Futbola

Xedea aldatu da: aurkaria ez

Eibarrek gaur jokatuko du, Oviedoren aurka (18:30), Lehen Mailara igotzeko finalerdietako joaneko partida, Carlos Tartieren. Bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten 2013an, Bigarren Mailara igotzeko finalerdietan. Eta, orduan, Eibarrek irabazi zuen.

Ager Aketxe (Eibar), lehian, Oviedoko Dani Calvo eta Oier Luengorekin. FOKU
Ager Aketxe (Eibar), lehian, Oviedoko Dani Calvo eta Oier Luengorekin. FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 8a
05:05
Entzun

Lehen Mailara igotzeko bidean, lehen oztopoari egin beharko dio aurre Eibarrek, gaur. Oviedon ariko da, Lehen Mailara igotzeko finalerdietan (18:30, Movistar). Itzulerako partida, berriz, asteazkenean jokatuko da, Ipuruan. Joseba Etxeberriaren taldeak badu garaipenean sinesteko arrazoirik: iragan asteburuan 4-3 gailendu ziren, ligako azken jardunaldian.

Ezagun zaharrak dira bi taldeak oraingoaren antzerako kanporaketetan. 11 urte igaro dira Eibarrek eta Oviedok mailaz igotzeko kanporaketetan elkarren aurka jokatu zutenetik. Ipuruako taldea nagusitu zen orduan, eta, finalean L’Hospitalet garaituta, igotzea lortu zuen. Egoera, ordea, guztiz bestelakoa da gaur egun. Garai hartan, 2.B mailan zeuden Eibar eta Oviedo, eta Bigarren Mailara igotzea zuten xede. Denbora tarte honetan, amets bat bizitzeko aukera izan du Eibarrek, zazpi urte egin baitituzte Lehen Mailan. Oviedori, berriz, kosta egin zitzaion zilarrezko ligara itzultzea. 2015. urtean lortu zuen, eta, geroztik, hau du Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko dituen lehen aldia.

Eibarrek loria dastatu zuen zazpi urtean Lehen Mailan jokatuta. Baina, geroztik, amesgaiztoa bilakatu dira gipuzkoarrek Bigarren Mailan egin dituzten urteak. Duela bi urte, denboraldiko azken segundoan galdu zuten, ordurako maila galduta zeukan talde baten aurka, Alcorconen aurka. Berdinketak Lehen Mailara igotzeko balio zion orduan Gaizka Garitanok zuzentzen zuen taldeari, baina amaiera krudela izan zuen. Are krudelagoa izan zen, gainera, kanporaketetan Gironak kaleratu baitzuen, finalerdietan. Iragan sasoian ere, lehengo lepotik burua. Lider zen lau jardunaldiren faltan, eta puntu bakarrak aldendu zuen igoeratik. Kanporaketetan, harri berarekin egin zuen tupust: Alavesek finalerdietan kaleratu zuen.

EIBAR OVIEDO
Eibarren eta Oviedoren arteko partida, Bigarren Mailara igotzeko finalerdietako itzulerako partidan. JUAN CARLOS RUIZ

Hirugarren aukeran, akatsetatik ikasi duela erakutsi du Eibarrek. Urriaren 10etik, jardunaldi bakarra egin du lehen sei sailkatuetatik kanpo, eta hirugarren postua ziurtatu zuen igandean. Gainera, prentsaurrekoan aipatu zuen horrelako kanporaketak jokatu dituzten «jokalari asko» dituztela taldean, eta hori «puntu gehigarri» bat dela. Gainera, biharko partidarako taldea «oso gogotsu» dagoela nabarmendu zuen: «Taldea konfiantzaz dago, eta erronkari aurre egiteko prest. Finalerdiak dira, eta badakigu zer daukagun jokoan». 

Iragan astean elkarren aurka jokatutako partida dela eta, bi taldeek elkar «oso ondo» ezagutzen dutela nabarmendu zuen teknikariak. Hala ere, partida guztiak «desberdinak» direla azpimarratu zuen. Bestalde, deialdiari dagokionez, hutsune bakarra izan du elgoibartarrak. Jon Bautista, taldeko golegile nagusia, ez da ariko, osasun arazoak direla medio. Ligako azken hiru neurketak galdu zituen, eta ez da osatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.