Oriok sekulako aukera dauka lehen aldiz Kontxako Bandera irabazteko, azkarrena izan baitzen herenegun, lehen jardunaldian. Beste hainbat talderi atera zien aldeak eman du, ordea, zeresana, gutxitxo izan zelakoan eta oriotarrek ez zutelakoan lanik onena egin. Azkar moztu nahi izan ditu esames horiek Xanti Zabaletak, entrenatzaileak: «Estropada ona egin genuen, kontuan edukita badintza guztiak. Batetik, ez dut uste laugarren kalea onena zenik kanpora joateko, eta, bestetik, estropada zaila zen gure arraunlarientzat, irabazteko gutxi eta galtzeko asko zuen eguna izanik. Antsietatea eta presa herenegun ziren arriskutsuak, lehen igandean, eta ondo gainditu zuten arraulariek». Gehitu du ez dela erraza hamar minutuko lanean alde handiak ateratzea: «Gizonezkoen artean hogei minututan bost segundoko aldea egon bazen, zergatik da alde txikia guk Hibaikari hamar ateratzea txanda berean?».
Onartu du, hala ere, barrura hobeto etorri zela trainerua kanpora joaterakoan baino: «Beste zerbait erakutsi genuen bigarren luzean, hori hala da, baina horrek ez du esan nahi aurreneko luzea txarra izan zenik». Aldeen zenbatekoaren inguruan, beste hau ere gehitu du: «Kontuan izan behar da Kontxakoa urteko estropada dela, eta talde guztiek ohi baino motibazioa bereziagoa izaten dutela».
Aurkari zuzena edo, behintzat, gertuen duena Arraun Lagunak da, udan osoan bezala. Lehenik eta behin, txalotu egin du Zabaletak donostiarrek igandean egindako estropada: «Urteko lanik onena egin zutela uste dut». Bigarren igandean, alboan izango dituzte, herenegun ez bezala, eta horrek lasaitu egiten du Zabaleta: «Txanda ezberdinetan joateak kezka eragin zidan, aukeran nahiago izaten dudalako aurkari zuzena alboan eduki».
Inork ez daki zer gertatuko den aste honen azken egunean; bandera preziatua nork eramango duen ezin da jakin orain, baina Zabaletak onartu du aukera gehien Oriok dituela: «Sei segundoren aldea dugu, eta hori ondo kudeatzeko aukera guk daukagu». Badaki, dena dela, ezin dutela lo hartu: «Herenegungoa jokatu ez balitz bezala atera behar dugu, estropada zerotik hasita. Ezin dugu pentsatu beste ezertan. Denok parean bageunde bezala irten behar dugu, kontrolatzen ditugun baldintza eta eragile guztiak ondo menderatuz».
Bi talderen lehia izango dela esaten aritzea ez da Hibaika edo San Juan gutxiestea, baina kontua da Orio eta Arraun liga bat gorago dabiltzala, beste biak bat beherago, eta horrek aldea egin beharko lukeela, baina Zabaletak ez du inor baztertu banderaren lehiarako: «Aurkaria ez da Arraun bakarrik. Beste guztiak ere hor daude». Gero, kiroletik kanpo egon daitezkeen eta tarteka gertatzen diren gertakariak aipatu ditu: «Edozein matxura gerta liteke. Begira zer gertatu zitzaigun etxeko estropadan. Ziabogan toleta hautsi, eta arraunlari bat gutxiagorekin egin genuen arraun bigarren luzean. Halakoetan, hamarretik bederatzi alditan ez duzu irabazten, baina guk lortu genuen arazoa kudeatzea. Horrelako matxurak edo arraunlari baten ondoezak emaitza baldintza dezake, eta hemen alferrik da luzera begira pentsatzea; egunetik egunera joan behar da».
Arrauna. Kontxako Bandera
Xanti Zabaleta: «Zerotik hasi behar dugu datorren igandean ere»
Orioko entrenatzailea gustura dago arraunlarien igandeko lanarekin: «Estropada ona egin genuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu