Eskubaloi partida handia dago gaur Irunen, Artaleku kiroldegian (20:45, ETB4): Europako Ligako final-zortzirenen barruan, joanekoa jokatuko dute Bidasoak eta GOG Gudmek. Itzulikoa gaur zortzi izango da, Danimarkan.
Ez da edozein talde kanporaketa honetako aurkaria. «Txapeldunen Ligako maila dauka», esan zuen atzo Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak. Datu argigarria eman zuen: «Bere herrialdeko ligan lehen postuan doa, eta bost puntu ateratzen dizkio Alborg bigarren sailkatuari. Bada, bigarren doan horrek sailkapen buru bukatu du Txapeldunen Ligako A multzoan». Cuetarak aipatu ez zuen beste datu bat ere bada, joan zen asteburukoa: Alborgek Kopako finala irabazi zion Gudmeri (30-27).
Datuak datu, eta aurkariak aurkari, entrenatzaileak aurreratu zuen Bidasoak beti egin ohi duena egingo duela: «Geure buruarengan sinesten dugu. Ezinezkoa dela ez dugu inoiz pentsatzen. Dakiguna egin behar dugu, eta ahalik eta zailtasun handienak jartzen saiatuko gara. Lortu genuen hori aurreko fasean, Wisla eta Fuchsen aurka».
Ondorioa izango da Gudme estu hartzeko nahi hori betetzea, eta, horretarako, helburu batzuk osatuz joan beharko du etxeko taldeak. Cuetarak aurreratu zuen zein diren: «Ez zaigu komeni erritmo bizian jokatzea, haien bereizgarrietako bat hori delako, azkar jokatzea eta kontraerasoa baliatzea. Guk gurean jokatzea ezinbestekoa izango da». Hori bai, edozertara moldatzeko gai direla gaineratu zuen: «Partida gol gutxikoa edo askokoa izan berdin zaigu. Gustura jokatu behar dugu: hori da funtsezkoa».
Hori bizi ahal izango ez duena Jon Azkue da, osatzen ari baita eskuin eskuko lesiotik. Rodrigo Salinas jokatu ez jokatu dago, ezker sorbaldan min hartu zuelako Espainiako Kopako partidan, ostiralean. Gudmenen izarra faltako da: Mathias Gidsel albokoa. Hallgrimsson atezaina ariko den edo ez zalantzan dago.
Zaila bai, ezinezkoa ez
Bidasoak Europako Ligako final-zortzirenetako joaneko partida du gaur GOG Gudme Danimarkako taldearen aurka, Artalekun (20:45, ETB4)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu