Yeray: «Ondo nago, igandean jokatzeko prest»

2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
ATHLETIC. Hilabete eskas besterik ez da joan Yeray Alvarezi eskuin barrabilean tumore bat atzeman ziotenetik. Bada, Athleticeko erdiko atzelaria jokatzeko moduan dago jada. Egunak zeramatzan taldekideekin entrenatzen, eta atzo jaso zuen senda-agiria. Beraz, Ernesto Valverdek nahi izanez gero, Atletico Madrilen aurka joka dezake igande honetan, San Mamesen.

«Ondo nago, eta jokatzeko prest, entrenatzaileak hala nahi badu», esan zuen atzo Yerayk. 21 urteko jokalariak atzo hitz egin zuen lehen aldiz klubak haren gaixotasunaren berri eman zuenetik. Aitortu zuen «gogorra» izan dela, batez ere gaixotasunaren berri eman zioten unea, baina «oso pozik» dagoela, dena «ondo» joan baita. Sendo mintzatu zen gertatutakoak haren jardunean eragina izan dezakeen galdetuta; «ez diot beldurrik ezeri», azpimarratu zuen.

Yerayk eskerrak eman zizkien azken hilabetean babesa eman dioten guztiei. «Familia, futbol mundua eta Athletic» aipatu zituen, baita bere gaixotasun bera izan eta berekin harremanetan jarri diren guztiei ere. «Ez nuen espero halako babesik, eta horrek animo handia eman zidan». Ez du ahaztuko Bartzelonaren aurka Iñaki Williamsek gola eskaini zionekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.