Xedea argi duela

Realak Mallorcaren zelaian jokatuko du gaur, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Ander Avellaneda futbol entrenatzailearen esanetan, norgehiagoka «gogorra» izango da.

(ID_13570428) (/EZEZAGUNA) (;)
Take Kubo, Beñat Turrientes, Hamari Traore eta Martin Zubimendi, gaur, Mallorcan, entrenatzen hasi aurretik. MANIX DIAZ DE RADA
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Sevilla ahaztu, eta Mallorcan lur hartu. Realak Espainiako Kopako finala jokatu nahi du, eta Cartuja estadioari so dira txuri-urdinen jirako asko. Halere, finalerdiak gainditu behar ditu lehendabizi, eta, horretarako, garrantzitsua da estreinako norgehiagokan emaitza ona lortzea. Donostiarrek gaur jokatuko dute joaneko neurketa, Mallorcaren aurka. Imanol Alguacilen taldeak etxean jokatuko du itzulerako norgehiagoka, baina Son Moixen irabaztea du lehendabiziko lana. Izan ere, kanporaketan aurrea hartzea gako izan daiteke final preziatura iristeko bidean: «Futbolean gauza asko gertatzen dira. Reala faboritoa da, baina partidak jokatu egin behar dira. Bi partidatara edozer gertatu daiteke, baina lasai nago: ikusi dugu Imanol dagoen bitartean taldea ez dela erlaxatuko», esan du Ander Avellaneda futbol entrenatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1984).

Mallorca hamabosgarren dago ligan, eta jaitsiera postuetatik urrundu nahian ari da. Alabaina, oso bestelako itxura eman du kopan, eta finalaren atariko kanporaketan kokatu da Girona kanporatuta. Hain justu, Kataluniako taldea Realaren aurkari izan zen larunbatean, ligan, eta emandako itxura onak hauspotuta helduko dio gaurko neurketari: «Partida gogorra izango da. Mallorca ligan ez da eroso ari, baina egia da kopan gauzak ondo egiten ari dela. Finalerdietara iritsita ilusio handiarekin daude; ez dute ezer galtzeko, eta asko dute irabazteko. Realak partida ona egin zuen Gironan, eta konfiantzarekin egongo dira».

«Reala faboritoa da, baina partidak jokatu egin behar dira. Bi partidatara edozer gertatu daiteke, baina lasai nago: ikusi dugu Imanol dagoen bitartean taldea ez dela erlaxatuko». 

ANDER AVELLANEDA Futbol entrenatzailea

Realak lesio zerrenda luzea du, eta hori du kontran. Ordea, Hamari Traorek eta Takefusa Kubok amaitu dute Afrikako eta Asiako kopan egin duten ibilia, eta donostiarren multzora batu dira: «Bi jokalari garrantzitsu dira, eta Imanolen konfiantza dute, gainera. Taldearentzat ere ona da Kubo eta Traore zelaian egotea, konfiantza ematen diolako. Horrek mentalki asko eragiten du. Gehitzeko daude, eta, nahiz eta nekatuta etorri, ziur garrantzitsu izango direla».

Zaildutako entrenatzailea

Mallorcaren taldeak gaztetasuna eta esperientzia uztartzen ditu, nola zelaian, hala aulkian ere. Javier Aguirre da entrenatzailea. Mexikarra ibilbide luzeko prestatzailea da, zaildutakoa, eta bere suhartasuna taldean islatu nahian ari da. «Entrenatzailea ona da», azpimarratu du Avellanedak. Teknikari tolosarraren arabera, «lehiakorra da, gertukoa eta taldeak asko sinesten du harengan. Iaz, garai zail batean hartu zuen taldea, eta aurrera atera zuen. Ziur naiz Aguirrek gauzak zail jarriko dizkiola Realari».

Donostiako taldeak neurketa asko izango ditu datozen asteetan, eta, gainera, sasoiaren norabidea finkatzeko garrantzitsuak izango dira gehienak. Hiru txapelketa uztartuko ditu hilabete osoan: liga, kopa eta Txapeldunen Liga. Horrek norgehiagoken prestaketan eragin dezakeen galdetuta, ezetz uste du Avellanedak: «Orain esaten den bezala, partidaz partida joan behar da. Orain, gaurkoa da partidarik garrantzitsuena. Haiek [klubak] jakingo du nola dauden fisikoki. Egia da azken partidetan planteamendu ezberdinak egin dituztela. Imanol eta bere lantaldea ariko dira horretan».

Gaur abiatuko da finalaren atariko kanporaketa, eta hilaren 27an jokatuko dute itzulikoa. Ordurako finalaurrekoa bideratzen badu, Realak asko izango du lortuta. Xedea argi duela ekingo dio gaur iluntzeko norgehiagokari.

Imanol: «Historia egiten jarraitzeko aukera dugu»

Realak gaur bideratu nahi du Espainiako Kopako finalera sailkatzeko helburua. Txuri-urdinek Mallorcan jokatuko dute finalaurrekoen joanekoa, eta aldea eskuratuta itzuli nahi dute Herrialde Katalanetan egindako egonalditik. Imanol Alguacilen taldeak Gironan jokatu zuen larunbat gauean, eta handik egin zuen Mallorcarako bidaia.

Nolanahi ere, Donostiatik abiatutakoei bi jokalari gehitu zaizkie azken orduetan. Hamari Traore eta Takefusa Kubo. Biak jokatzen moduan daude, eta, Imanolek nahi badu, hasieratik aritu daitezke. Kontrara, Alvaro Odriozolak eta Sheraldo Beckerrek min hartu zuten ligako azken neurketan, eta deialditik kanpo geratu dira. Baita Carlos Fernandez ere; aurrelari espainiarrari herenegun egin zioten ebakuntza meniskoan.

Imanolek adierazi zuenez, «garaipenaren bila» aterako da Reala. «Guri arrakasta eragin diguna da ez begiratzea. Partida final bat balitz bezala jokatu behar dugu, eta horrek mantenduko gaitu kanporaketan bizirik. Itzulerako partidan pentsatzen hasten bagara, galdu egingo dugu».

Teknikari oriotarrak uste du partida zaila izango dela Mallorcakoa: «Talde indartsua da, gogorra, eta defentsan izugarrizko lana egiten du». Nolanahi ere, txuri-urdinen prestatzaileak nabarmendu du kanporaketa gainditzeko bidean kokatu nahi dutela: «Historia egiten segitzeko aukera dugu».

MALLORCA-REALA
Mallorca. Rajkovic; Gio Gonzalez, Copete, Valjent, Nastasic, Jaume Costa; Mascarell, Morlanes, Antonio Sanchez, Dani Rodriguez; eta Muriqi.
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Le Normand, Galan; Zubimendi, Merino, Brais Mendez; Kubo, Sadiq eta Barrenetxea.
Epailea. Muñiz Ruiz. 
Lekua. Son Moix (23.142 ikusle). 
Ordua. 21:00 (La1).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.