Zail dago olatua geratzea

Teknikoki duten abantailari esker, Verstappen eta Red Bull hirugarren tituluaren bila doaz. Txapelketa gaur hasiko da, Bahrainen, eta azaroaren 26an bukatuko da, Abu Dhabin

Max Verstappen autoan. ALI HAIDER / EFE.
Laurentzi Garmendia
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Lehen titulua nekez eta kanpoko laguntzarekin lortu zuen Max Verstappenek; baina bigarrena lasterketa askoren faltan poltsikoratu zuen, aise. Hamabost garaipen lortuta, marka berria ezarri zuen. Aurten, lasterketa bat gehiago izango da, eta aurkariek hobeto aritu beharko dute. Gainontzean, baliteke beste errekor bat ezartzea. Izan ere, Verstappen eta Red Bull dira gaur hasiko den Munduko Txapelketa irabazteko hautagai nagusiak. Txapelketa azaroaren 26an bukatuko da.

Ikusi gehiago:Autogileak bueltan dira

Arautegi teknikoak apenas izan duen aldaketarik, nahiz eta zeresana eman duen martxan jarri aurretik. Taldeek ezingo dituzte pneumatiko berogailuak erabili, eta horrek kezka eragin du zenbait gidariren artean. Edonola ere, talde guztiei berdintsu eragingo die, eta itzuli baten buruan tenperatura egokia eskuratuko lukete. Aldaketa handiena iaz izan zen, autoen aerodinamika guztiz eraldatu baitzuen. Halakoetan, ideia nahiz diseinu dispertsioa gertatzen da, eraginkorrena zein den argitu arte. Adrian Neweyren Red Bull autoak izan ziren onenak, batez ere pisua kontrolpean izan ondoren. Horretaz jabetuta, gainerakoek haren ideiaren kontzeptua kopiatu nahi izan zuten.

Aurten, konbergentzia da autoen kontzeptuetan, gehienek Red Bullen estiloari jarraitu baitiote. Kopiak nekez izan ohi dira originalaren pareko, eta are zailagoa da hura hobetzea. Izan ere, Red Bullek iazko ideiak sendotu ditu, eta haien gainean garatu du autoa. Kontuan hartu behar da, 2021ean gehiegi xahutu ostean, haize tunelean ordu batzuk kendu dizkiela FIAk. Normalean, horrek eragin negatiboa izan beharko luke. Baina, ikusita Red Bullen autoek azken lasterketan oraindik ere nolako abantaila zeukaten, oso gaizki egin behar izan dituzte gauzak, denboraldia maldan gora hasteko. Bahraingo probetan aurkariak izutu zituzten, beste behin. Alde horretatik, jasotako zigorrarekin ere, Red Bull erreferentzia izango da aurten ere. Autoaz gain, gidaria ere kategoria gorenekoa da. Verstappenek autoarekin bat egiten du, ez dago haien konexioa berdintzen duenik inola ere. Ukiezina izan zen iaz, nahierara aritu zen. Pentsatzekoa da horrela hasiko dela urtea.

Mercedes eta Ferrari, berean

Kopiatuz irabaztea zaila denez, talde nagusiek euren ideiaren aldeko apustua egin dute. Hau da, Mercedesek eta Ferrarik bereari eutsi diote. Sinetsita daude kontzeptua harago eramanez garaile izan daitezkeela. Zenbateraino den benetako konbentzimendua, eta zenbateraino den Red Bullen nagusitasuna ez onartzea, ikuskizun dago. Mercedesek eta Ferrarik oso parekatuta amaitu zuten urtea, nahiz eta joera desberdinekin amaitu. Alemaniarrek gaizki hasi zuten urtea, aerodinamikari lotutako erronka berriak konpondu ezinda. Joan den asteko probek ez zuten gehiegi argitu bi taldeon egoera. Ziurra da Red Bull ez dagoela bien eskura. Hala baieztatuz gero, oso garrantzitsua izan daiteke. Izan ere, Lewis Hamiltonen etorkizuna baldintzatuko du. Erretiroa hartuko duela dioten hotsak ozendu egingo dira hasi eta berehala titulua lortzeko aukerarik gabe geratzen bada, bi urtez irabazi gabe egon ostean.

Charles Leclerc bigarren izan zen iaz, Sergio Perezekin lehian. Une garrantzitsuenetan, Verstappenek ez zion Perezi lagundu, eta nahi gabe Leclercen laguntzaile onena izan zen. Ferrarik askotariko hutsak egin zituen, eta horiek konpontzen Mattia Binotto ingeniaria kendu zuten. Haren ordez, Frederic Vasseur frantziarra jarri dute. Kudeatzaile ona da. Hala erakusten du haren ibilbideak. Baina gauza izango ote da ordena jartzeko? Ez da berehala ikusiko haren eragina, baina italiarrek aldaketa behar zuten nahitaez. Leclercek harreman estua du Vasseurrekin, eta hori ere beharko du maila hobetzeko, iazko hutsak ez errepikatzeko. Taldeak eta gidariek akats onartezinak egin zituzten. Bizpahiru lasterketa aski izango dira bakoitza non dagoen kokatzeko, eta denboraldiak zer-nolako itxura izango duen aztertzeko aukera izango da.

Hiru nagusien atzetik, Alpinek amaitu zuen iaz laugarren. Aurten Frantziako gidariez osatutako taldea izango du, Esteban Ocon eta Pierre Gaslyrekin. Ez daude egoera onenean, aurrekoak urrunegi baitituzte, eta atzekoak ere bai. Lasterketa bakartiak egiteko arriskuan dira, aspergarriak. Horrek, ezinbestean, ez die lagunduko taldearen helburu komertzialei. Aston Martin izan dezakete aurkari: auto txukuna osatu duela ematen du. Gainera, Fernando Alonsoren abiadurari eta eskarmentuari etekina aterako diote. Taldeak dirutza bideratu du taldearen eraikin berrirako, eta apustu oso serioa egin duela erakutsi. Dirua ez da beti arrakastaren sinonimo, ordea. Ikusi beharko da.

Horren adibide da McLaren. Urte zaila datorkio. Lando Norris eta Oscar Piastri talde guztien artean gidari pare onena izan daitezke, baina ez dirudi autoa haien pareko egongo denik. Baliteke alferrik galdutako talentua izatea, alegia.

Haas, Alfa Romeo eta Williams erdialdeko lehian egongo direla ematen du. Kezkagarriagoa da Alpha Tauriren egoera, Red Bulleko jabe Dietrich Mateschitz hil ostean kudeaketan aldaketak antzematen hasi baitira, eta taldearen salmentaren zurrumurrua zabaldu baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.