Maika Ariztegi

Zailduaren patxada

Maika Ariztegik Urrezko Aizkolarien txapela irabazi berri du. Hori lortuta, beste garaipen bat gehitu dio bere palmares bete-beteari. 45 urterekin, bikain eusten dio gazteen indarrari.

Maika Ariztegi, besoak altxatuta, Nerea Sorondo bigarren sailkatua ondoan duela, herenegun, Azpeitian. J. C. RUIZ / ARP.
Julen Etxeberria.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hogeita hamar ehunen besterik ez; horra zer alde egon zen herenegun, Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz pilotalekuan, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalean lehenaren eta bigarrenaren artean. Huskeria bat, baina erabakigarria, alde txiki-txiki horri esker irabazi egin baitzion Maika Ariztegik (Ituren, Nafarroa, 1972) Nerea Sorondori.

«Inoiz ez zitzaidan halakorik pasatu, eta makina bat urte daramatzat lehiatzen», aitortu du Ariztegik, biharamunean. «Nereak eta biok batera eman genuen azkeneko aizkorakada, eta elkarri begira gelditu ginen, ez genekielako zeinek irabazi zuen. Epaileak esan zidan orduan altxatzeko eskua, ni nintzela txapelduna».

Ezustekoa izan zen haren garaipena; ezustekoa, Irune Izkue zelako faborito nagusia: batetik, egungo txapelduna zen; eta, bestetik, irabazi egin zituen txapelketan jokatutako buruz buruko guztiak. Alferrik, azkena sailkatu zen elgorriagatarra —hirugarren izan zen Irati Astondoa—. «Finalak beste kontu bat dira; ezer gutxirako balio du aurretik egindakoak. Nik, adibidez, apal hasi nuen txapelketa, baina behetik gora egin dut. Finalaren bezperan oso ondo ikusten nuen neure burua, eta banuen itxaropena txapela irabazteko. Zorionez, bikain atera zen dena».

«Behar bezala» ospatu zuen txapela. «Familia etorri zen finala ikustera, eta amaitutakoan elkarrekin joan ginen denok ostatu batera, garaipena ospatzera». Lasai joan ziren ospakizunak: «Baserriko lana nuen zain hurrengo egunean». Behar horretan ari zen atzo deia hartu zuenean. «Hemen ez dago jai hartzerik. Hori bai, aitortu behar dut gaur [atzo] ohi baino gusturago ari naizela lanean. Poza daukat sartuta gorputzean. Ilusioa egiten dit beste txapel bat irabazi izanak».

Makina bat txapel

«Beste txapel bat» dio Ariztegik. Eta ondo dio, makina bat baititu irabaziak: hamalau aldiz izan da Euskadiko txapeldun lokotx biltzean, hiru aldiz ingude altxatzean, eta behin irabazi du Urrezko Kopa eta Urrezko Aizkolarien Txapelketa, besteak beste. Horiek guztiak herri kiroletan lortutakoak dira, baina Ariztegik korrika irabazitako beste hamaika garaikur ditu. Kirolari osoa baita. Gutxik izango dute haren palmaresaren parekorik. «Betidanik izan naiz oso kirolzalea. Gozatu egiten dut kirola egiten».

Ezin dira ulertu herri kirolak Ariztegi gabe, ezta Ariztegi herri kirolik gabe ere. «25 urte pasatxo daramatzat herri kiroletan jo eta ke. Biziki maite ditut». Bakarrik aritu da da urte askoan, eta, horregatik, pozik dago azkenaldian gazteak hasi direlako lehiatzen. «Urte askoan egon naiz aizkoran lehiatu ezinik, ez nuelako aurkaririk. Azken urteetan, ordea, gazteak iritsi dira herri kiroletara, eta txapelketak antolatzen hasi dira. Berri bikaina da hori». 2016ko San Tomas egunean Donostian jokatu zen Urrezko Kopa ekarri du gogora. Hura izan zen emakumezkoen lehen aizkora txapelketa ofiziala, eta berak irabazi zuen. «Oroitzapen ederra dut egun horretaz».

Udaberriko eta udako txapelketak eta erakustaldiak ditu zain. Orain arte egin bezala, baserrian prestatuko ditu. «Prestaketa ona da baserrikoa: lan gogorra da, eta sasoiko egon beharra dago. Mendi bueltak ere egiten ditut, eta aizkora ibili. Horrela ondo moldatzen naiz ni». Ikusi besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.