Atletismoa. Munduko Txapelketa

Zail izango dute nabarmentzea

Lau euskal herritar ariko dira Londresen, Munduko Atletismo Txapelketan, gizonezkoak guztiak: Carlos Tobalina pisu jaurtitzailea, Adrian Valles pertika jauzilaria, Ivan Fernandez maratoilaria eta Sergio Fernandez hesidunetako korrikalaria.

Carlos Tobalina, Adrian Valles, Ivan Fernandez eta Sergio Fernandez, denboraldi honetan lehiatzen. BERRIA-EFE.
Julen Etxeberria.
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Euskal atletismoak hondoa jo zuen duela lau urte, hemengo atleta bakar bat ere ez baitzen sailkatu Moskuko Munduko Txapelketarako. Zorionez, egoerak dezente egin du hobera ordutik. Orain bi urte, hiru euskal herritar izan ziren Pekinen. Iaz, Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan, berriz, lau izan ziren. Kopuru bera izango da Londresen. Gizonezkoak izango dira guztiak.

CARLOS TOBALINA

Sasoia errematatu nahian

Estreinakoz ariko da Munduko Txapelketan Carlos Tobalina (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Eskarmentua, ordea, sobran du, azken hiru lehiaketa garrantzitsuetan parte hartu baitu: pista estaliko Munduko Txapelketan, Europako Txapelketan eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Rion ez beste bietan, finalerako sailkatu zen, eta lehen hamarren artean muturra sartu zuen—hamargarren izan da bietan—.

Helburu bera izango du Londresen ere. «Urtean egindako lan ona biribildu nahi dut, eta Londres toki aproposa izan daiteke horretarako». Hala ere, Olinpiar Jokoetan gertatu bezala, oso zail izango du lehen hamabien artean egotea, sekulako maila baitago. Tobalinak bere inoizko marka onena egin du aurten, 20,57 metro, baina marka hori txiki geratzen da munduko zerrendari erreparatuz gero. 32 jaurtitzailek bota dute 7,26 kiloko bola hark baino urrunago. Ideia bat egiteko, 22k jaurti dute bola 21 metro baino gehiagora. Ryan Crouser eta Joe Kovacs estatubatuarrak nabarmentzen dira guztien artean: 22,65 eta 22,57 metrora bota dute bola, hurrenez hurren.

ADRIAN VALLES

Sabairik ez duela sinetsita

Tobalinaren egoera berean iritsiko da Adrian Valles Londresera (Iruñea, 1985). Denboraldi bikaina osatu du, bere kirol ibilbideko onena. Horren erakusle da bere inoizko marka onena egin duela: 5,70 metro. Horri esker ariko da bigarren aldiz jarraian Munduko Txapelketan. Orain bi urte, estreinakoan, ez zuen gainditu sailkapena. Oraingoan ere, handia egin beharko luke helburua lortzeko. 20 jauzilarik daukate harena baino marka hobea. Sam Kendricks estatubatuarra dago guztien gainetik. Hura izan da aurten sei metro jauzi egin duen bakarra.

Valles itxaropentsu dago, hala ere. «Sasoi bikainean nago. Gainera, oso baliagarria izango zait Pekinen lehiatuta hartu nuen eskarmentua. Erabat kontzentratuta aritzeko aukera izango dut. Finalean egon nahi dut. Oso zaila izango da, baina gauza handiak lortzeko helburu handiak jarri behar dizkiozu zeure buruari».

IVAN FERNANDEZ

Lokatzetik errepidera

Krosean makina bat garaipen lortutakoa da Ivan Fernandez (Gasteiz, 1988), baita selekzioen arteko txapelketa garrantzitsuenetan parte hartutakoa ere. Fernandezek, ordea, aspaldiko ametsa du Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Hori lortzeko hasi zen maratoian lehiatzen duela bi urte pasatxo. Lehen ahaleginean, helburua lortzear izan zen. 2.12.55eko marka lortuta gertu egon zen Rio de Janeirora joatetik, baina gutxieneko marka izan arren, tokirik gabe geratu zen azkenean. Londresen, beraz, estreinakoa izango du pistako txapelketa handi batean. «Bizitzak bigarren aukera bat eman dit». Lasterketa amaituta, bere buruarekin «konforme» egotea, bere marka hobetzea eta Europako atleten artean nabarmentzea; horra bere helburuak Erresuma Batuko hiriburuan.

SERGIO FERNANDEZ

Hesi guztien gainetik

Urtebetean, sekulako jauzia egin du Sergio Fernandezek (Barañain, Nafarroa, 1992). Iaz, Europako txapeldunorde izan zen, eta finalerdietarako sailkatu zen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Hori gutxi ez, eta bere markarik onena egin zuen ere Brasilgo Olinpiar Estadioan: 48,87. Aurten, nahiz eta lesioekin makina bat arazo izan, emaitza onak ere lortu ditu. Bat nabarmentzen da guztien artean: selekzioen arteko Europako Txapelketan lortutako zilarrezko domina.

Gutxienez Rion egindakoa berdintzea eta ahal izanez gero, hobetzea izango du helburu 400 metro hesidunetako espezialistak Erresuma Batuko hiriburuan. Horretarako, hala ere, bazter batean utzi beharko ditu azken hilabetean izandako arazo fisikoak. «Dezente sufritu dut lesioen kontura, baina pixkana-pixkana hobera egin dut, eta azken emaitzak —Espainiako Txapelketa irabazi berri du— konfiantza eman dit. Prest nago Londresen nire onena emateko. Finala daukat begiz jota, eta barruan daukadan guztia emango dut hor egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.