Zientzia fikzioa dirudi, baina ez da fikzioa, zientzia baino ez. «Dena normal badoa, taldeko kide bakoitzak gaurko erlojupekoan egingo duen denbora asmatuko nuke, hamar-hamabi segundoren bueltan. Dena ez dago neurtuta, baina %95a bai». Iban Belaskorena (Arrasate, Gipuzkoa, 1980) da esaldia, eta ez da igarlea, Astana taldeko prestatzailea baizik. Txirrindulari profesional ohia eta ingeniaria da, eta errendimendua hobetzea da bere zeregina, erlojupekoan batez ere.
Erlojupekoek, izan ere, laborategi itxura hartu dute. Bi dira kontrolatu beharreko aldagaiak: jarrera aerodinamikoa eta ahaleginaren banaketa, eta ondo bete. Baina nola? «Erlojupekoko ibilbidea zehatz aztertu dugu, eta zati ezberdinetan banatu. Txirrindulari bakoitzari zati bakoitzean zenbat watteko potentzian jardun behar duen esan diogu: igoeran, hainbeste watt hiru minutuz; ordekan, beste hainbeste lau minutuz... Horretan jarri dugu arreta aurten, eta txirrindulariek ikusi dute plana betetzen badute hobeto aritzen direla».
Belaskok urtebete pasa darama taldean, eta tarte horretan asko hobetu da kide guztien bakarkako jarduna. Pello Bilbao jarri du adibide. «Bazuen erlojupeko ona egiteko potentzia, baina ezagutza falta zitzaion bere ahala zukutzeko. Ion Izagirrek berezkoa du ahala neurtzeko sena, baina Peiok ez.Topera irteten zen, eta gero behera egiten zuen. Potentzia neurgailuak irakatsi egin dio». Gailu hori da gakoa. Txirrindulariek sortzen duten energia neurtzen du, eta, bide batez, errendimendua. «Etapa normaletan ez da erabakigarria. Bernalek erasoa jo, eta zu neurgailuari begira bazaude galduta zaude. Baina erlojupekoetan lagungarria da», argitu du.
Aerodinamika da zaindu beharreko beste aldagaia, eta mugara eramaten da. «Gure kasuan, esaterako, jantzien ehuna aldatzearen garrantzia ikusi dugu». Garrantzitsuagoa da, halere, bizikleta gaineko jarrera, haizearekin talka ez egiteko. «Baina ez gara itsutu behar», esan du Belaskok. «Neguan lantzen da, baina orekatu behar dira aerodinamika eta potentzia produkzioa. Txirrindularia eroso ez badoa, ezingo die indar askorekin eragin pedalei». Astanan astero egun bat eskaintzen diote erlojupekoa entrenatzeari.
Belaskok bi aldiz hartu zuen parte Tourrean, eta erlojupeko bakarra jokatu. 186. bukatu zuen, 189 partaidetatik. «Hortik datorkit pasioa. Ez nintzen ona erlojupekoetan, baina, gaur dakizkidan xehetasunak jakin izan banitu, ziur nago hobeto egingo nuela». Nabarmentzea, baina, ez da erraza, talde guztiek ikertzen baitute nola hobetu. Astanan, esaterako, elikadurarekin ari dira. «Sasoi hasierako egonaldian erlojupeko egun bat simulatu genuen. Txirrindulariek maila ona eman zuten, eta egun hartan eta bezperan jandakoa protokolo bihurtu dugu. Ez da gakoa, baina lasaitsuna ematen die. Esaterako, badakite ez dagoela beherakoa eragin ahalko liekeen saltsarik».
Erlojupeko zaila
Gaurko erlojupekoaren ibilbidea «buruz» daki Belaskok. Behin baino gehiagotan joana da, bideoz grabatua du, eta taldeko txirrindulariei bideo editatuak bidali dizkie jada. Pertsona aproposa da hura aztertzeko. «Erlojupeko gogorra da. Hiru igoera eta bi jaitsiera zail ditu. Azken hamar kilometroak lauak dira. Ez da espezialista handientzako aproposa. Egun, itzuli handiek ez dute erlojupeko lau-laurik. Oso laua jartzen badute, espezialistek alde handia ateratzen diete igotzaileei».
Eta gaur, Thomasek mina egin dezake? «Bai, baina ez dira egongo garai bateko aldeak. Igotzaileek ikasi dute: Yates anaiek, Pinotek... Eta bai, Thomasek min egingo du, pistatik datorrelako eta espezialista delako, baina minutu baten bueltan ibiliko da, edo gutxiago».
Frantziako Tourra
Xehetasun txikien zientzia
Iban Belaskok gaurko erlojupekoa aztertu du, eta ez du espero minutu batetik gorako alderik faboritoen artean. Astanak bakarkako jardunean izandako gorakadaren erantzuleetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu