Xakib Laxgar euskal herritarra eta Laura Rodriguez espainiarra izan dira irabazleak 2023ko Behobia-Donostian. Denetarik izan du probak: milaka parte hartzaile, errekorra eta emozioa. Errekorra, Laxgarrek ezarri duena, 59 minutu eta 56 segundoko denbora eginda. Emozioa, Rodriguezen eta Sara Villasanteren azken metrorainoko lehiak utzi duena. Laxgarrek lasterketa irabazten duen bigarren aldia da; Rodriguezentzat, berriz, lehenengoa da.
Gizonezkoen korrikaldia oso azkarra izan da. Iazko irabazleak, Nan Oliveras kataluniarrak, lasterketa hautsi nahi izan du hasieratik, eta erritmo izugarria jarri du. Laxgarrek eta Iraitz Arrospidek eutsi diote haren joari. Pixkanaka, atzean geratu da Arrospide, eta Gaintxurizketako gainean bi gizon soilik zeuden buruan. Zortzigarren kilometroa pasatutakoan heldu da une erabakigarria: Laxgarrek erasoa jo du, atzean utzi du Oliveras, eta helmugaraino hegan egin du. Behobia-Donostia ordubete baino gutxiagoan egin duen lehen lasterkaria da.
Indian 50 kilometroko munduko txapeldun izan berri da. Helmugan azaldu du duela egun gutxi erabaki zuela Behobia-Donostian parte hartzea, eta ez zuela espero errekorra haustea.
Inoiz baino emakume gehiago
Borroka handiagoa izan da emakumezkoen proban. Erritmoa ez da horren bizia izan lehen kilometroetan, eta kosta da lasterketa buruan taldetxoa osatzea. Lehen erritmo aldaketen ostean, Rodriguez, Villasante, Pilar Fernandez eta Helene Alberdi ziren multzo horretan. Rodriguezek eta Fernandezek erasora jo dute 14. kilometroa pasatutakoan, tartetxo bat lortu dute, bainaVillasantek bikain egin du atzetik aurrerakoa. Fernandez atzean geratu da, eta azkenean esprintean erabaki da garailea. Rodriguezek 1.14.20ko denbora markatu du; Villasantek hiru segundo gehiago behar izan ditu.
«Oso pozik nago erritmoari eutsi diodalako; ondo sentitu naiz, indartsu, eta, azken kilometroan helmuga ikusi dudanean, itsututa joan naiz haren bila», kontatu du irabazleak lasterketa amaitu berritan.
Behobia (Gipuzkoa) eta Donostia arteko 20 kilometroak 25.636 lagunek egin dituzte aurten; 29.639 zeuden izena emanda, eta 253 erretiratu egin dira. Inoiz baino gehiago izan dira emakumeak: 7.482. Parte hartzaileen %29 izan dira.