Athletic

Yulema Korresek erretiroa hartuko du

Aurrelari gasteiztarrak 203 neurketa jokatu ditu Athleticen, eta 67 gol sartu ditu guztira. Garazi Muruarekin batera esango du agur, San Mamesen, hilaren 16an.

 Yulema Korres. ATHLETIC
Yulema Korres. ATHLETIC
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 7a
10:40
Entzun

Yulema Korresek erretiroa hartuko duela iragarri du. Elastiko zuri-gorriarekin 203 neurketa jokatu eta 67 gol sartu ostean, agur esango dio Athletici. 2014-2015eko denboraldian iritsi zen Lezamara, eta hurrengo urtean Espainiako Liga irabazi zuen Athleticekin; zuri-gorriek irabazi duten azkena. Garazi Muruarekin batera esango du agur, San Mamesen, hilaren 16an. Sevillaren aurka jokatuko dute denboraldiko azken partida.

Yulema Korresek urre koloreko hizkiz idatzi du bere izena San Mamesen. Azken hamar denboraldietan, Athleticeko erreferente nagusietako bat izan da aurrelari gasteiztarra. 21 urterekin iritsi zen Lezamara, Iñigo Juaristiren eskutik. «Asko daukat hari eskertzeko, nigan konfiantza handia izan baitzuen. Horri esker egin dut gaur arte egin dudan ibilbidea», aitortu du aurrelariak Athleticek bere sareetan zabaldu duen elkarrizketan. Elastiko zuri-gorria jantzi zuen lehen urte horretan, hamar gol sartu zituen.

Hurrengo urtean, 2015-2016ko denboraldian, hamalau gol egin zituen. Urte hartan, Espainiako Liga irabazi zuen Athleticek, eta Korres erabakigarria izan zen horretan. «Urte ederra izan zen, baina beldur handiz bizi izan genuen. Azken hamar jardunaldietan, bagenekien Bartzelonak ez zuela hutsik egingo, eta irabaztera behartuta geunden. Bagenekien partida bat galduz gero liga ere galdu genezakeela», adierazi du. Aurrelariaren gol markarik onena, ordea, 2016-2017ko denboraldian iritsi zen. Hirugarren denboraldia zuen Athleticen, eta, liga irabazi ostean, Txapeldunen Ligan aritu zen Bizkaiko taldea. Korresek hogei gol sartu zituen denboraldi hartan; horietako bat, emakumezkoen taldeak San Mames berrian sartu zuen lehena.

YULEMA CORRES - ATHLETIC
Yulema Korres 2018-2019ko denboraldian, jaurtiketa bat egiten. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Modu «naturalean» iritsi den erabakia

Korresek aitortu duenez, erretiroa hartzeko erabakia ez da hartu beharrik izan, «ia jakina» baitzen duela bi urte kontratua berritu zuenetik. «Igartzen duzun zerbait da. Gazteek maila bikaina erakusten dute, eta zuk, pixkanaka, onartu egin behar duzu, ahalik eta modu onenean. Ni aldagelan ahal bezainbeste laguntzen ahalegindu naiz, nire aletxoa jartzen». Kluba goraipatzeko ere baliatu du elkarrizketa Korresek: «Athletic familia bat da, eta aldagelan egon den edonork baieztatzen du hori. Nik zorte handia izan dut, hamar urtez hori bizitzeko aukera izan baitut».

Futbolaren alde «gozoa» eta «garratza» ezagutu dituela onartu du Korresek. Lehen urteetan jokalari garrantzitsua izan ostean, lesio ugari izan zituen. 2018-2019ko denboraldian, soilik hamar neurketa jokatu zituen. Lesioei aurre egin zien, eta taldearekin gozatzeko aukera izan zuen berriro ere. Azken bi urteetan, ordea, oso gutxi jokatu du, lesioak tarteko. Iragan sasoian hamahiru partida jokatu zituen, eta datorren igandean amaituko den sasoian, berriz, bakarra. Hala ere, «pozik» dagoela adierazi du, «emakumezkoen futbolaren alde» borrokatu delako: «Emakumezkoen futbolak bilakaera handia izan du, eta horren parte izan naizela uste dut. Gaur egun badauzkagun zenbait gauza lortzeko borrokatu behar izan dugu: besteak beste, lan hitzarmen bat lortzeko. Borrokak, baina, ez du etenik. Oraingo gazteek ere borrokatu egin beharko dute; haiengatik eta haien ondorengoengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.