Xerez, mirariaren bila

Osasunak Xerezi irabazita amaitu nahi du denboraldia, baina Espainiako taldeak salbazioa du jokoan

Iruñea
2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Sailkapeneko azken sailkatua hartuko du gaur Osasunak Nafarroako Erresuman, denboraldiko azken partidan. Xerezek mailari eusteko azken aukerak baliatu nahi ditu gaur, eta Osasunak ez du ezer jokoan. Jerezen (Espainia) itxaropentsu eta baikor daude, baina Jose Antonio Camachok argi utzi zuen atzo gorritxoek ez diotela inolako erraztasunik emango Nestor Gorositok zuzendutako taldeari. «Zaila izango da Xerezek mailari eustea, beste taldeen emaitzak aintzat hartu gabe, Osasuna Nafarroako Erresuman menderatzea oso zaila izango baita».

Sailkapeneko azken tokian izanagatik, Xerez mailari eusteko itxaropenarekin iritsiko da Iruñera, dena dela. Iruñean irabazteaz gain, Valladolidek, Tenerifek eta Malagak azken jardunaldian punturik ez batzea derrigorrezkoa du. Zaila izango du helburua lortzea, baina ez da ezinezkoa, eta baikortasun ikaragarria hedatu da Jerezen inguruan. Valladolidek Bartzelonaren zelaian jokatzen du, Malagak Real Madrilen bisita jasoko du, eta Tenerifek Mestallan jokatuko du: ez da zaila hiru taldeak galtzen imajinatzea. Xerezek Iruñean irabazi egin beharko du, ordea. Osasunak orain bi jardunaldi amaitu zituen etxeko lanak, eta gaur arratsaldeko lehian ez dute ezer jokoan izango gorritxoek, baina aurkariak baino motibazio gutxiago izanagatik, sasoiko azken partida irabazi egin nahi dutela argi utzi dute Camachok entrenatutako jokalariek aste honetan egindako adierazpenetan.

«Nafarroako Erresuman irabazi egingo dutela segurutzat jotzen dute Jerezen, baina ni haien lekuan ez nintzateke hain seguru egongo. Azkenean haien irabazteko premia eta puntu gosea gailen daiteke, baina talde askoren etorkizuna dago jokoan, eta profesionalak garenez irabaztera zelairatuko gara gu ere», esan zuen herenegun Oier Sanjurjok, esaterako. Lizarrako atzelariak ezin hobeto azaldu zuen. Partida guztiak irabazten ahalegintzera derrigortuta daude futbolari profesionalak, alderantzizkoa ulergaitza izango litzateke, baina bi taldeek lehian jokoan dutena ahazterik ez dago, eta kasu honetan Xerezek Osasunak baino sari garrantzitsuagoa dauka jokoan, zalantzarik gabe. Batek zaleen aurrean itxura ona ematea. Besteak, aldiz, salbazioa. Bada aldea.

Behetik gora

Jose Angel Zigandaren aginduetara hamazazpi jardunalditan zazpi puntu soilik lortu zituen Xerezek, baina hurrengo hogei partidetan 26 puntu bildu ditu, eta ezinezkoa zirudiena eskura ikusten du orain. Sasoiko 19. jardunaldian egin zuen debuta Gorositok, eta lehendabiziko partida hura Osasunaren aurka jokatu zuen Xerezek, hain zuzen ere. Aise nagusitu ziren gorritxoak (1-2), eta Xerezek Gorositorekin ere partida gutxi irabaziko zituela zirudien orduan. Hargatik, bigarren itzulian Osasunak baino puntu gehiago bildu ditu Xerezek: 25 puntu Xerezek eta 19 besterik ez Osasunak. Eta Larraintzarko entrenatzailearekin hain puntu gutxi batu izan ez balituzte, helburua ziurtatuta izango luke Xerezek honezkero.

Min hartutako jokalariez gain, Pandiani eta Aranda golegileak deialditik at utzi zituen atzo Camachok, eta iragan asteburuan Espanyolen zelaian hasieratik jarritako hamaikakoaren aldeko apustuari eutsi ahal dio gorritxoen entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.