Eugenio Goikoetxea. Caja Ruraleko zuzendaria

«Zaila da txirrindulari irabazleei denbora askoan eustea»

World Tourraren itzalari aurre eginda, lasterketa bakoitzean erasoka ibiltzeko prest dago Eugenio Goikoetxea. Gipuzkoarrak txalotu egin du Muriasen sorrera, eta garrantzia kendu dio Giroaren ezezkoari.

Eugenio Goikoetxea, eskuinean, entrenamendua hasi aurretik David Arroyori azalpenak ematen. CAJA RURAL.
unai zubeldia
Donostia
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Presentzia». Hori da Eugenio Goikoetxearen agindua (Hernani, Gipuzkoa, 1969). «Talde borrokalaria nahi dut». Caja Rural Kontinental Profesional mailan sendotuta, hernaniarrak «lehiakortasuna» eskatu die txirrindulariei. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Vuelta begiz joak dituztela, gaur arratsaldean aurkeztuko dute taldea.

Zortzi hutsune eta zazpi fitxaketa. Nahi zenuten taldea osatu duzue?

Gustura gaude osatu dugunarekin. Kontuan eduki behar da Kontinental Profesional mailako talde txiki bat dela gurea, eta ezinezkoa dela punta-puntako txirrindulariak fitxatzea. Luis Leon Sanchez etorri zen iaz, baina Caja Rural ez da haren neurrira egindako taldea. Momentu jakin batean etekina atera diogu elkarri, baina argi zegoen talde indartsuago batera joango zela. Multzo orekatua daukagu, hala ere.

Luis Leon Sanchez galdu bai, baina igotzaile on bat fitxatu duzue: Sergio Pardilla.

Bai... Txirrindulari ezaguna da Sergio. Iaz, Vueltan, lehen hamarren artean sartzeko borrokan ibili zen —17. amaitu zuen—, eta igotzaile fina da. Fitxaketa ona da guretzat, eta beretzat ere bai, ardura hartu beharko duelako.

Vueltako mendiko maillotaz gain, bost garaipen lortu zenituzten 2014an. Hori da maila?

Bi interpretazio egin daitezke: irabazitako lasterketen araberakoa bat, eta taldeak izan duen oihartzunaren araberakoa bestea. Antolatzaile askok eskatzen digute euren probetara joateko. Talde borrokalaria da gurea, itxura ona ematen dugu, protagonistak izatea gustatzen zaigu... Oso garestiak dira txirrindulari irabazleak; ezin ditugu fitxatu. Gustura nengoke jarrera lehiakorra izan ez ezik talde lanarekin bospasei garaipen lortuko bagenitu.

Presentzia eskatzen zaio beti Caja Rurali, baina talde handiagoen erakusleihoan jartzea esan nahi du horrek.

Hori da, agian, talde gaztea edukitzearen alderik txarrena. Txirrindulari gazte, borrokalari eta onak pare bat urtean soilik ibiliko dira gurekin, eta beste nonbaitera joango dira gero. Zaila da txirrindulari irabazle horiei taldean denbora askoan eustea.

Ekonomikoki, nola dago Caja Rural?

Egonkortasuna lortu du taldeak, baina, babesle handiagoren bat etorri ezean, gaur-gaurkoz ezin da askoz gehiago hazi. Garaiotan, ez da gutxi egonkortasuna lortzea, baina ezinezkoa da esatea proiektuak hamar urterako indarra daukan edo bi urte barru desagertuko den. Ondo aztertu beharko dugu UCIk zein asmo dauzkan, baina Vueltaren gonbidapena jasotzen dugun bitartean jarraitzeko segurtasuna daukagu.

Euskaltel desagertuta, Muriasek oihartzun handia lortu du Euskal Herrian. Caja Rurali kalte egin dio sorrera horrek?

Ez, ez. Denontzat hobea litzateke horrelako talde gehiago sortzea. Getxora edo Ordiziara joan, eta ez da gauza bera inguruko lauzpabost talde egotea edo bakarra agertzea. Muriasek Euskal Herrira mugatu nahi du merkatua, eta gure babeslea, azken batean, Espainia mailakoa da. Orain, hiru bizkaitar eta nafar bat dauzkagu taldean, baina 2016an, agian, hiru gipuzkoar izango ditugu, Gaztela-Mantxako edo Andaluziakoren batekin batera. Murias ez da gure etsaia, inondik inora.

Caja Rural hemeretzi txirrindulariko taldea da, eta lau dira euskal herritarrak. Gutxitxo, aukeran?

Movistarri ere gauza bera gertatzen zaio. Taldea nafarra da berez, baina ez dut uste txirrindulari nafar asko dauzkanik [Imanol Erbiti eta Enrique Sanz]. Egitura nafarra daukagu guk ere, eta sei urte daramatzagu profesionaletan. Afizionatuetan, berriz, hogeitik gora. Lau euskal herritar dauzkagu orain, baina sei izango dira, agian, laster, eta inoiz gerta daiteke bakar bat ere ez izatea.

Kirol arloan, hasiera ez da oso ona izan, min hartuta daudelako Javier Aramendia, Amets Txurruka eta Carlos Barbero.

Batzuen gaitza ona izaten da besteentzat, eta, tira, berez geroago hasi behar zuten gazteak gogotsu eta ilusioz daude egutegia aurreratzeko. Martxo alderako talde guztia bete-betean izatea espero dut, hala ere. Ez dut uste gertueneko lasterketetan galera oso handirik izango dugunik.

Benetako itxaropenik bazeneukaten Italiako Girora joateko?

Ez, ez. Uste dut ingurukoen ilusioa zela gehiago. Kontinental Profesional mailako lau talde daude Italian, eta normala da Giroak gonbidapenak haiei ematea. Kontu horrekin ez dugu sentitu inolako frustraziorik.

Euskal Herriko Itzuliaz, Donostiako Klasikoaz eta Vueltaz gain, gonbidapenik jaso duzue World Tourreko probaren baterako?

Ez. Baina gu ere ez gara mugitu askorik. Guretzat zaila da World Tourreko egutegian sartzea. Egitura osoagoa beharko genuke, gainera; hemeretzi txirrindulariren ordez, 22 beharko genituzke, beharbada; laguntzaile gehiago ere bai... Egutegi ona daukagu World Tourretik kanpo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.