Yeray Alvarez: «Berriro jokalari sentitu; horixe da nahi dudana»

Athleticeko jokalariak esan du osaketa prozesuaren «azken txanpan» dagoela,. Eskertu egin du berriro jaso duen babesa

Yeray, Herrerin eta San Jose taldekideekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi pasatxo darama Yeray Alvarezek Lezaman lanean, joan den irailaren 21etik, hain zuzen ere. Egun horren bezperan, San Mamesen Atletico Madrilen aurka galdu berritan, Jose Angel Zigandak jakinarazi zuen Yerayri egin zioten tratamendua arrakastatsua izan zela, eta sendatuta zegoela barrabileko minbiziaz. Ordutik ia egunero aritu da lanean Yeray, apurka-apurka, indarrak berreskuratuta eta sasoian jarrita.Aurki jasoko du senda-agiria, eta laster itzuliko da lehiara.

«Osaketa prozesuaren azken txanpan nago», esan zuen atzo Lezaman. Hilabeteak zeramatzan hitz egin gabe, joan den ekainean Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin Eurokopa jokatzeko prest zela berriro gaixo zegoela jakin zenetik, hain justu. «Pixkana-pixkana ari naiz taldekideekin entrenatzen, aurreikusitako epeetan. Oso pozik nago hau gainditzeagatik».

Ez dio jarri nahi bere buruari epe zehatzik zelaietara itzultzeko. «Ondo sentitzea da nahi dudana, berriro jokalari sentitzea, taldekideekin entrenatzea, eta haiekin lanean gozatzea. Sekulako gogoa dut une hori irits dadin. Taldekideak ikusita, pentsatzen dut ea laster egon naitekeen hor. Orain banago, itzuli naiz, eta oso pozik nago horregatik».

Yerayk azaldu zuenez, «tratamendua jasotzeko unea eta hori jasotakoan etxean akituta pasatutako asteak izan dira okerrena denbora honetan». «Gehiago» baloratzen ditu orain gauzak. «Zure bizitza da garrantzitsuena, eta maite eta zaintzen zaituen jendearen babesa lortzea».

Emozioz gogoratu zuen, halaber, taldekide guztiek hari babesa emateko ilea moztu zutenekoa. «Sekulako detailea izan zen. Ez nuen halakorik espero. Sekula ezingo diet eskertu ni animatuta egoteko egin duten guztia».

«Ez dut beldurrik izan»

Lau hilabete joan dira jada, baina oso presente du oraindik berriro gaixo zegoela esan zioten unea. «Mila kontu etortzen zaizkizu burura momentu horretan, baina pertsona lasaia izan naiz beti, eta nahiko ondo eraman dut. Nire familiaren eta lagunen babesa bilatu dut. Ez dut inoiz beldurrik izan, baina bai ezinegona, ez dakizula zer pasa daitekeen medikuekin gela batera sartutakoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.