Goiuri Zabaleta leitzarra, lau eta erdian, eta, Iera Agirre Iturriaga leitzarra eta Irati Zabala litzartzarra, binaka. Ados Pilota klubak hirugarren aldiz antolatu du sanferminetako torneoa, eta hiru pilotari horiek jantzi dituzte txapelak. Gaur jokatu dituzte bi finalak Iruñeko Labrit frontoian, harmailetan giro ederra zegoela.
Zabaletak nagusitasunez irabazi dio Maddi Barrokali: 22-11. Partida estuagoa espero zen lehenbiziko tantoak nola joan diren ikusita: 4-3 joan da aurretik Barrokal, eta bi pilotariak nor baino nor gehiago aritu dira. Baina, aurrelari leitzarrak hamar tanto egin ditu jarraian, eta garaipena nahiko bideratua utzi du: 13-4. Gero, ondo eutsi dio aldeari. Hamasei tanto egin ditu, gehienak dejadaz, eta bi pilota bakarrik huts egin ditu. Barrokal saiatu da, baina ezin izan du mendean hartu Zabaleta.
Askoz gehiago sufritu dute Iturriagak eta Zabalak Leire Oskozi eta Leire Galeanori irabazteko: 22-17. Bi bikoteak boladaka aritu dira partidaren lehen erdian, baina Iturriagak eta Zabalak bolada ona harrapatu dute lanerdietatik aurrera. Behetik gora egin dute, 14-11 galtzen ari zirela, zazpi tanto egin baitituzte jarraian: 18-14. Oskozek eta Galeanok ez dute etsi, eta tanto bakarrera hurbildu dira: 18-17. Baina, Oskozek pilota bat galdu du, eta Iturriagak hiru tanto egin ditu segidan, lehen biak sakez. Halaxe amaitu da finala, txalo artean.
Emakume Master Cupekoa, bihar
Bihar, berriz, Emakume Master Cupeko sanferminetako torneoko finala jokatuko dute Labriten (12:00, ETB1). Amaia Aldai eta Uxue Oses Aizane Ibarrolaren eta Enara Gaminderen aurka ariko dira.