Udako azken txapelketak ere formatua zabaldu du, sanferminetako txapelketaren antzera. Gaur aurkeztu dute San Mateo feria, eta, berritasun gisa, hamar egunez jokatuko da Errioxako txapelketa hori. Logroñon aurkeztutako txapelketak kanporaketa pare bat izango ditu aurretik, eta horren ondoren zehaztuko dira parte hartuko duten azken bi bikoteak. Irailaren 20an hasiko da, eta azken urteetako luzeena izango da.
Aspe eta Baikok pilotari errioxarren aldeko apustua egin dute haien etxean jokatuko den txapelketarako, eta, beste behin, pilotari bizkaitarren falta nabarmendu da. Jabier Zabalak, udan protagonismo handia eman zaion pilotariak, Javier Zabaletarekin jokatuko du bigarren urtez jarraian. Dario Gomez eta Ruben Salaverri ere hautatu dituzte, baina kanporaketa gainditu beharko dute titulua irabazteko borrokan egoteko.
San Fermin torneoan egin zuten bezala, hiru bikoteko bi multzo osatuko dira ligaxka jokatzeko. Zabala eta Zabaleta A multzoan egongo dira, Altuna eta Tolosarekin batera. Hirugarren bikotea Artola-Salaverri eta Larrazabal-Imazen arteko norgehiagokatik aterako da. Lehen jardunaldian izango dira aurrez aurre, irailaren 20an.
B multzoa, berriz, Laso-Iztueta eta Peña-Mariezkurrena bikoteek osatuko dute. Hirugarren bikotea irailaren 21eko kanporaketatik aterako da, Dario-Rezusta eta Ezkurdia-Martija bikoteek izango duten norgehiagokatik.
Horrela, txapelketaren lehen bi arratsaldeetan kanporaketak jokatuko dira; hurrengo seietan, ligaxka jokatuko da, eta beste egun bat izango da finalerako. Azken egunean, erronka famatua jokatuko da. Irailaren 28an izango da hori, eta garaileek 750 botila olio irabaziko dituzte.
Sarrerak salgai daude, 15 euroan merkeenak, eta 35 euroan garestienak. Finalerako, bost euro garestituko da eserleku bakoitza.