Yates ez da garaiezina

Ahulezia zantzuak erakutsi ditu liderrak Prato Nevoson, eta 28 segundora hurbildu zaio Dumoulin. Schachmannek irabazi du etapa

Yates ez da garaiezina.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Italiako Giroa ez dago erabakita oraindik. Simon Yates (Mitchelton) lasterketa borobila ari zen osatzen, soinean maglia arrosa zuela, baina atzo txanponaren beste aldea bizi behar izan zuen, 18. etapan. Liderraren nagusitasuna pitzatu zuten Chris Froomek (Sky) eta Tom Dumoulinek (Sunweb) Prato Nevosoko igoera etzanean. Lehendabizikoz, zalantzati azaldu zen Yates: eutsi egin zion Dumoulinen erasoari, baina jota utzi zuen Froomerenak. Aurrera egin zuten Skykoak eta Sunwebekoak, Domenico Pozzovivorekin (Bahrain), eta 28 segungo atera zizkioten liderrari. Orain, alde horixe dago sailkapen nagusian Dumoulin eta Yatesen artean.

Hurrengo egunen gogortasuna aintzat harturik, ez zirudien atzo su handirik piztuko zenik onenen artean. Ekaitzaren aurreko barealdi gisa hartu zuen tropelak atzoko etapa, eta horri esker, bidea egin zuen ihesaldiak. Hamabi lagunek egin zuten aurrera, eta Giro honetako alderik handiena lortu: hamasei minutuko errentarekin hasi ziren igotzen Prato Nevoso. Azken igoerako maldek galbahe lana egin zuten, eta lau ziklista nabarmendu ziren aurreko multzoan: Maximilian Schachmann (Quick Step), Mattia Cattaneo (Androni), Ruben Plaza (Israel) eta Christoph Pfingsten (Bora).

Elkar mokoka aritu ziren, harik eta Cattaneok eta Schachmannek tartea zabaltzea lortu zuten arte. Garaipena haien esku zegoela zirudien, baina azken kilometroan Plaza batu zitzaien, indarka-indarka atzetik aurrera egin ostean. Meritu handiko igoera egin zuen espainiarrak, baina ezin izan zuen lana borobildu, esprintean gehiago izan baitzen Schachmann.

Atzean, tramite usaina zerion etapari, baina gidoi aldaketa izan zen Prato Nevoson. Gazteen sailkapena begiz jota du Richard Carapazek (Movistar), eta, horregatik, estutua emateko agindu zien taldekideei. Lasterketak kutsu lehiakorra berreskuratu zuen. Carapaz Miguel Angel Lopez (Astana) atzean uzten saiatu zen, baina oker jo zion kukuak, azkenean atzean utzi baitzuen Lopezek. Ohorezko postu baten bila dabiltzan batzuk ere mugitu ziren; hala nola, Pello Bilbao (Astana).

Hautagai nagusiek ez zuten gutxiago izan nahi, eta eraso festara batu ziren. Aurreko egunetako gorputzaldia izan balu, festako erregea zatekeen berriro Yates. Atzo, aitzitik, hankek ez zioten erantzun, eta orain ahuldadea buruan izan dezake. Mendiko bi etapa nagusiak jokatuko dira datozen bi egunetan, eta britainiarrak zalantzak eta beldurrak izango ditu arerio; baita Dumoulin ere. Herbeheretarra minutu erdira hurbildu da, eta ez du aukera alferrik galdu nahiko. Urrutiago dira Pozzovivo eta Froome: 2.43 eta 3.22ra, hurrenez hurren.

Gaurko etapak 184 kilometro eta 4.400 metroko desnibel metatua du. Giro honetako mendaterik altuena igoko du tropelak: Finestre. 18 kilometro eta %9ko pendiza dauka, eta hori gutxi balitz, igoeraren zati handi batek ez du asfaltorik. Helmuga lehen mailako Bardonecchian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.