Jon Guridi. Realeko jokalaria

«Zaila izango da, baina kanporaketa gaindi dezakegula uste dut»

Joanekoa Turinen jokatu arren, Realarentzat partida «oso garrantzitsua» dela dio Jon Guridik. Azpeitiarraren esanetan, gaur golik jaso gabe irabazteak «ondo bideratuta» utziko luke Manchester Uniteden aurkako Europa ligako kanporaketa.

GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Sasoiko topaketarik distiratsuenetako baten atarian da Reala, eta nabari zaio hori Jon Guridi jokalariari(Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Erdilariaren esanetan, taldeak «garai onean» helduko dio Manchester Uniteden aurkako Europa ligako final-hamaseirenei: «Gure aukeretan sinesten dugu».

Espainiako ligan azken bi partidak irabazita, garai onean helduko al dio Realak gaurko neurketari?

Taldea ondo dagoela uste dut. Azken partidak irabaztea behar genuen, aspaldian emaitzak ez direlako oso aldekoak izan. Taldeak konfiantza handiagoa du orain. Europara hala helduko gara, eta ea kanporaketa txukun bat egiten dugun eta aurrera egin dezakegun.

Manchester United izango duzue arerio. Hitz handiak dira horiek, talde handia baita.

Bai, izen handiko taldea da, normalean Txapeldunen Ligan aritzen dena. Galtzeko gutxi dugula ariko gara; agian, presio gutxiago izango dugu. Uste dut taldea gai dela kanporaketa gainditzeko. Badakigu zaila izango dela, talde ona dutelako, baina guk ere ona dugu, eta horretan sinetsi behar dugu.

Manchester United bolada on batean izan da, orain asko ez dela. Nolako garaia da haien aurka jokatzeko?

Minutu asko pilatu dituzte azkenaldian, eta horrek mesede egin diezaguke. Gainera, gu ere bolada onean gaude.

Realak liga soilik izan du jokoan azken asteetan. Astean zehar atseden gehiago izateak on egin al dizue?

Bai, azken bi asteetan ez dugu jokatu astean zehar. Taldeak behar zuen hori, pixka bat: hilabete hauetan tratu handia jaso dugu, eta aldeko faktore bat izan daiteke. Fisikoki talde indartsua dugu, eta lana eman diezaiokegu.

Bi neurketako kanporaketa jokatuko duzue. Gaurko joanekoan emaitza ona lortzea gako izango al da aurrera egiteko?

Bai, noski. Ez dugu Anoetan jokatuko, baina etxeko partida da gaurkoa. Garrantzitsuena golik ez jasotzea izango da, eta, alerik jaso gabe irabazten badugu, kanporaketa ondo bideratu hala izango dugu.

Jokalari on askoak ditu Manchesterrek, baina Paul Pogba izarra ez da ariko. Ona da hori zuentzat?

Bai. Jokalari onentsuenak ez jokatzea seinale ona da guretzat. Halere, haren ordez beste bat ariko da, eta hura ere ona izango da. Horri ez diogu gehiegi erreparatu behar; gehiago zentratu behar dugu gure lanean. Hor jarri behar dugu konfiantza.

Lehen aipatu duzu etxeko neurketa izan arren ez zaretela Donostian ariko. Turinen (Italia) jokatuko duzue. Horrek grazia kenduko al dio kanporaketari?

Publikorik gabe jokatzeak kentzen dio grazia. Eta bai, Anoetan jokatzea ederra izango litzateke, baina tira: zelai eder batean jokatuko dugu, eta kanporaketak balio bera du. Beraz, huraxe gainditzean dugu ilusioa.

Itzulerako neurketa Old Trafforden jokatuko da, Manchester Uniteden zelaian bertan. Horrek kanporaketa desorekatzen al du?

Ez dakit zer esan. Egia da norbere zelaian ohituta egonda agian aldeko izan daitekeela, nahiz eta publikorik egon ez. Zaleen faltarekin, ordea, zaratarik ez da izaten, eta kanpoan jokatzearen sentipena txikitu egiten da. Agian aldeko gehiago izango dute, baina ez dakit.

Zeuk ezagutzen duzu Old Trafford. Realaren talde nagusiak 2013an han jokatu zuenean, bertan zinen, gazte mailako taldearekin Youth Leagueko neurketa jokatu baitzenuten Manchesterreko gazteen taldearen kontra. Zer oroitzapen dituzu?

Bai, guk ere Manchesterren jokatu genuen ordu batzuk lehenago, eta irabazi egin genuen [0-1]. Gero, gauean, Old Traffordera joan ginen, nagusien partida ikustera. Galdu egin zuten, baina oroitzapen ederrak ditut: izugarrizko estadioa zen, giroa ere sekulakoa... Alde horretatik, pena izango da datorren astean halako girorik ez egotea.

Urte hartan gazte mailan zeunden. Orain, talde nagusiarekin jokatuko duzu Europan. Zer sentitzen da halakoetan?

Garai onak dira. Azkenean, talde onentsuenen aurka jokatzen duzu. [2018an] belauneko lesiotik osatu nintzenean, urtarrila zen, eta Reala Europan zegoen. Fitxa egin zidaten, eta Salzburgera [Austria] joateko aukera izan nuen, nahiz jokatu ez. Orain, erabat osatuta, bestelakoa da. Lehen taldeko partaidetza hori gehiago igartzen da; sekulako gogoa dut alde horretatik.

Sasoi honen hasieran ere minduta egon zinen, bi aldiz. Arazo horiek gaindituta, boladarik onenean al zaude?

Pare bat lesio izan ditut, iskiotibialean eta koadrizepsean, baina azkenaldian ondo dago. Gainera, jokatzen ari nintzen, eta gauzak ondo egiten, ustez. Fisikoki ondo sentitzen naiz. Ez dakit garairik onenean nagoen, edo horra iristen. Partidak igaro ahala, hobeto sentitzen naiz.

Oro har, nola laburtuko zenuke Reala egiten ari den sasoia?

Uste dut taldea oso ondo ari dela, sasoi hasieratik. Liga hasitakoan, asko irabazten genuen, eta emaitzak lagungarri izan ziren. Horrek ez du esan nahi gerora okerrago jokatzen genuenik eta irabazteko meriturik egiten ez genuenik. Azkenean, futbola da, eta ondoen aritzen denak ez du zertan irabazi. Iruditzen zait taldea ondo jokatzen ari dela.

Arlo pertsonalean, nola zaude zu?

Gustura. Emandako aukerak aprobetxatzen ari naizela uste dut, eta horrela jarraitu nahi nuke: egunerokoan saiatzen, jokatzen dudanetan ahalik eta ondoen egiteko.

Sasoi hasieran izandako lesioak tarteko, zazpigarren jardunaldira arte ez zenuen jokatu, eta gerora ere geratu egin behar izan zenuen. Horrek guztiak bilakaera eten al dizu?

Lesioek bilakaera eteten dute, bai. Erritmoa moztu egiten du, baina egia da fisikoki nahiko ezaugarri onak ditudala, eta hilabete geldirik egon naizenean ere berehalakoan hartu dudala erritmoa. Hasieran moztu zidan apur bat, baina indartsuago itzuli naiz.

Iaz Mirandesen aritu zinen, utzita. Egonaldi horrek mesede egin al zizun?

Bai, noski. Behar nuen, gainera. Sasoia Sanserekin [Reala B] hasi nuen, sei hilabeteko osatze plan bat jarri eta gero. Banekien irten egin beharko nuela; 23 urte baino gehiago nituen, eta atzetik zetozenei minutuak kentzen nizkien. Mirandesera joateko aukeraizan nuen, eta uste dut oso ondo joan zela: lehen urtean, Bigarren Mailara igo ginen, eta hurrengoan, denboraldi oso ona egin genuen.

Zertan hobetu zinen Miranda Ebron?

Lesiotik han osatu nintzen erabat. Minak eta arazoak han bukatu zitzaizkidan. Gainera, nire herritik [Azpeitia ] ez dago oso urruti, baina jende berria zen, eta bakarrik bizitzen ikasi nuen. Mentalki indartsuago egin ninduen.

Orain, Realean egonkortzen ari zara, eta zaleen gustuko bilakatu zara: bada magikoa deitzen zaituenik. Nola jasotzen dituzu laudorio horiek?

Gustura entzuten dira halakoak. Txarrak ere seguru egongo direla, eta onartu egin behar dira halakoak ere. Saiatzen naiz halako gauzak ez irakurtzen, nahi ala ez mentalki eragin dezaketelako.

Datorren urtean amaituko zaizu Realarekin duzun kontratua, eta jada Roberto Olabe futbol zuzendariak esan du klubak akordioa berritzeko asmoa duela. Zeuk ere bai?

Bai, ari gara negoziazioetan. Ea bi alderdiak lehenbailehen ados jartzen garen eta akordioa aurki heltzen den. Asmoa hori da: Realean segitzea.

Taldeak lesio dezente izan ditu azkenaldian. Zer azalpen aurkitu diozue horri?

Gogor entrenatzen denean, hori gerta daiteke. Egia da lesio dezente izan ditugula, baina gehientsuenak osatu gara. Partida garrantzitsuak ditugu aurrean, eta denon beharra izango dugu haietan.

Bosgarrenak zarete ligan, eta Europako final-hamaseirenei ekingo diozue gaur. Gero, Espainiako Kopako iazko finala duzue jokatzeke. Urte sasoia kontuan izanda, espero zenuten bezala zaudete?

Bai. Taldearen helburua Europan multzoen fasea gainditzea zen, eta lortu genuen. Ligan ere ondo kokatuta gaude, nahiz eta puntu gehiago izan genitzakeen. Bi asmo horietan ondo gaude. Pena izan da aurtengo kopatik kanpo geratzea, baina iazkoa dugu hor. Urteko partidarik garrantzitsuena izango da, bai guretzat, bai zaleentzat.

Superkopakoa pena izan zen.

Bai, pena. Jokoan nagusi ere izan ginen: beste helburu berriei heldu behar diegu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.