Euskal Herriko motoziklismoak ordezkari bat izango du Munduko Txapelketan, zortzi urteren ostean. Xabi Zurutuza pilotu legazpiarrak Munduko Txapelketan hartuko du parte datorren urtean. Moto3 mailan ariko da, Red Bull KTM Ajo taldearekin. «Oso pozik nago, eta izugarri eskertuta nigan jarri duten konfiantzagatik. Urte ikusgarria izango da», esan du taldearekin kontratua sinatu berritan.
17 urteko pilotuak lekukoa hartuko dio Efren Vazquezi. Gidari bilbotarra izan zen txapelketa nagusian lehiatu zen azken euskal herritarra. Hamar urtez aritu zen, eta bi garaipen lortu zituen, biak 2014an, Moto3 mailan; Zurutuza lehiatuko den kategorian, hain zuzen.
Zurutuzak denbora zeraman atea jo eta jo. Bikain ari da gazte mailako Munduko Txapelketan KTM taldearekin. Bederatzi probatan aritu da, eta bi irabazi ditu: uztailaren 2an, Portimaon (Portugal), eta uztailaren 17an, Bartzelonan. Txapelketa bukatzeko hiru proba falta direla, legazpiarra seigarren postuan dago sailkapenean.