Futbola

Xabi Alonsoren arrakasta, Leverkusenen

Bayer Leverkusen modu ikusgarrian ari da. Alemaniako klubetik entrenatzaile tolosarraren «anbizioa» eta lan egiteko modu «zorrotza» nabarmentzen dituzte. Garaile izaera eman dio taldeari.

Xabi Alnso aginduak ematen. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Iñaki Berastegi.
2023ko azaroaren 6a
15:56
Entzun

Urriaren 5ean urtebete egin zuen Xabi Alonsok (Tolosa, Gipuzkoa, 1981) Alemaniako Bayer Leverkusenen aulkian. Denboraldi hasiera txarra egin eta gero, klubeko zuzendaritzak Gerardo Seoane entrenatzailea kargugabetu, eta haren aldeko apustua egin zuen. Simon Rolfes kirol zuzendariaren lehen aukera izan zen. «Punta-puntako jokalari izandako entrenatzailea sinatu dugu, liga garrantzitsuenetan aritutako estratega adimentsua», nabarmendu zuen Rolfesek klubaren hedabideetan. Alemaniako hedabide askoren ustez, baina, klubak arrisku handia hartu zuen, Alonsok ez baitzeukan aulkietan esperientzia handirik.
Taldearen norabidea zuzendu, eta, ondoren, anbizioarekin lehiatzea eskatu zitzaizkion Alonsori. Bundesligako bederatzigarren jardunaldiko neurketa izan zen zuzendu zuen lehendabizikoa: 4-0 irabazi zioten Schalkeri». Hurrengo sei neurketetan, ordea, hiru porrot eta hiru berdinketa pilatu zituen Leverkusenek.

Pixkanaka, baina, Alonsoren lana bere fruituak ematen hasi zen. Bigarren itzulian 30 puntu bildu eta liga 6. postuan amaitu zuten; gainera, Europa Ligako finalerdietara ailegatu ziren. Hortaz, helburuak bete zituen taldeak. Jokoari dagokionez, Alonsok azkar ikusi zuen berak egin nahi zuen intentsitate handiko joko landu hori garatzeko jokalari aproposak falta zitzaizkiola, eta denboraldian zehar hurrengo sasoirako baliagarriak ziren oinarriak ezartzera mugatu behar izan zuen, gutxi asko. Hurrengo pauso hori emateko, denboraldiaurreko lana eta klubak egindako udako fitxaketen merkatu bikaina funtsezkoak izan dira.
Joko landuren bitartez aurkariak menderatzen ditu orain Die Werkself-ek. Jabetza luzeak izanagatik ere, taldeak aurreraka jokatzen du beti, eta hiru laurdenetako jokalariek erritmo beldurgarria jartzen diote jokoari. Presio aurreratua eta baloia galdu osteko presio oldarkor eta koordinatua, adibidez, azpimarratzekoak dira.

Marrazkia ere oso aldakorra da: 1-3-2-4-1 itxura du, baina baloia ez duenean bost atzelarirekin ixten du, eta baloia duenean, aldiz, lauko lerroarekin egiten du irteera. Gainera, neurketa kontrolatu ezin izan duenean, gai izan da partidak trantsizio azkarrekin irabazteko. Florian Wirtz alemaniar gaztea da taldeko izarra. Hala, 2023-2024 denboraldi hasierako talderik erakargarriena da Leverkusen. Bundesliga, kopa eta Europa liga kontuan hartuta, hamabost neurketa jokatu, eta hamalau irabazi ditu. Europa ligan bere multzoko liderra da, eta Bundesligaren inoizko bigarren denboraldi hasiera onena egin dute; Bayern Munichen aurka baino ez dute berdindu.

Istorio berdinak
Taldearen jokoa ez ezik, jokalarien eta klubaren mentalitatea ere aldatu ditu Alonsok, eta Leverkusenen sinetsita daude denboraldia berezia izan daitekeela. Talde galtzailea izan baita historikoki, eta Neverkusen ezizena ere jarri zitzaion aspaldi. Bi titulu baino ez baititu irabazi 119 urteko historian. Duela 30 urte izan zen azkena: 1988an UEFA txapelketa irabazi zuen, eta 1993an, berriz, Alemaniako kopa. Orotara, Bundesligan bost aldiz izan da txapeldunorde, eta 2002an Real Madrilen aurka Txapeldunen ligako finala galdu zuen. Istorio berriak behar ditu klubak aurrera egiteko, eta Alonsok ekarri duen anbizio horrek eragin positiboa izan du klubean. «Bere anbizioak eta kirol arloko helburuek Leverkusenen filosofiarekin bat egiten dute %100ean», azpimarratu zuen Rolfesek Alonsok karguan urtebete egin zuenean. Fernando Carro Leverkuseneko zuzendari nagusia ere ildo beretik mintzatu zen: «Xabiren jarrerak eta lan egiteko modu zorrotzak oso garapen handia ekarri digu». Titulu batekin ginga jarriko balio betirako utziko luke bere aztarna klubean. Garaile izaera, behintzat, eman dio taldeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.