Pilotari ohia

Antxon Maiz: «Zabaletak bosgarren txapela? Oraindik ez du irabazi, eta kostako zaio»

Retegi II.ak, Irujok eta Maizek dute txapel gehien binaka: bost. Maiz da atzelari bakarra. Zabaletak irabazten badu, batu egingo zaio. Hala bada, «plazerez» egingo dio tokia. Halere, ohartarazi du «oso partida zaila» izango duela. Altuna goraipatu du.

Antxon Maiz. IÑIGO URIZ / FOKU
Antxon Maiz. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
Arantza
2024ko martxoaren 28a
05:05
Entzun

Paraje ezin ederragoan dago Arantza (Nafarroa), mendiz eta basoz inguratuta. Eta horretan kokaleku pribilegiatua du Petrisenekoborda baserriak. Han jaio zen Antxon Maiz duela 72 urte, eta han bizi da oraindik ere, «lasai-lasai, eta oso zoriontsu».

Zer moduz bizi zara?

Oso gustura bizi naiz hemen. Etxe honetan sortu nintzen; beraz, bizitza guztia daramat hemen. Baratzean ibiltzen naiz pixka bat, eta poney batzuk baditugu, eta haietaz arduratzen naiz. Emaztea eta biok bizi gara etxe honetan, eta alboan bi alabak, haien bikotekideak, eta lau bilobak. Oso zoriontsu bizi gara elkarrekin.

Pilotari kasu egiten diozu?

Bai [luze eta sendo esan du]. Ostirala iristeko desiratzen egoten naiz. Ostiralean, larunbatean eta igandean egongelako besaulkian esertzen naiz, bakar-bakarrik, telebistaren aurrean. Zergatik bakarrik? Beste inor egonez gero, hizketan hasi ohi delako, eta niri adi-adi egotea gustatzen zait, Euzkitzek-eta esaten dituztenak entzuten. Bakarrik telebista aurrean; halaxe gustatzen zait niri pilota ikustea.

Ez zoaz frontoira?

Ez. Aspaldi ez naiz joan, eta ez dut gogorik joateko. Ez zait gustatzen, adibidez, Labriten egoten den zarata: denak zutik, kantuan eta dantzan, ezkongabe festa mordoa... Niri ez zait hori gustatzen pilota ikusteko. Halako kuadrillaren baten ondoan tokatuz gero, ez duzu partida ikusten. Aldea dago iskanbila horren eta etxeko egongelako lasaitasunaren artean.

Binakako Txapelketako partida gehienak ikusi dituzu. Zer iruditu zaizu?

Oso txapelketa ona izan da. Ez dakit sekula ikusi dudan horrenbeste jende frontoietan. Jende asko ibili da. Txapelketako partida ia guztietan bete da frontoia. Lehiari dagokionez, finala jokatuko duten lau pilotariak merezimendu osoz iritsi dira.

Bikoteren bat zenuen begiz joa?

Ez. Niri partidak ikustea gustatzen zait. Nik uste nuen Jakak eta Mariezkurrenak jokatuko zutela finala. Mariezkurrena ikaragarri aritu da, eta Jaka oso arriskutsua da aurrean. Baina ez zuten zorterik izan azken bi partidetan, eta, halakoetan, zorteak zerikusi handia du: bietako batek huts eginez gero, akabo. Mariezkurrenak eskuko arazoak izan zituen... eta etxera joan ziren.

«Ikaragarri gustatzen zait Altuna; ikaragarri jokatzen du; inor ez dagoen tokira botatzen du pilota. Konpletoa da»

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Elegante geratu da. Gero, agian, partida txarra izango da. Askotan pasatzen da hori. Baina finala jokatuko duten lau pilotariak kategoriakoak dira. Ikusteko dago, baina itxura guztia du partida handia izango dela. Ziurra dena da jende pila eramango dutela frontoira.

Noren alde egingo zenuke apustu?

Ez dut sekula apustu egin, eta ez naiz ona asmatzen. Baina Altuna tartean egonda... Niri ikaragarri gustatzen zait Altuna. Erakustaldia egin zuen azken partidan, Eibarren [Gipuzkoa]. Ezin da jokatu gehiago. Baina, finalean, beste atzelari bat izango du aurkari: Zabaletak eman egiten du, eta gehiago kendu. Ezberdina da. Baina Altuna tartean egonda... arriskua!

Aspaldiko pilotaririk onena da Altuna?

Bai [azkar eta sendo erantzun du]. Hura da aurrelari onena, eta atzelari onena, berriz, Zabaleta. Asko ibiltzen da frontoian, pilota gutxi galtzen du, eta elegantea da jokatzen. Ikusgarria da nola joaten den bi eskuekin pilota jotzera.

Igandean irabazten badu, Zabaletak berdindu egingo du zurekin, Julian Retegirekin eta Juan Martinez de Irujorekin: bost txapel binakakoan. Jada ez zara izango atzelari bakarra.

Oraindik ez du irabazi, eta kostako zaio; partida oso zaila du. Altunak ikaragarri jokatzen du; inor ez dagoen tokira botatzen du pilota: txokora, zabalera, hanketara... atzera ere asko jotzen du, eskuinez. Konpletoa da. Badaezpada, katedra haren alde atera ohi da hamar alditatik bederatzitan. Zerbaitegatik da. Dirua jokatzen dutenak ez dira tontoak. Zabaleta gai da gurekin berdintzeko, baina zortea behar da: bikoteko batek huts egiten badu, akabo.

Zure ustez, zein izango da finala irabazteko gakoa?

Ea Peiok nola eusten dien nerbioei. Joko handiarekin dago, baina lehen finala du binaka. Beste hirurak, ordea, ohituta daude halakoak jokatzera. Agian, aurkariek berehala bi tanto egin, eta Peio beldurtu egiten da. Baliteke hori izatea gakoetako bat. 

Zabaletak berdintzen badizu, zer sentituko duzu: poza ala amorru pixka bat?

Amorrurik batere ez, edozeinek irabaziko balu ere; are gehiago, gustura hartuko nuke Zabaletak irabaztea. Asko gustatzen zait zein elegante jartzen den pilotari emateko. Oxala beste bost txapel irabaziko balitu. Bihotz-bihotzez diot, baina zaila da: hark bakarrik ez, bikotekideak ere ondo ibili behar du. Hain zuzen, horixe gertatu zaie Jakari eta Mariezkurrenari: batek egin du huts, eta etxera joan dira.

«Atzelari on batek pilota gutxi galdu behar du. Huts egiten hasten bada, seinale txarra. Eta agintzen badu, bikain»

Zabaletak ez du antzik zurekin. Hark kolpe handia du. Zuk, aldiz, muturreraino eusten zenion; dena itzultzen zenuen. Roberto Garcia Ariño pilotari ohiaren ustez, «pelma bat» zinen piloteoan.

[Barrez hasi da]. Bada, txapel bat irabazi nuen harekin. Zabaletak ez du antzik gure garaiko atzelariekin. Mantsoago jokatzen genuen guk. Orain, ordea, abiadura ikaragarrian jokatzen dute. Pilotak ere azkarragoak dira [pilotaren soinua imitatu du]. Zenbat bolea ematen dituzten, zenbat sake bueltatzen airez... Aldatu egin da, eta, nire ustez, onerako. Jendeari hori gustatzen zaio, ez guk jokatzen genituen partida luze-luze haiek, ordu eta erdi pasatxokoak, zeinetan aurrelariak ia ez zuen pilota jotzen, eta jotzen bazuen, atzera botatzeko zen. Jendeak ez du nahi halakorik orain. Partida laburrak nahi ditu.

Ez zaizu gustatzen konparazioak egitea.

Ez, garai ezberdinak baitira. Orduan, dena jokatzen zen botera. Orain, aldiz, dena airez. Aurrelari bat ez bada airez sartzen, segituan doa etxera. Airez ahalik eta gehien sartu eta ahalik eta gehien arriskatzen duten aurrelariak nahi dituzte orain.

Nolakoa izan behar du atzelari onak?

Lehenbizi, pilota gutxi galdu behar du. Huts egiten hasten bada, seinale txarra. Eta pilota gutxi galtzeaz gain, agintzen badu, bikain. 

Altuna eta Zabaleta goraipatu dituzu. Baduzu beste pilotariren bat begiz joa?

Iztueta. Asko gustatzen zait. Bi esku oso eleganteak ditu. Oso gaztea da [20 urte]. Itxura ona du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.