Aspeko abokatuak aztertzen ari dira helegitea jarri ala ez EAEko Auzitegi Nagusiko lan arloko sailak Yves Salaberri Xala enpresako pilotari ohiaren alde emaniko ebazpenari. Jarriz gero, Espainiako Auzitegi Gorenera jo beharko lukete. Auzitegi Nagusiak ekainaren 13an eman zuen epaia, eta Fernando Bidarte enpresako burua Xalari 150.000 euro ordaintzera zigortu du, pilotariaren ohore eskubidea urratzeagatik. Dena den, hori ez da bi aldeen artean indarrean dagoen auzibide bakarra, epaitegi berberak pilotariaren kontratuaren azken kitatzearen inguruko lehen ebazpena baliorik gabe utzi baitu. Eibarko epaitegiko lan arloko salak Xalak azken kitatzea jasotzeko eskubiderik ez zuela ebatzi zuen, eta orain berriz egin beharko da epaiketa.
Xala eta Asperen arteko epaibidea oraindik ez da bukatu, baina pilotariak jarritako helegiteak aurreneko ebazpena aldatu du. Ebazpen hura Eibarko epaitegiko lan arloko salak eman zuen martxoaren 24an, eta Xalaren salaketa guztiak baliogabetu zituen. Pilotariak helegitea jarri zion, eta oraingoan arrazoia eman diote salaketako zati batean. Fernando Bidarte Aspeko buruak ETBn eginiko adierazpen batzuetan zera esan zuen Xalari buruz —oraindik Aspeko pilotaria zela—: «Azken aldian ondo jokatzen ari da, baina urte osoan ez da hala aritu; pilotari batek ezin du kontratua bukatzen zaionean bakarrik jokatu ondo», eta, epaitegiaren iritziz, pilotariaren ohore eskubidea urratu zuen hitz horiekin.
Eibarko epaileak ez zuen deliturik ikusi. Bai, ordea, Auzitegi Nagusiak, eta horregatik zigortu du Bidarte. Epaileen ustez, nahita gaizki jokatu izana egotzi zion Xalari, eta «ospe» horrekin oso zaila da beste pilota enpresa batekin kontratua sinatzea. Epaiak dioenez, ezin da halakorik frogatu, eta, era berean, pilotan «bereziki zorrotzak» izan beharra dela uste dute halako «susmoak» zabaltzea eragozteko, ikusleek apustuak egiten dituztelako.
Epaitegiak, dena den, ez ditu onartu Xalak eginiko beste salaketak. Pilotariak ohore eta intimitate eskubidea urratu izana, lortu gabeko irabaziak, kalte moralak eta errepresaliak egotzi zizkion Bidarteri. Besteak beste, pilotariaren osasun egoerari buruzko adierazpenengatik, eta hitz haiek ekar zitzaketen ondorioengandik. Pilotariak guztira 1,4 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zuen, eta epaiketa martxoaren 10ean egin zen. Epaileak pilotariaren salaketa guztiak baliogabetu zituen, eta Xalak helegitea jarri zuen.
Froga ez argigarriak
Auzitegi Nagusiko lan arloko salak, halaber, Xalak kontratuaren azken kitatzearen inguruko epaiketa errepikatzeko agindu dio Eibarko lan arloko sailari. Epaitegi horrek azken kitatzea ukatu zion Xalari martxoan eginiko epaiketa batean, eta pilotariak helegitea jarri zuen. Orain, enpresak jar diezaioke helegitea baliogabetze horri.
Auzitegi Nagusiaren iritziko, lehen ebazpenaren oinarria da, besteak beste, Xalak beste pilotari gehienek baino soldata handiagoa zuela; baina Aspek hori erakusteko eramaniko frogak ez dira argigarriak. Aspek izena ezabatua zuten hiru pilotariren lan agiriak erakutsi zituen epaiketan Xalaren soldatarekin alderatzeko. Auzitegi Nagusiaren iritziz, agiri horiekin ezin da frogatu pilotari horien lan baldintzak horiek direnik, ezta baldintza horiek Aspeko pilotari gehienenak edo gutxienenak diren ere.
Orain arte, azken kitatzea epaitegien bitartez eskatu duten pilotariek aldeko ebazpenak jaso dituzte. Besteak beste, Iñigo Pascualek eta Ekaitz Saralegik.
Xalaren aldeko epaia dela eta, Aspe aztertzen ari da Auzitegi Gorenera jotzea
Pilotariaren kontratuaren azken kitatzearen auzia berriz epaitzeko agindu dio Auzitegi Nagusiko lan arloko sailak Eibarko epaitegiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu