Kito. Nahikoa dela erabaki du Mikel Astarlozak (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979). Oraindik badauka indarra barruan, baina burua nekatu zaio. «Neuk erabaki nahi nuen noiz utzi, eta halaxe egin dut». Euskaltelekin batera amaituko da pasaitarraren profesionaletako ibilia. «Gehixeago egin nezakeen arantzarekin, eta ez Girorik eta ez Paris-Roubaix-ik lehiatu ez izanaren penarekin». Gehienetan bezala, agurrean ere zaleak izan ditu gogoan. «Eta, bereziki, BERRIAren irakurleak. Hamabi urte izan dira profesionaletan, eta hamabi urte Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko kolaboratzaile gisa». Pekingo Itzulian amaituko da 2002an Ag2r Frantziako taldean hasitako bidea.
Amaitzen ari da denboraldia. Txinarako joan-etorriarekin, akabo Euskaltel-Euskadiren bidea.
Bai... eta pena da. Txinako lasterketa da denboraldiko azkena. Urtarrilean hasi ginen Down Under itzuliarekin, eta Pekingoa izango da World Tourreko azkena; zoritxarrez, baita Euskaltel-Euskadiren hogei urteko ibilbideko azken lasterketa ere. Euskal Herriko txirrindularitza zaletasuna aintzat hartuta, kolpe handia izango da. Gazteek ez dute izango nora joan, eta bere ondorioak izango ditu horrek. Hori bai, euren ametsei eusteko eskatuko nieke atzetik datozen gazte horiei.
Txirrindulariok nola ari zarete bizitzen azken egun hauek?
Euskaltel-Euskadik ez zuela jarraituko esan ziguten eguna izan zen gogorrena. Behin-behineko neurriak ziren hortik aurrerako guztiak, Alonsok taldea eros zezakeen zurrumurrua tartean. Orain taldean gaudenoi jarraitzeko aukera eskainiko zigun, agian. Baina etorkizunari begira inondik inora ere ez zen irtenbidea. Tropelean eta Espainian talde bat gehiago egongo zen, baina Euskal Herriko txirrindularitzarentzat Euskaltelen itxiera izan zen berririk txarrena. Horren eraginez, urtetik urtera, eta Tourrean bereziki, geroz eta euskal txirrindulari gutxiago izango dira. 2003ko Tourrean hogeitik gora ginen; aurten hamahiru izan gara; eta bospasei urte barru ziur nago bizpahiru besterik ez direla izango.
Denboraldia amaitzen ari da, Euskaltel-Euskadiren bidea ere bai... Eta Mikel Astarlozarena?
Denboraldi hasieran banekien azkena izan zitekeela aurtengoa, eta amaitu arte zain egon naiz erabakia hartzeko. Asteburu honetan bertan erabaki dut, azkenean, txirrindularitza profesionala utziko dudala. Hamabi urte igaro ditut UCI mailan, eta oso harro nago egindako guztiarekin. Gauza asko eman dizkit txirrindularitzak, eta inoizko erabakirik zailena izan da, baina iritsi da uzteko garaia. Taldea desagertzeak, agian, are bereziago bihurtu du nire erabakia, baina lagundu egin dit, neurri handi batean.
Atzera bueltarik gabea da erabakia?
Bai, bai. Uda guztian eduki dut ideia hori buruan, eta seguru ez nengoelako ez nuen esaten ezer. Baina behin Vuelta igarota, lasterketa bakarra geratzen zait amaitzeko, eta argi neukan azken proba baino lehen erabaki behar nuela jarraitu edo ez.
Kirolari batentzat oso zaila izaten da erretiroaren garaia. Jarraitzeko edo ez jarraitzeko, zein baldintza jarri zenizkion zeure buruari?
Oso argi neukan jarraitzekotan egungo mailan jarraitu nahi nuela; hau da, World Tour mailan. Betiko lasterketak lehiatu nahi nituen; dela Tourra, dela Giroa... Hamabi urtez aritu naiz lehian lasterketa horietan, eta neure burua ez nuen ikusten, adibidez, Turkiako Itzulian lehian. 34 urte betetzera noa, ibilbide txukuna egin dut, eta neure burua ez nuen ikusten beste tropel mota batean. Kirol bizitza maila gorenean amaitu nahi nuen, eta halaxe egingo dut.
Eskaintzarik izan duzu? Jarraitzeko aukera bazeneukan?
Bi eskaintza neuzkan mahai gainean, baina ez ziren nire gustuko eskaintzak; kirol arloan, bereziki. Tourra izan da niretzat lasterketarik garrantzitsuena. Itsututa nago itzuli horrekin, ohorea izan da bederatzi aldiz parte hartze hutsa, eta horixe izan da erabakia hartzeko beste arrazoietako bat: eskaintza egin zidaten bi taldeek ez zidatela ziurtatzen Tourrean parte hartzea. Etxeko taldean ez aritzeak ere zaildu egiten zuen aurrera egitea, eskaintzak ez ziren erakargarriak, eta baldintza guztiak aintzat hartuta, erraz samar hartu dut, azkenean, erabakia.
34 urte betetzear zaudela, hustuta dago jada gorputz hori?
Ez. Fisikoki beste bizpahiru urtean maila onean jarrai nezakeela uste dut. Baina txirrindularitzan, beste hainbat kiroletan bezala, buruak agintzen du, eta urtea ez da erraza izan. Niretzat kolpe handia izan da taldea desagertzea. Etxean aritzearen aldekoa izan naiz beti, eta sinetsi egiten nuen gure herriko proiektu honetan. Fisikoki ondo nago, baina burua nekatu samar daukat bizi izan ditudan egoera zailen ondorioz.
Fernando Alonsoren egitasmoarekin eduki zenuen itxaropenik beste urtebetez tropelean jarraitzeko?
Bai, bai. Hori izan da nire azken itxaropena edo eguzpi printza. Etxeko taldea izan ez arren, talde handia izango zen, eta egun Euskaltelen gauden batzuek bertan jarraitzeko aukera izango genuen edo zuten. Talde horretan jarraitzeko aukera izanez gero, jarraituko nuen; harro onartu beharra daukat hori. Baina ezinezkoa izan da azkenean, eta arrazoi askoren ondorioz hartu dut erretiratzeko erabakia.
Bide luze bat amaituta, hemendik aurrera, zer?
Zoritxarrez, ez dakigu egiten pedalei eragitea ez den beste ezer, eta... [barrez]. 22 urte daramatzat buru-belarri txirrindularitza munduan sartuta, eta ideiarik ere ez daukat zer egingo dudan. Oraingoz, abenduaren 31ra arteko kontratua daukat, eta neure burua bizimodu berrian kokatu beharko dut hortik aurrera. Gauza batzuk faltako zaizkit, ziur, baina beste asko irabaziko ditut.
Baikorra zara izatez, baina zerbaitek beldurrik ematen al dizu? Zuzendari lanetan, akaso, txirrindularitza munduari helduta jarraituko duzu?
Ez, beldurrik ez daukat, baina irrika bai, argi dagoelako dezente aldatuko zaidala eguneroko bizimodua. Zuzendari titulua aterata daukat aspaldi, eta onartu beharra daukat txirrindularitzari lotuta jarraitzea gustatuko litzaidakeela. Hainbat komunikabidetan egin ditut kolaborazioak eta mundu horrek ere dezente erakartzen nau. Baina ikusiko dugu, oraindik goiz delako ezer erabakitzeko.
Hasierakoari begiratzeko tentazioa izaten da gehienetan bukaeran.
Iñigo Chaurreau lehengusuarekin batera, 2002an eduki nuen aukera profesionaletan debuta egiteko, eta oso garai polita izan zen hura, 2003ko Down Under itzuliko garaipena tartean. Beste herrialde bat, beste hizkuntza bat, beste kultura bat... Bost urte igaro nituen han, eta azken zazpietan etxekoekin lehiatzeko aukera izan dut. Ezin dut eskatu gehiago.
Nola gogoratzen duzu 2009a? Tourreko garaipena eta positiboa; zerutik lur azpira bi asteko tartean.
Kirol maila aztertuta, 2007tik 2009ra artekoak izan ziren nire urterik onenak; erregularrenak. Tourreko etapa bat irabazita, 2009an bete nuen betidanik eduki nuen ametsa. Baina hamar egun geroago iritsi zen amesgaiztoa. Bi mutur horiekin gogoratzen dut urte hura, baina oso harro sentitzen naiz egindako eta esandako guztiaz. Berriz ere berdin jokatuko nuke horrelako zerbait gertatuz gero. Jende askok eman zidan babes handia garai txar horietan, oso babestuta sentitu nintzen, eta hori gogoratuko dut.
Epaitegietan jarraitzen du, oraindik, auzi horrek. Jendeak Mikel Astarloza beti auzi horrekin lotuko ote duen beldurrik edo amorrurik bai?
Espero dut jendeak nire izena beti kontu horrekin ez lotzea, nire kirol ibilbidea hori baino gehiago izan delako. Nik, behintzat, ez dut amesten horrekin. Zigorra bete nuenetik hiru urte bete dira, eta egia da auziak epaiketa zain jarraitzen duela. Banekien luze joko zuela, eta ez nago harrituta.
Mikel Astarloza. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Zaila izan da, baina iritsi da uzteko garaia»
Proiektu erakargarriren baten zain, bere buruarekin hizketan aritu da Mikel Astarloza azken egunotan, eta, profesionaletan hamabi urte igaro ondoren, amaitzeko garaia dela erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu