Alberto Munarriz. Waterpolo jokalaria

«Zaila izango den arren, final-laurdenetara iristea izango da gure helburua»

Munduko Igeriketa Txapelketan izango den euskal herritar bakarra da Alberto Munarriz iruindarra. Denboraldi ona egin du Atletic Barceloneta taldean, eta sasoiko helduko dio munduko txapelketari.

ANDREU DALMAU / EFE.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Iruñean San Fermin garaia den honetan, Espainiako waterpolo selekzioarekin dabil lanean, buru-belarri, Alberto Munarriz (Iruñea, 1994). Bihar hasiko da Budapesten Munduko Igeriketa Txapelketa, eta horiek prestatzen dabil Espainiako selekzioarekin. Astelehenean dute lehen neurketa, Greziaren aurka. Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako zazpigarren postuaren arantzatxoa kendu nahiko dute Hungarian.

Izan al duzu sanferminetan gozatzeko betarik?

Bai. Udan ez dugu denbora libre askorik izan, baina asteburuanhan izan naiz familiarekin, lagunekin eta neska lagunarekin, gustura.

Budapesteko munduko txapelketa da hurrengo helburua. Nolakoa izan da prestaketa lana?

Maiatza bukaeran hasi ginen lanean. Nahiko gogorra izan da. Olinpiar ziklo berria hasi, eta jokalari gazte asko sartu dira. Elkar hobeto ezagutzeko lanean aritu gara sei aste hauetan, eta lan ona egin dugula uste dut.

Zer moduz zaude zu?

Ni ondo nago. Denboraldi ona egin dut taldearekin, eta, fisikoa asko landu dugunez, ondo iritsiko gara txapelketara. Konfiantzaz nago.

Zein da zuen helburua?

Gure helburua final-laurdenetara iristea da: Serbia, Grezia eta Hegoafrika izango ditugu multzoan. Multzo zaila da; sailkatuz gero, zuirrenik, AEB edo Errusia egokituko zaizkigu final-zortzirenetan, eta biak ari dira maila onean jokatzen. Helburu zaila da. Gazte asko ditugu, eta epe luzeko proiektua da.

Zein da faborito nagusia?

Serbia, dudarik gabe. Olinpiar Jokoetako txapeldunak dira, eta soilik bi jokalari aldatu dituzte ordutik. Duela zenbait urte Espainia ere faboritoen artean egoten zen, baina egoera asko aldatu da.

Zer garrantzi du munduko txapelketak zuen kirolean? Olinpiar Jokoak baino garrantzitsuagoak al dira?

Ez, Olinpiar Jokoak dira garrantzitsuenak. Pentsa, taldea bera olinpiar zikloaren arabera eratu ohi da. Hala ere, garrantzitsuakdira munduko txapelketak ere, eta talde guztiek nahi dute urrea irabazi.

Iazko Olinpiar Jokoetan zazpigarren izan zineten. Arantzatxoa gelditu al zitzaizun?

Bai, lehen multzoan gogor jardun genuelako, eta oso ondo jokatu genuelako, batez ere. Baina Serbiaren aurka jokatzea egokitu zitzaigun, inork nahi ez zuen taldearen aurka, eta ez genuen irabaztea lortu.

Oroitzapen kuttunen kaxan gordetzen al duzu Rio de Janeiron bizitakoa?

Bai, noski. Nire lehen Olinpiar Jokoak izan ziren, eta ez ditut inoiz ahaztuko. Waterpoloa ez da oso kirol ezaguna, eta gauza handia da guretzat hainbeste jenderen aurrean jokatzea, partidak telebistan ikusgai izatea, hedabideak ere gure berri jakin nahian ibiltzea... Eta, batez ere, munduko kirolari onenekin batera egon, eta haien parte zarela ikustea. Besteren batean ere joan nahiko nuke.

Zure laugarren denboraldia izan da Atletic Barcelonetan. Zein da zure egunerokoa denboraldi osoan?

Jokalari gazte asko gaude taldean, eta bakoitza bere ikasle bizitza eta waterpoloa ongi uztartzen saiatzen da. Astean hiru aldiz entrenatzen dugu goiz eta arratsaldez, eta beste bi aldiz eguerdian. Larunbatetan jokatzen ditugu partidak. Ingeniaritza ikasketak bukatzeko urtebete falta zait, gogoa daukat amaitzeko, denbora asko kentzen dit eta. Gainera, azterketa garaia eta partida garrantzitsuenak batera izaten dira, eta lan gehiegi izaten da aldi berean egiteko.

Aurretik Navarra taldean aritu zinen. Alde handia al dago bien artean?

Bai, gauzak asko aldatzen dira. Atletic Barceloneta talde garrantzitsuena da Espainia mailan. Ia jokalari guztiok gara profesionalak hemen. Denok entrenatzen dugu goiz eta arratsaldez. Hori beste talde batzuetan pentsaezina da, jokalariek beste lanbide batzuk dituztelako.

Bizitzeko lain ematen dizu, beraz, waterpoloak. Hala ere, ez da ohikoena, ezta?

Ez, waterpoloak asko egin zuen behera krisi garaian. Aurretik, ligak maila hobea zuen, eta taldeek ere bai. Jokalariei gehiago ordaintzen zieten. Gaur egun, ordea, egoera oso bestelakoa da, gutxi ordaintzen duten talde ugari daude, eta, hala ere, jokalariek egunean bi entrenamendu egitea eskatzen dute.

Nolatan hasi zinen zu waterpoloan jokatzen?

Familiatik datorkit. Nire aita eta osaba waterpolo jokalariak izan ziren, eta waterpolo klub baten ondoan bizi ginen. Gaztetan, denek bezala, nik ere futbolean jokatzen nuen, baita paddlean ere. Baina nire lehengusuak waterpoloan jokatzen zuen, eta arreta ematen zidan kirol hark. Futbola eta paddlea albo batera utzi, eta waterpoloan jokatzen hasi nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.