Xanpaina iraungi baino lehen

Bihar jokatuko da Sei Nazioen Torneoko azken jardunaldia, eta Frantziak edo Irlandak, bietako batek irabaziko du txapelketa. Fabien Galthieren selekzioak Parisen Ingalaterrari irabaztea nahikoa du, 11 urteko lehorteari amaiera emateko.

Bundee Aki Irlandako selekzioko jokalaria, baloiarekin, Frantziako Romain Ntamack eta Gael Fickou gainditu nahian. DAN SHERIDAN.
Iñaki Berastegi.
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bihar, bosgarren eta azken jardunaldian erabakiko da nork irabaziko duen aurtengo Sei Nazioen Torneoa. Bi hautagai baino ez daude: Frantzia eta Irlanda. Frantziako selekzioak du aukera gehien, orain arteko neurketa guztiak irabazi baititu. Irlandari dagokionez, bere neurketa irabazi behar du, eta Frantziak azken norgehiagoka galtzea. Beste lau selekzioek, Ingalaterrak, Galesek, Eskoziak eta Italiak —itxura guztien arabera, azken postuan amaituko du— ezer gutxi dute jokoan. Bihar jokatuko dituzte partida guztiak: Gales eta Italia aurrez aurre ariko dira Cardiffen (15:15); Irlandak Eskozia hartuko du, Dublinen (17:45) eta Frantziak, Ingalaterra, Parisen (21:00).

Txapelketaren bilakaera ikusita, Fran Puertas (Ordizia, Gipuzkoa, 1963) errugbi jokalari historikoak uste du «aurreikuspenak bete» direla. «Udazkeneko neurketetan oso ondo aritu ziren Frantzia eta Irlanda, baita Ingalaterra ere. Hiru horietako bik dute orain torneoa irabazteko aukera». Hain justu, Zeelanda Berriko selekzioa menderatu zuten bi selekzioetako batek irabaziko du Sei Nazioen Torneoa. Puertasen ustez, aldagai guztiak kontuan hartuta, Frantzia da faborito. «Etxean jokatuko du, eta Ingalaterra betiko kontrarioaren aurka. Gainera, Ingalaterrak mota guztietako partidak jokatu ditu; irregularra izan da. Kontuan hartu behar da Frantziako selekzioak 11 urte daramatzala torneo hau irabazi gabe. Beraz, ez dut uste kale egingo dutenik. Egiten ari diren jokoa ikusita, pentsatzekoa da eurak izango direla txapeldun». Xanpain errugbiari esker, badirudi 11 urtez gordea izan duten xanpainari kortxoa kentzeko gai izango direla.

Torneoa irabazi ez ezik, modu bikainenean ere lor dezake Frantziak. Izan ere, Ingalaterraren aurkakoa irabaziko balu, Grand Slama —torneoko partida guztiak irabaztea— ere erdietsiko luke Fabien Galthieren selekzioak. Txapelketa, azkenekoz, 2010ean irabazi zuen, eta orduan ere bost neurketetan garaile izan zen. «Oso errugbi ona egiten ari dira, eta torneo oso ona jokatu dute. Defentsan oso ondo ari da, eta baloia mugitzeko orduan talde eraginkorra da. Aurreko txapelketekin alderatuta, nabarmentzeko modukoa da defentsan hobeto ari direla, jokalari guztiei arlo horretan konpromiso handia nabari zaielako. Talde osoa da».

Matematikoki, ordea, oraindik ez da txapelduna. Irlandak ere badu aukera, Eskoziari irabazi eta Frantziak etxean galtzen badu. «Irlandak oso torneo ona jokatu du. Oso erregularra da, eta partidetan, hasi eta buka, ondo lehiatzen da. Horrez gain, fisikoki talde indartsu eta gogorra da, eta baloia edukitzean abiadura handia emateko gai ere bada. Antzeko maila dute Frantziak eta Irlandak. Euren arteko neurketa etxean jokatu izana aprobetxatu zuen Frantziak [30-24 irabazi zuen Frantziak], eta horrek erabaki dezake torneoa».

Txapelketa orokorrean aztertuta, Puertasek uste du «maila handiko partida entretenigarriak» ikusi ahal izan direla. «Partida irekiak izan dira gehienak. Disfrutatzeko moduko txapelketa izan da ikuslearentzat». Hein batean, Eskoziak, Galesek eta Italiak eskainitako mailari esker ere lortu da hori. «Eskozia itzalpean egon den selekzioa izan da. Baloia ondo mugitzen saiatzen den taldea da».

Iazko txapelduna, Gales, espero baino apalago aritu bada ere, Puertasek ez du uste «dezepzio» gisa definitu daitekeenik. «Min hartuta dauzkan jokalari guztiak ikusita, uste dut nahiko ondo lehiatu direla. Jokalari berriak sartu eta beste batzuk tokiz mugitzeko aprobetxatu du Wayne Pivac hautatzaileak, datorren urteko Munduko Kopari begira».

Italiaren aukera

Italiarekin, zer esanik ez, aurreikuspenak bete dira. Izan ere, zazpigarren urtez jarraian egurrezko koilara irabaziko duela ematen du. Hori bai, orain arteko neurketa guztiak galdu arren, lehiarako grina handia erakutsi dute italiarrek. Hala, azken jardunaldian, 2015etik lortu ez dutena lortzea baino ez dute buruan: Sei Nazioen Torneoko partida bat irabaztea. «Partida guztiak galduta ere, Italia gustatu zait. Neurketa guztietan borrokatu da, eta bere jokoa egiten ahalegindu da».

Horri lotuta, torneoa jokoan zela, etorkizunean Hegoafrikak Italia ordezkatu dezakeela dioen zurrumurruak indar handia hartu du. «Kirol eta arlo ekonomikoan, Hegoafrikako selekzioarentzat zein Sei Nazioen antolatzaileentzat interesgarria izan daiteke». Dena den, egun, Hegoafrikak Zeelanda Berriarekin, Australiarekin eta Argentinarekin Sanzaar partzuergoa osatzen du, Errugbi Txapelketa torneoa jokatzeko. Hori utzi beharko luke.

Frantziako 2023ko Munduko Kopa ate joka dela, etxeko selekzioak dena alde du 11 urteko lehorte gogorrari behingoz amaiera eman, eta Munduko Kopako prestaketaren azken fasea modu ezin hobean abiatzeko. Xanpaina prest dute, baina, argi, Irlandak ez duelako esan azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.