol pobrea, negargarria, hotza, grisa, motela, ideiarik gabea, ahalmenik gabea, eta hartu beharreko erabakietan huts askokoa». Horiek guztiak azken emaitzaren araberako iritziak direla ulertarazita, egin beharreko ebaluazioak nondik norakoak diren ulertzeko, bi iritzi bakarrik onartu zituen. «Inspiraziorik eta zehaztasunik gabea. Bi horiekin bakarrik nago ados». Levanteren aurka «90 minutuetan» baloia eurena izan zela argitu zuen Bielsak. «Aurkariak baino aukera gehiago sortu genituen, eta irabaztea merezi izan genuen».

Lezaman egin zituzten berrikuntza lanen harira, bere garaian salaketa gogorrak egin zituen Bielsak bertako langileetako baten aurka. «Esan nuen guztia egia da», adierazi zuen. «Baina horrekin ez nuen ezer hobetu, eta hamar egun behar izan nituen gero guztia barneratzeko». Aurreko sasoian onena «Javi Martinez» izan zela azaldu zuen argentinarrak. «Eta sasoi honetakoa, Gurpegi». Onena onenaren ordez aldatuta, «eta taldearen gastua hogei milioi euroan murriztu dela kontuan hartuta», balio handia eman zion sasoi honetako lanari.

Athleticeko entrenatzaileak sutsuki goratu zuen bigarren taldea egiten ari den denboraldia. «Eta Ziganda, Amorrortu eta biak hor jartzea erabaki zutenak daude guztiaren atzean». Datorren denboraldirako fitxaketen inguruan, berriz, esan zuen «etete klausula hogei milioi eurotik gorakoa daukatenak kenduta» gainerakoak ez direla gaur egun taldean dauden 22 jokalariak baino hobeak.

Kirol arloari huts-hutsean helduta, Bielsak aldaketa bakarra egingo du bihar Rayo Vallecanoren aurka (21:00): Ibai Gomez ariko da hasieratik, Iker Muniainen ordez —zigortuta dago nafarra—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.