Xalak ez du bazter utziko gerrikoa

Hilaren 21ean jokatuko du azken partida Asperekin, eta martxoan omenaldia egingo diote.Urte bukaera arte jarraitu nahi zuen.Trinketean saiatuko da, eliteko berezkoekin

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Aspek eta Yves Salaberri Xala-k (Lekuine, Lapurdi, 1979) aurki banatuko dituzte bideak. Pilotariaren kontratua hilaren 21ean bukatuko da, eta orduan jokatuko du azken partida enpresarekin. Aurrerago, martxoan, omenaldi partida antolatuko diote Ipar Euskal Herrian, Miarritzen ziur asko. Xalak urte bukaerara arte jarraitu nahi zuen, lau t'erdiko txapelketan azkenekoz parte hartzeko, baina Aspek ez du nahia bete. Pilotariak, dena den, ez du gerrikoa eskegiko, eta bi ate ditu zabalik etorkizunerako: ezker paretakoa Garferekin, eta trinketekoa berezkoen zirkuituan. Azken aukera horrek elitean lehiatzen jarraitzeko aukera emango lioke.

Fernando Bidarte Aspeko buruak iragan igandeko telebistako pilota emankizunean esan zuen Xalak ez zuela jarraituko. Modu ez oso dotorean leporatu zion kontratua berritzeko garaian bakarrik ematen zuela bere onena. Hobe lukete enpresariek moduak zainduko balituzte. Ordurako, pilotariak eta enpresak bizpahiru aste zeramatzaten harremanetan. Atzo egin zuten azken bilera, Behobian (Lapurdi), eta enpresak baieztatu zion otsailaren 21ekoa izango duela azken partida. Eibarren jokatuko du Xalak, Julen Martijarekin bikotekide, haren debuteko partidan.

«Gazteei tokia egitea lehenetsi dugu», hala azaldu zuen atzo erabakia Iñaxio Errandonea Aspeko ordezkariak. Xalak hamabost urte egin ditu Aspen —2000. urtean egin zuen debuta—, eta, azkenaldian arazo fisikoak izan dituen arren, jarraitzeko moduan ikusten du bere burua: «Ondo nengoen orain. Duela sei hilabete, bizkarreko arazoak tratatzen dizkidan masaje emaile bat ezagutu nuen Bilbon, eta berriz ere gozatzen ari nintzen. Lehenago ez ezagutu izan da dudan pena. Jarraitzeko nengoela erakutsi dut, baina, dirudienez, ez da aski izan», azaldu zuen atzo Xalak berak.

Pilotariak ondo bukatu du enpresarekin, eta nolabait ulertzen ditu arrazoiak. Binakako txapelketatik kanpo gelditu zenean hasi zen ulertzen ez zuela jarraituko. Hala ere, ez du ukatu Bidarteren adierazpenek «haserrea» eragin ziotela. «Iritzi bat dira, baina ez dute niri buruzko irudi onik ematen. Harrituta gelditu nintzen, handik bi egunera biltzekoak ginelako». Hori ez da izan agurreko puntu mikatz bakarra. «Egunkari bati esan zioten nik hernia dudala bizkarrezurrean, eta ez da egia, protusioa dut. Hernia izatetik urrun dago, eta masaje emaileak mina nola kendu asmatu du».

Irudiak kezkatzen du, oraindik urte pare baterako pilota duela uste baitu. Ezker paretan Garferekin, eta trinketean berezkoekin. «Nik ez dut erretiroa hartu; puntako pilota ez da Aspen bukatzen. Trinketa erronka bat da. Badakit kostako zaidala; inork ez du ezer oparitzen, eta probatu nahi dut. Batita Ducassourekin buruz buruko entrenamenduak egin ditut, eta ondo ikusi dut neure burua. Badakit zuriz jokatzea beste gauza bat dela, baina gorputza ondo dut, eta hori da garrantzitsuena».

Xalaren kontratua bukatuta, ez da Ipar Euskal Herriko pilotaririk geldituko Aspen eta Asegarcen, eta enpresek ez dute besterik euren gazte multzoetan. Xalak palmares handia lortu du. 2011n, buruz buruko txapeldun izan zen. Final hura jokatzeko desafio egin zien enpresei: apendizitis baten erruz finala atzeratzeko eskatu, eta hasieran ez zioten onartu. Hiru aldiz irabazi zuen binakako txapela (2002, 2007 eta 2010),bina aldiz izan zen buruz buruko (2004 eta 2010) eta binakako (2011 eta 2012) txapeldunorde, eta behin lau t'erdikoa (2005).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.