Elordi 10-22 Ezkurdia

Zabalak finalaurrekoa jokatuko du, Ezkurdiaren garaipenari esker

Arbizukoak ez zuen ezer jokoan; Elordik nahikoa zuen hari irabaztearekin, baina ezin izan du. Zabalak Laso izango du parean finalerdietan.

Ezkurdia pilota astintzen atzean Elordi duela, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ezkurdia pilota astintzen atzean Elordi duela, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko maiatzaren 5a
19:55
Entzun

Ez ditu etxeko lanak egin Aitor Elordik, eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da. Gaur jokoan ezer gutxi zuen Joseba Ezkurdia garaitu behar zuen Javier Zabala kanpoan utzi eta finalaurrekoetarako sailkatzeko, baina huts egin du (10-22). Puntu banarekin amaitu dute hirurek, eta berdinketa horretan Errioxakoa irten da garaile. Unai Lasoren aurka jokatuko du maiatzaren 18an, Iruñeko Labriten.

Ezkurdiak sekulako profesionaltasuna erakutsi du Bizkaia pilotalekuan. Esana zuen entrenamenduetan ondo sentitzen ari zela, baina orain arte ez zuen erakutsi. Presiorik gabe aritu da gaur. 0-6 irabazten hasi da, sakea berreskuratu duenean 10-7 aurreratu da egungo txapelduna, baina gero hamasei tanto jarraian egin ditu Arbizukoak. Ikusgarria, eta ezustekoa.

«Zer egiteko gai naizen erakutsi dut gaur. Aurreko bi partidetan arazoa buruan izan dut, blokeatuta irten naiz partidetara, eta horrek dakidan moduan jokatzea eragotzi dit. Sentitzen dut Elordigatik, mutil jatorra da eta tratu ona dut harekin, baina nire lana egitera etorri naiz», azaldu du. 

Atzo, multzoko beste partidan, Artolak egurra eman zion Zabalari (22-8). Partida ikusgarria jokatu zuen, eta multzoburu sailkatu da finalerdietarako. Haren aurkaria datorren asteko Altuna III.aren eta Darioren artekotik aterako da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.