Xala eta Beroiz Bilboko torneoko finalera, partida handia jokatuta

22-13 irabazi diete Martinez de Irujo eta Apraizi, eta Olaizola II.a eta Barriolaren aurka jokatuko dute bihar

Erredakzioa
Bilbo
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Atzean ikaragarri eutsita eta aurrean maisu lana eginda, Bilboko torneoko finalera sartzea lortu zuten atzo Xalak eta Beroizek. 22-13. Argigarria da oso emaitza. Hasi eta bukatu, nagusi izan ziren gorriak, eta burumakur eta euren onetik aterata amaitu zuten partida Martinez de Irujok eta Apraizek. Atzelariak hotz ekin zion finalerdiari, eta, gozatzen hasterako, 10-5 atzetik ziren urdinak. Gerturatu ziren gero 13-9. Baina nahi izan zuen guztia egin zuen Xalak aurreko koadroetan. Izan zen iskanbila txiki bat ere, 11-6koan lapurtarrak dezenteko traba egin ziolako nafarrari. Epaileek balekotzat eman zuten tantoa, eta sutan jarri zen Irujo. 15-9, 17-10... Ezinezkoa zen emaitza hori iraultzea.

Ordura arteko lan ona biribiltzeko, aurreko koadroetan pilota dotore moztuta amaitu zuen partida Beroizek. Sasoi onean dago nafarra, eta bere lana garrantzitsua izango da biharko finalean (18:00). Olaizola II.a eta Barriolaren aurka ariko dira atzoko irabazleak, eta argi dago Xala eta Beroizentzat goizuetarrari jokatzen ez uztea izango dela txapela irabazteko aukera bakarra. Herenegun, Bengoetxea VI.a eta Zabaletari 22-11 irabazita lortu zuten finalerako txartela Olaizola II.ak eta Barriolak. Bost urte igaro dituzte elkarrekin jokatu gabe, baina bikote sendoa osatzen dute.

Gaur, ardoaren desafioak

Ardoaren desafioak jokatuko dituzte gaur Bilbon (18:00, ETB1). Lehenengo partidan, Iker Arretxek eta Jon Jaunarenak neurtuko dituzte indarrak, lau t'erdian. Bigarrenean, binaka ariko dira Titin III.a eta Laskurain, Elezkano II.a eta Albisuren aurka. Aspekoek beteranoen aldeko apustua egin dute, eta Asegarcekoek gazteen aldekoa. Elezkano II.a lehen aldiz ariko da Lehen Mailako estelar batean, eta zaratamoarrak nola erantzuten duen ikusi beharko da. Hirugarren eta azken partidan, berriz, Aitor Zubietak jokatuko du Mikel Urrutikoetxearen aurka. Hasiera batean, Retegi Bi zen jokatzekoa, baina, aurrelaria ondoezik dagoenez, etxarriarrak ordezkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.