Eskubaloia

Zaila erraz egiten du

Bidasoaren bolada onak, Artalekuko giro beroak eta Euskal Herriak erakarrita iritsi da Leo Maciel atezain argentinarra Irunera. «Gustura» dabil.

Leo Maciel. JON URBE / FOKU
Leo Maciel, Artaleku pabiloiaren kanpoaldean. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Irun
2024ko urriaren 5a
05:10
Entzun

«Badirudi ez duela ezer egiten, eta dena gelditzen du». Halaxe definitu du eskubaloi atezain batek Leo Maciel (Buenos Aires, 1989) Bidasoako atezaina. Macielek irri egin du hori entzun duenean. «Askotan esan didate. Atezain batzuek geldiketa ikusgarriak egiten dituzte. Nik ez. Nik aurkariak aztertzen ditut, eta saiatzen naiz haiei aurrea hartzen. Esperientziak mesede egiten dit».

Sobran du. Hamargarren urtea du Espainiako Ligan. «Denetarik bizi izan dut, eta horrek lagundu egin dit», azaldu du. Lokatzetan aritu baita: Octaviorekin eta Zamorarekin, Ohorezko B Mailan jokatu zuen, eta biekin igo zen Asobal ligara. Gero, lau urtez jokatu zuen Cuencan, eta elkarrekin egin zuten gora. Gorenera iritsi zen bera: Bartzelona ahalguztidunak fitxatu zuen, eta urtebetez ia guztia irabazi zuen; tartean, Txapeldunen Liga. Sporting Lisboan aritu zen azken bi sasoietan, eta han ere tituluak lortu zituen. Argentinako selekzioarekin ere ibilbide oparoa egin du: bi Olinpiar Jokotan eta lau munduko txapelketetan aritu da.

Hori dela eta, Mehdi Harbaouik Bidasoa utziko zuela esan zuenean, klubak azkar bota zion sarea. Ez zen lehen aldia. «Aurretik, behin baino gehiagotan aritu ginen hizketan, baina ez zen egin fitxaketa». Oraingoan, bai. Bi sasoirako sinatu du. «Asobal ligan jokatu nahi nuen berriro, eta Bidasoa oso ondo ari da; talde aproposa da beste aurrerapauso bat emateko. Bestetik, Euskal Herria ezagutu nahi nuen. Bi nahi horiek bete ditut. Oso pozik nago».

«Sasoia oso gogorra izango da: liga oso parekatua dago, eta Europan ere lehiatu behar dugu. Baina ondo ari gara»

LEO MACIELBidasoako jokalaria

Betidanik izan du gustuko Bidasoa. «Jokalari asko eta lehiakorrak izan ditu beti, baita berezko jokamoldea ere. Klub historikoa izatea pizgarri da haientzat, onenekin borrokatzeko. Agerikoa da azken urteetan lortu dutela». Ilusioa pizten dio Artalekun etxekoa izateak. «Aurkari izan naizenean sentitu dut nola estutzen duen pabiloiak. Sarritan sufritu dut: Zamorarekin, galdu egin nuen igoera ligaxka bateko finala. Sportingekin, berriz, galdu egin nuen iaz. Bidasoa beti iruditu zait oso talde borrokalaria». Ustea indartu zaio. «Gure asmoa da zaleak gurekin egotea eta gurekin disfrutatzea. Denboraldia oso gogorra izango da: liga oso parekatua dago, eta Europan ere lehiatu behar dugu. Baina ondo ari gara».      

Deigarri egin zaio zenbat gazte dabilen klubean. «Une oro ikusten ditugu neskak eta mutilak entrenatzen. Horrek agerian uzten du klubak garrantzi handia ematen diola harrobiko lanari. Horri esker, gazte dezente entrenatzen dira gurekin; jokalari onak dira».

Bidasoak oinarri ia osoari eutsi dio. Hura eta Theodoros Boskos besterik ez dira berriak. Horrek «mesede» egingo diela uste du. «Ona da jendeak elkar ezagutzea; errazagoa da egitekoa. Ni pixkanaka ari naiz egokitzen». 

Jokalariak ez dira aldatu; bai, ordea, entrenatzailea: Alex Mozas ari da Jacobo Cuetararen ordez, hark taldea zortzi urtez zuzendu eta gero. Berria izanik, Macielek ez daki zer aldatu den, baina «oso pozik» ari da Mozasen esanetara. «Oso langilea da, eta entrenamenduak oso intentsuak dira». Horietan, «hiruko polita» osatu du beste bi atezainekin: Jakub Skrziniarzekin eta David Failderekin. Skrziniarz eta Maciel aritzen dira atean partidetan. «Ondo moldatzen gara. Hala behar du, postu zaila baita atezainarena. Gustura entrenatzen gara, eta partidetan ondo ari gara. Beti dago zer hobetua, baina bide onean gaude».   

Itxaropentsu dago, baina zuhurra da aldi berean. «Uste dut taldea ondo lehiatuko dela. Baina partidaz partida joan behar dugu. Arandan berdindu egin genuen, eta Bartzelonaren aurka galdu; azken hori normaltzat jo daiteke. Huescari, berriz, ondo irabazi genion. Orain, Cuenca hartuko dugu [gaur, 17:00etan], eta, jarraian, Europako lehen partida jokatuko dugu [asteartean, Chrobri Glogowen aurka, Artalekun, 20:45ean]. Ez dago denbora askorik batetik bestera. Ondo indarberritu behar dugu, eta bete-betean heldu hurrengo partidari. Ezin dugu pentsatu hurrengo partidan aurrekoa bukatu arte».

Irakurle amorratua

Eskubaloiaz gain, badu beste pasio bat: irakurle amorratua da. «Oso txikitatik dut zaletasuna». Bete-betea du liburu elektronikoa. «Saiatzen naiz irakurtzen ditudanak kentzen, baina, hala ere, 50 baino gehiago ditut hortxe, irakurtzeko prest».

«Euskara ikasteko online ikastaro batean eman dut izena. Ea laster heltzen diodan. Polita litzateke euskaraz hitz egitea»

LEO MACIELBidasoako jokalaria

Autobus bidaietan irakurtzen du gehien. Bat bukatu, eta beste batekin hasten da. «Alejandro Jodorowskyren Psicomagia irakurri berri dut, eta, orain, Ken Wilberren Cuestiones cuánticas irakurtzen ari naiz. Liburu bat baino gehiago irakurtzen dut aldi berean. Gustuko idazle asko ditut: Borges, Cortazar, Murakami, Hemingway... Orain, Mariana Enriquezek liluratuta nauka».

Bazuen euskararen berri Euskal Herrira etorri aurretik. «Banekien aspaldiko hizkuntza bat dela, eta niri horrek interes handia pizten dit. Horregatik, euskara ikasteko online ikastaro batean eman dut izena. Ea laster heltzen diodan. Polita litzateke euskaraz hitz egitea. Hitz batzuk badakizkit: kaixo, agur, egun on, ongi etorri... Orain arte ez ditut erabili, baina konturatu naiz keinu polita litzatekeela horiek erabiltzea». 

Euskal Herria ezagutzeko gogoa zuen, eta jada ari da horretan. «Aurreko igandean bikotekidea eta biok Oiartzunera [Gipuzkoa] joan ginen. Ikaragarria izan zen mendi eta baso artean ibiltzea. Halakoek aste guztirako indarra ematen didate».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.