Urrutikoetxea 14. Xala 22

Xalak gehiago nahi du

Txapelketako partida onena jokatu, eta ondo irabazi dio Urrutikoetxeari.Lau t'erdikoan berriz ere gustura jokatuko lukeela aurreratu du

Xala sake bat egiten, atzo, Elizondon, Urrutikoetxearen aurka jokaturiko partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Iraupena. Partidarena 46.44; jokoarena 9.44.

Pilotakadak. 206.

Saketik. Urrutikoetxeak 2; Xalak 1.. Markagailua. 0-3, 2-3, 2-6, 3-6, 3-7,10-7, 10-8, 11-8, 11-17, 13-17, 13-20,14-20eta 14-22.Bestelakoak. Jende asko inguratu zen Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekura. Apustuak doblen irten ziren Urrutiren alde.

Xalak irribarre batekin esan dio agur lau t'erdikoari. Atzo, Elizondon, maila ona emanda irabazi zion Urrutikoetxeari. Ezker eskua aurreko bi partidetan baino hobe zuen eta bere irudia garbitu zuen. Egia da deus ere jokoan ez zegoela, Urrutikoetxeak lehen postua matematikoki ziurtatuta zuelako, baina Xalak oraindik ere puntan joka dezakeela erakutsi zuen.

Jokatu ahal, eta nahi, partida amaieran eman zuen ezusteko handiena. Ia mundu guztiak lau t'erdiko azken partida izango zuela uste zuenean, Xalak ez zion atea itxi berriz ere parte hartzeari. Martxoan bukatzen zaio kontratua Asperekin, eta berak esana zuen hau zuela bakarkako azken txapelketa. Halere, badirudi iritzia aldatu duela, gustura aritu da prestatzen, eta, Asperekin akordio bat lortuz gero, inork ez dezala alboratu heldu den urteko parte hartzaile kinielan.

Lekuinekoak, izan ere, ez duzorterik izan txapelketan. Ezker eskuko minak ez dio bakerik eman, eta partidak ondo hasi arren, ezin izan ditu borobildu. Atzo, berriz, bai, Urrutikoetxearen aurka lanak hasi eta bukatu egin zituen. 3-7 irabazten hasi ondoren, Urrutikoetxeak aurrea hartu zion (11-7). Lekuinekoak orduan pilota aldatu zuen, eskuan min gutxiago ematen zion bat atereaz, eta 11-17raino joan zen. Xalak hamabi tanto egin zituen guztira, asko politak, eta aise egin zituen hogeita bira artekoak.

Urrutikoetxea, berriz, gozakaitz aritu zen. Txapelketako partidarik kaskarrena jokatu zuen. Pilotaleku berria zen berarentzat eta deseroso egon zen. Deus ere jokoan ez izateak ere ez zion motibatzen lagunduko, eta litekeena da beste batzuetan baino tako gehiago jantzi izana. Pilota aurrekoetan baino astiroago ibili zuen behintzat, eta hamar huts egin zituen guztira, bost erasoan.

Kanporaketa garbia

Juan Martinez de Irujok eta Julen Retegik gaur jokatuko dute multzoko azken partida, Iruñean, Labriten (17:00, ETB1). Biak berdinduta daude ligaxkan, eta, ondorioz, kanporaketa garbia jokatuko dute. Irabazlea finalerdietarako sailkatuko da, eta galtzaileak agur esan dio dio txapelketari. Berdinduta daude, baina Irujo da faborito. Lau aldiz jokatu dute elkarren aurka lau t'erdian eta guztiak Irujok irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.