Ikustera noa; non nagoen eta nora hel naitekeen ikustera». Eta ikastera. Eta, nazioarteko probetan irteeretako kokapena hobetze aldera, puntuak pilatzera. Eta akatsak eginez akatsak zuzentzera. Eta... Hitz batean: zailtzera. «Galtzeko ezer ez daukat». Etxeko epelean eta Espainian irabaz daitekeen gehiena irabazita, asteburu honetan sufrituz gozatu nahi du Aitor Hernandezek (Specialized Garmar) Flandrian, Hasselt eta Gavereko probetan; abenduan beste hiru lasterketa egingo ditu inguru haietan. «Eta Munduko Txapelketari begira —Hoogerheiden jokatuko da (Herbehereak)—, nazioarteko beste bizpahiru probatan parte hartzen saiatuko gara».
Errepidean izerditan hasi aurretik, ziklo-krosean hartu zituen ermuarrak lehen berotuak. Eta onartu du garai hura laguntzen ari zaiola etengabeko hobekuntzan. «Hori bai, asko aldatu da ziklo-krosa. Bizikletak, azpiegitura guztia... Dena askoz modernoagoa da orain». Eta badaki Euskal Herritik Flandriarako urratsean ere nabarituko duela aldaketa hori. «Emaitzarekin itsutu gabe, bertatik ikusi nahi dut dena». Ozenegi esan ez badu ere, hogei onenen artean sartzeko erronka txiki bat ere badauka.
«Oso pozik nago lortzen ari naizen emaitzekin». Larria litzateke, bestela. Bederatzi lasterketatan parte hartu eta zortzi irabazi. «Ez nuen uste denboraldi hasieran hainbeste garaipen eskuratuko nituenik, baina...». Urrutira joan gabe, hortxe dauka aurreko denboraldiaren pista. «Hogei garaipen eskuratu nituen, eta ordukoa berdintzea edo hobetzea zen nire helburua». Nahi horri helduta, «motibazioz gainezka», denboraldi-aurrean «prestaketa lan ona» egin zuela aitortu du. «Indartsu nengoela nabaritzen nuen, eta banekien maila horri eutsiz gero, aurrean ibiliko nintzela. Aurreko urteetan baino askoz hobeto ari naiz sentitzen bizikleta gainean».
Teknika landu du bereziki
Aitor Hernandezen hobekuntzari buruz sakon hitz egiteko, Aitor Hernandez bera baino hoberik ez da egongo, ziurrenik. Azken bi urteotan zertan egin duen gora Euskal Herriko egungo ziklo-kroslaririk onentsuenak? «Prestaketak eta esperientziak pisu handia daukate hobekuntzan. Geroz eta prestaketa hobea egiten dut, eta askoz serioago hartzen ari naiz ziklo-krosa». Babesleak aurkitzea izaten da, gehienetan, lanik neketsuena. «Eta denboraldia hasterako baneuzkanez, buru-belarri aritu naiz prestaketa lanetan».
«Indarra, teknika, taktika, abiadura eta burua». Bost ezaugarri horiek uztartu behar direla argitu du gora egiteko. «Mendiko bizikletarekin-eta, teknika landu dut bereziki denboraldi-aurrean; bihurguneetan nola sartu, nola irten... Baina denean hobetu beharra dago, baten batean huts eginez gero, ezinezkoa delako aurrean ibiltzea». Hernandezek Eibarren, Arrate gainean dauka hobekuntzarako zirkuitu kutuna. Hobekuntza horri lotuta, eta krisi hotsak bazter guztietara iristen diren arren, ezkutatzeko inolako asmorik gabe aitortu du ondorengoa: «Ziklo-krosetik bizi naiz, bai. Babesleak aurkituz gero, eta irabazten duzunarekin ados egonez gero, Euskal Herrian, egun, bizi daiteke ziklo-krosetik». Babesleak goxatzeko lan horretan, ermuarrak argi dauka «Espainiako Txapelketa bigarrenez irabazita» asko samurtuko litzatekeela lan hori. «Babesleak aurkitzeko, Munduko Kopako proba batean postu ona lortzea baino garrantzitsuagoa da Espainiako Txapelketa irabaztea».
Bederatzi lasterketatan zortzi garaipen. Eta bederatzi lasterketa horietatik zortzi, barruti lehor eta azkarretan. Joan den igandean agertu zen, lehen aldiz, dezenteko lokatza Elorrioko barrutian. Eta hortxe hartu zion aurrea Egoitz Murgoitiok (Hirumet). Kezkatzeko arrazoirik bai? «Ez, ez. Nik oso gustukoa dut lokatza. Beti ezin da irabazi, eta lehengoan, oso zirkuitu teknikoan, akats asko egin nituen». Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Spiuk) koska bat beherago utzita, Euskal Herrian Hernandez eta Murgoitio dabiltza puntan, baina ermuarrak ez dauka asmorik arerioekin itsutzeko.
Murgoitioren deskribapen zehatza egin du Hernandezek. «Oso txirrindulari ausarta da. Hustu egiten da beti; dena ematen du hasieratik». Ruiz de Larrinaga «desberdina» dela argitu du. «Zentzurik onenean, maltzurragoa da, azeriagoa. Euskal Herriko ziklo-krosaren erreferentzietako bat izan da. Oso txirrindulari ona da». Hirusta hori dabil loratuta, azken urteotan, Euskal Herrian, eta, nazioartean zailduta egin nahi dute hirurek koskatxo bat gora.
Zailduta neurtu nahi du bere burua
Euskal Herrian eta Espainian denboraldiko bederatzi lasterketetatik zortzi irabazita, nazioartean bere burua neurtzeko erronka dauka orain Aitor Hernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu