Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) saskibaloi jokalariak Espainiako Urrezko LEB ligan jokatuko du datorren denboraldian, Zunder Palencia taldean. Zortzi denboraldi eman ditu Gipuzkoa Basketen, baina «gauza berriak probatzera eta erronka berrien bila» joango da orain Palentziara (Espainia). Ibilbide berriari ekiteko «ilusioz» dagoela adierazi du azkoitiarrak.
Joan zen astean jakinarazi zuten datorren denboraldian Zunder Palencian jokatuko duzula. Zerk eraman zaitu Gipuzkoa Basket utzi eta halako aldaketa baten aldeko hautua egitera?
Nire ibilbideko unerik onenean nagoela uste dut, eta nire burua hemendik kanpo nola moldatzen den ikusi nahi dut. Sentipena nuen aukera honi uko eginda nire ibilbide profesional guztia hemen gauzatuko nuela, beste ezer berririk probatu gabe. Iruditzen zait momentu egokia izan dela halako erabakia hartzeko eta nire buruari beste erronka batzuk jartzeko.
Hain zuzen, «gauza berriak probatzeko» gogoa duzula adierazi zenuen agurreko prentsaurrekoan. Orain arte falta izan zaizun zer izango duzu datorren denboraldian?
Talde berriak hemendik kanpo nire burua probatzeko aukera eskainiko dit. Egia da ACB ligatik jaitsi berri den taldea dela Zunder Palencia eta erronka garrantzitsuak izango ditugula denboraldian zehar, baina nire ibilbide profesionalean urrats handi bat egitear nagoela sentitzen dut. %100ean zentratuta egon beharko dut, baina erronka handi horiei aurre egiteko ilusioz nago.