Haimar Zubeldia. Trekeko txirrindularia

«Youtuben sartuz gero, badaude Haimar erasoa jotzen ikusten den bideoak»

Aparteko ezustekorik gabe, nahi zuen prestaketa eginda iritsi da Haimar Zubeldia Frantziako Tourrera. Lehen asteko tentsioa azpimarratu du, eta Alberto Contadorri eman dio faborito izaera.

TREK.
unai zubeldia
2015eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Tourreko bihurgune bakoitza nolakoa den badaki jada Haimar Zubeldiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1977). Etzi hamalaugarren aldiz ekingo dio lasterketari, eta 25. itzuli handia pilatuko du Girokoak eta Vueltakoak batuta. Argi utzi du Bauke Mollemari laguntzera doala, baina ez dio aterik itxi zer edo zer lortzen saiatzeari. Berezko izaerari helduta, irmo defendatu du bere lehiatzeko era.

Betiko prestaketa, betiko tentsioa, betiko erronkak... Zer moduz iritsi zara Tourraren atarira?

Beti bezala. Aldaketa bakarra egin dut egutegian: Ardenetako klasikoak lehiatu gabe utzi ditut, lehen zatiko atsedena ohi baino lehentxeago hartzeko eta Kaliforniako Itzulira entrenamendu gehixeagorekin iristeko.

Egun asko igaro dituzue Pirinioetan. Zehatz aztertuko zenituzten, beraz, hango hiru etapak...

Dauphinera joan aurretik, taldearekin aritu ginen etapa horiek aztertzen, eta, ondoren, ia urtero bezala, Jaca aldera etorri gara Markel [Irizar] eta biok. Eguraldi ona ziurtatuta daukagu hemen, eta lasai prestatu dugu Tourra.

San Martingo Harria, Aspin, Tourmalet, Cauterets, Core, Lers eta Plateau de Beille. Zer dago aurten Pirinioetan?

Berehala iritsiko dira, eta hor hasiko da benetako lehia. Polita izan daiteke Cauteretseko etapa, Pirinioetako bigarrena, azken igoera ez delako gogorra eta Tourmalet dagoelako aurretik. Giroan Mortirolon ikusi ahal izan genuen lehiaren antzekoa izan dezakegu hor, faborito nagusiak Tourmaleten bertan mugi daitezkeelako.

Ibilbidea aztertuta, Vueltaren eta Giroaren traza hartu duela dirudi Tourrak.

Azken urteekin alderatuta, oso urduria izango da lehen astea. Bigarren etapa zaila izan daiteke haizearen eraginez; hirugarren etapan Huyko aldapa igo beharko dugu; harbideetako eguna iritsiko da gero; Le Havreko amaiera ere arriskutsua izango da; Murren amaituko da zortzigarren etapa; eta taldekako erlojupekoa izango dugu hurrengo egunean. Ia egunero dago zerbait, eta ez da egongo erlaxatzeko tarterik. Irabazteko gutxi eta galtzeko gehiegi izango dugu lehen astean.

Erlojupekoan, bakarka, 13,8 kilometro, eta taldeka, beste 28. Kito. Gutxiegi, akaso?

Bai... Nire esku egon balitz, beste erlojupekoren bat sartuko nukeen, agian, baina, tira. Igotzaileentzat aproposagoa da aurtengoa.

Fabian Cancellararekin lehen maillot horia janztea da taldearen lehen helburu argia?

Bai, bai; zalantzarik gabe. Badakit ondo prestatzen ari dela lehen etapa hori, eta guretzatgarrantzitsua litzateke Tourra hain ondo hastea. Taldeko giroan eta norberaren motibazioan eta konfiantzan eragina izaten du maillot horia eskuratzeak.

Helburu nagusia, hori bai, Bauke Mollema podiumera igotzea izango da. Hautagai argia da?

Mollemak urte onak dauzka oraindik zain, baina erakutsi du onenen pare ibiltzeko gai dela. Podiumerako pausoa eman dezakeela sinetsita gaude, eta berari laguntzen saiatuko gara denok. Beste batzuk dira faboritoak, baina iaz ere espero ez genituen bi txirrindulari igo ziren, azkenean, podiumera [Jean Christophe Peraud eta Thibaut Pinot]. Zergatik ez da gertatuko antzeko zerbait?

Begiratu batera, ordea, koskatxo bat goitik daude Contador, Froome, Quintana eta Nibali.

Bai... Gainerakoen aldean zertxobait goitik egon daitezke Contador eta Froome, baina ikusi egin beharko da nola dauden. Girotik dator Contador, eta neke handia pilatu du han. Froomek badirudi, iazkoaren ondoren, inoiz baino hobeto prestatu duela aurtengo Tourra, eta ez du xahutu indar askorik. Nibalik Dauphinen erakutsi zuen, iaz bezala, bide onetik daramala prestaketa [Italiako Errepideko Txapelketa ere irabazi du]. Eta Quintanak ere Tourra eduki du buruan urte guztian, igotzaile fina da, eta fresko iritsiko da. Beste batzuk ere zaindu beharko dira, hala ere: Mollema, Van Garderen, Peraud, Pinot...

Borroka horretan non kokatu behar da Haimar Zubeldia?

Oso argi daukat nire lana zein den. Mollemaren ondoan egon behar dut une oro; mendateetan, bereziki. Eta taldeak aukera ematen digunean, saiatuko gara etaparen baten lehian sartzen.

Dauphinek argi utzi zuen Allosen jaitsiera igoera bezain arriskutsua izan daitekeela 17. etapan, Alpeetan.

Harrituta gelditu nintzen, Tourrak, normalean, ez duelako arriskatzen hainbeste. Jaitsiera teknikoa dauka Allosek, estua, eta errepidea ez dago egoerarik onenean. Espero dezagun egun horretarako bidea pixka bat garbitzea, hartxintxarra eta harri kozkorrak zeudelako Dauphinen. Nibaliren gisako txirrindulariek aukera ona izan dezakete jaitsieran min egiteko. Eta zer esanik ez eguraldi txarra eginez gero.

Glandon, Croix de Fer bi aldiz, La Toussuire eta Alpe d'Huez igoko dituzue Alpeetan. Zein igoerak egin dezake epaile lana?

Bakoitzaren indarrak emango du epaia Alpeetan. Azken astean sartuta egongo gara ordurako, eskura daukatena defendatu nahiko dute gehienek, eta pausoak eman nahiko dituzte indarrez ondo iristen direnek.

Hamalaugarren Tourra izango duzu jada, eta hamar Vuelta eta Giro bat ere badauzkazu. 25 itzuli handi denera.

Zenbaki handiak dira. Profesionaletara igaro nintzenean nork esango zuen hemezortzi urte geroago oraindik hemen ibiliko nintzenik! Baina gozatzen ari naiz, eta seinale ona da hori. Indarrak neurtuta, baina oraindik ere sasoiko ikusten dut neure burua.

Euskaltel, Astana, Radioshack eta Trek. Tourrak zertan izan dira berdinak eta ezberdinak lau egitura horiekin?

Esperientziarik ezak deskribatzen du ondoen Euskaltelekin lehen aldiz Tourrera joan ginen urtea. Taldeak esperientzia hartu ahala, haziz joan nintzen ni ere. Astanara joatean, rol aldaketa izan nuen, izenez, behintzat, inoiz lehiatu dudan talderik handiena izan zelako hura. Tourrari aurre egiteko beste modu bat ezagutu nuen, eta oso emaitza onak lortu genituen. Beste bizipen batzuk izan ziren. Radioshacken eta Treken, berriz, beti eduki izan ditugu taldeburu onak; batzuetan asmatu dugu eta besteetan ez.

Onetik tiraka hasita, 2003ko Tourreko bosgarren postua egongo da zaku horretan, ezta? Iban Mayo seigarren zela, bikaina izan zen Tour hura.

Zalantzarik gabe. Euskal txirrindulariz soilik osatutako talde batean geure burua hain goian ikusi genuen lehen aldia izan zen. Oso polita izan zen.

2004 eta Plateau de Beille aipatuz gero, zer? Aurten 12. etapan igoko duzue mendate hori.

Egun hartan jaitsi nintzen bizikletatik, bai. 2003ko lorpenen ondoren, asmo handiekin joan ginen Tourrera, baina gauzak ez ziren atera nahi genuen bezala, eta etxera etorri behar izan nuen. Nire kirol ibilbideko momenturik gogorrenetako bat izan zen hura.

Johan Bruyneeli baiezkoa emanda, askorentzat arraroa izan zen zu Astanaren egituran ikustea.

Urte batzuk baneramatzan talde aldaketaren gaiari bueltaka. Ilusioa berpizteko beharra neukan, beste txirrindularitza bat ezagutzekoa. Asko pentsatuta, baina heldu egin nion aukera hari. Badakit batzuek, agian, ez zutela ulertuko, baina gerora ikusi dut asmatu egin nuela. Euskaltelen geratuta, ziur nago orain ez nintzela txirrindularia izango.

Contador eta Astana batetik; Armstrong eta Radioshack bestetik. Nola hartu zenuen talde barruko liskar hura?

Nahiko lasai, proiektuaren parte zarenean informazio gehiago edukitzen duzulako beti. Armstrong, Contador, Andy eta Frank Schleck, Cancellara... Txirrindulari handi askoren taldekide izan naiz, eta hala kontatu ahal izango diet bilobei. Nazioarteko txirrindularitza ezagutzeko aukera izan dut, beste hizkuntza bat menderatzera iritsi naiz... Liskarren gainetik, horri helduko diot nik beti.

Sentimendu aldetik, oso berezia 2012ko Tourra izango zen zuretzat. Seigarren postuan amaitu berritan jakinarazi zenuen bihotzeko arazoak izan zenituela.

Hala da, bai. Martxoan ez nekien erretiroa hartu beharko nuen edo jarraitzeko aukera izango nuen, baina, zorionez, ondo atera zen dena, eta oso maila ona eman nuen Tour hartan. Gogoan daukat azken etapan, abiatu aurretik, taldekideei eskerrak eman nizkiela euren laguntzagatik. Oso momentu gogorrak igaro nituen martxoan, eta, niretza,t izugarria izan zen berriz ere taldekideen ondoan egotea. Asko bete ninduen momentu hark.

Beldurrik pasatu zenuen?

Beldurra baino gehiago, ezjakintasunak sortzen duen tentsioa. Bihotza bakarra daukagu, eta ohiko bizimodurako ere ardura sortu zitzaidan. Baina lasaitu egin nintzen informazio gehiago bildutakoan. Jende asko izan nuen, gainera, ondoan. Bere garaian ez nuen izan ezer kontatzeko gogorik, baina pausoa eman nuen Tour amaieran, kasu berean egon zitezkeenek ikus zezaten gaixotasun hori gainditzeko aukera badagoela. Gerora, jende gehiago jarri da nirekin harremanetan, eta saiatu naiz nik bizi izandakoa azaltzen.

Zer dauka Tourrak beste lasterketek ez daukatena?

2001ean, lehen aldiz joan nintzenean, berehala maitemindu nintzen lasterketarekin. Hara joandakoan jabetzen zara zein handia den; beste ezerekin ezin da alderatu.

Tourreko postu onen bat aldatuko zenuke etapa garaipen batekin?

Zalantzarik gabe. Askotan ez, baina batzuetan gertu izan dut etapa garaipena, eta bai, bai, gustura aldatuko nuke. Etapa garaipen bat falta zait Tourrean, baina saiatzeko aukera badaukagu oraindik.

Momenturen batean mugitu ez izanaren damurik badaukazu?

Bai... Baina horrek ez dauka atzera bueltarik. Egunean bertan, akaso, pentsatzen duzu, «horrela jokatu izan banu, edo hau edo hura egin izan banu, edo...». 2007an ikusi nuen garaipena gertuen, Loudenviellen amaitu zen etapan. Peyresourden erasoa jo zuen Alexander Vinokurovek, eta, azkenean, hirugarren izan nintzen, Kim Kirchen aurretik nuela.

Zaleek erasoa jotzen ikusi nahi dute Haimar Zubeldia...

Hemezortzi urte ez, baina hamalau bat badaramatzat kontu horiek entzuten. Hanka onak baldin badauzka, Haimar saiatuko da erasoa jotzen; batzuetan jo izan du, gainera. Ez beste batzuek bezala, agian, baina saiatu izan da. Baina behin etiketa bat jartzen dizutenean, zaila da aldatzea. Horrelakoa naiz ni; gustatzen zaiona, ondo, eta gustatzen ez zaiona, bada, tira, berak dauka arazoa. Nire estiloa daukat nik.

Gehiegizko pisu, arazo edo nekerik sortu dizu etiketa horrek?

Gorputzaldiaren arabera, tarteka ez da izaten oso gustagarria, baina, tira. Haimarrek jo izan du erasoa, eta Youtuben sartuz gero, badaude Haimar erasoa jotzen ikusten den bideoak.

Tourreko momenturik onena?

Ez daukat zalantzarik: 2003ko Tourrean Ullrich, Armstrong, Mayo eta laurok Tourmaleten elkarrekin igaro ginenekoa. Euskal zaleen aurrean Euskaltelen maillotarekin han aurrean igarotzea... Barruan ondo gordeta daukat argazki hura.

Eta txarrena?

Txirrindularitzan asko egoten dira, tamalez, baina 2004an Plateau de Beillera bidean erretiratu behar izan nuenekoa, ziurrenik.

Berandu baino lehen iritsiko al da Muriasen gisako talde batek Tourrean parte hartu ahal izango duen eguna?

Nahiko nuke! Eta urte asko ez pasatzea espero dut. Badakit mugitzen ari direla. Murias sortu dute aurten, Euskadik ere lanean jarraitzen du... Baina garrantzitsuena falta da: aurrekontua. Iritsiko dira momentu hobeak, eta hori bizi izatea espero dut.

Parisko podiuma eskatuz gero?

Contadorrekiko miresmena daukat aspalditik, eta gustatuko litzaidake koskarik altuenean ikustea. Historiara igaroko litzateke Giroa irabazi berritan Tourrean gauza berbera egingo balu. Contador, Froome eta Nibali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.