Xala eta Cecilio (Zubietaren ordez, eskuko minez dagoelako) ligaxkako hirugarren partida jarraian irabazten saiatuko dira gaur, Donostian (22:00, ETB1), Bengoetxea VI.a eta Ladis Galarzaren aurka. Asegarcekoek, aldiz, bigarren puntua dute helburu, eta atzelariak, bide batez, azken partidan emaniko irudia garbitzea.
Ligaxkako partida da oraindik, baina giro bikaina espero da Atano III.eko harmailetan. Gipuzkoako Pilota Federazioak, enpresekin elkarlanean, sarreren salmenta dinamizatu baitu. Eskaintza bereziak antolatu zituen, eta abenduaren 30ean bukatu zen erreserbak egiteko epea. Erreserba egin zuten 13 urtez azpikoek dohain sartzeko aukera izango dute, baita 13-18 urte arteko pilotari federatuek ere. Federatu helduek, azkenik, 5 euro ordainduko dituzte. Beste guztientzako sarreren prezioak ere erakargarriak dira: 25 euro kantxan, eta 10 euro goiko harmailan.
Bestalde, asteburuko partidetarako pilota aukeraketak egin zituzten atzo goizean Bilbon eta Tolosan. Aimar Olaizola ez zen egon Miribillan, baina ez du inolako arazo fisikorik, eta bihar jokatzeko moduan egongo da. Beotibarren, berriz, Titin-Merino II.ak eta Irujo-Barriolak antzeko pilotak hautatu zituzten.
Xala, Ceciliorekin, ligaxka hasierako bolada luzatzen saiatuko da gaur
Jende asko espero dute Atano III.a frontoian, Gipuzkoako Federazioak txartel salmenta dinamizatu baitu berriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu