Bayer Leverkusenen madarikazioa luzea zen. Alemaniako ligako talderik historikoenetakoa izan arren—119 urte ditu—Bundesliga irabazi gabe zegoen. Neverkusen edo Loserkusen ere deitzen zioten, ingelesezko never (inoiz ez) edo loser (galtzaile) hitzak klubaren izenarekin nahastuta. UEFA (1988) eta Alemaniako Kopa (1993) baino ez zituen irabaziak. Baina amaitu da maldizioa. Sei aldiz txapeldunorde izan eta gero, igandean loria dastatu zuen Renania iparraldeko taldeak, Werder Bremeni 5-0 irabazi eta gero. Entsalada ontzi preziatua jaso ahal izan zuen. Euskal Herriko entrenatzaile bat aulkian dela jaso du, gainera: Xabi Alonso (Tolosa, Gipuzkoa, 1981). Hala, Bayern Munichen 11 urteko morrontza amaitu du.
Alonsok beste urrats bat egin du entrenatzaile ibilbidean, Europako liga nagusietako bat irabaziz. Garaikurra modu distiratsuan lortu du, gainera: bost jardunaldi falta zirela izan baita txapeldun, eta denboraldi osoan partidarik galdu gabe. «Bai jokalari bai entrenatzaile moduan irabazi ditudan titulu guztiak izan dira bereziak. Reala B taldearekin lortutako igoerarekin asko disfrutatu nuen, berezia izan zen. Baina titulu hau lortzea, gorengo mailan, izugarria da. Merezitako titulua da. Ez bakarrik emaitzengatik, baita lortzeko moduarengatik ere», adierazi zuen partida osteko agerraldian, jokalariek garagardoz bustitzen zuten bitartean. Alemaniako liga irabazten duen Euskal Herriko lehen teknikaria da.
Alonso 2022ko urrian iritsi zen Leverkusenen aulkira, udan Reala B utzi eta gero. Talde txuri-urdinean, Imanol Alguacil egonda, ezin zuen lehen talderako urratsa egin, eta tolosarrak gorengo mailan entrenatu nahi zuen. Leverkusen egoera zailean zegoen. Ligako lehen zortzi partidak jokatu eta gero, bost puntu baino ez zituen, eta jaisteko postuetan zegoen. Zaleek zuhurtziaz hartu zuten Alonso entrenatzaile fitxatu izana. Bazekiten jokalari moduan egin zuen ibilbidea distiratsua izan zela. Baina aulkian ez zuen esperientziarik gorengo mailan.
Eta emaitzak lagun, zalantzak berehala uxatu zituen teknikariak. Taldeak gora egin zuen, eta azkenean seigarren amaitu zuen. Hala, Europa liga jokatzeko sailkatu zen. Alonsok berak onartu zuen herenegun, aurreko denboraldia zaila izan zela. Ez zituen jokalari aproposak, berak nahi izaten duen intentsitate handiko joko landu hori garatzeko. «Baina egoera gainditzea lortu genuen, eta esperientzia oso baliagarria izan zen. Dena den, ez nuen espero bigarren denboraldi horren ona izango zenik».
Erasoan ikusgarri, defentsan sendo
Denboraldi honetan bere zigilua ezarri ahal izan du tolosarrak. Besteak beste, Raynald Denouiex, Rafa Benitez, Jose Mourinho, Pep Guardiola eta Carlo Ancelotti izan zituen entrenatzaile Alonsok, oso estilo diferentea duten teknikariak. Haiek ezarri nahi zuten jokatzeko eraren isla zen berdegunean Alonso. Entrenatzaile baten begiekin ere ikusten zuen orduan jada futbola. Haiengandik ikasitako guztia baliatuz joan da denbora honetan, berak zuzentzen dituen taldeetan ezarri nahi duen jokamoldea lantzeko eta fintzeko orduan. Horren emaitza da Leverkusen.
1-3-4-2-1 marrazkiaren alde egin du denboraldi osoan Alonsok. Nahiz eta partida batzuetan 4-4-2 edo 3-5-2 bihurtu. Bizkarrezur finko eta sendo bat izan du. Atzean Hradecky, zelai erdian Xhaka, Grimaldo eta Frimpong, eta aurrean Wirtz. Erasoan joko ikusgarria egin duen taldea izan da. Nahiz eta baloi jabetza luzeak izan, beti aurrera begiratu du, eta hiru laurdeneko jokalariek erritmo beldurgarria jarri diote jokoari. Presio aurreratua eta baloia galdu osteko presio oldarkor eta koordinatua ere azpimarratzekoa dira.
Datuak horren erakusle dira. Europako liga nagusietako taldeen artean, gol gehien sartu duen taldea izan da Leverkusen. Ligaren, Koparen eta Europa ligaren artean, 123 sartu ditu 43 neurketetan. Hau da, partidako 2,8. Erasoko joko horren erakusle nagusiak Wirtz, Frimpong eta Grimaldo izan dira. Hurrenez hurren, hamazazpi, hamabi eta hamaika gol sartu dituzte. Atzealdean, berriz, talde fidagarria eta sendoa izan da. Ligako partiden ia erdietan ez diote ia golik sartu: 29tik 15etan. Atezain titularrari, Hradeckyri, hemeretzi gol baino ez dizkiote sartu. Gainera, partidetako denbora kontuan hartuta, soilik denboraren %8tan izan da galtzen.
Baina, horrekin batera, txapeldun izan zitezkeela sinetsarazi die Alonsok, bai jokalariei, bai klubeko arduradunei eta bai zaleei. Irabazle izaera eta sena kutsatu die. Hori izan da beste gakoetako bat. Zelaian ere hori erakutsi dute. Izan ere, aurten, berdintzeko edo irabazteko modua eman dioten zazpi gol sartu ditu luzapenean Alonsoren taldeak.
Ospatzeko denbora gutxi dute orain. Izan ere, denboraldia are biribilagoa izatea nahi dute. Ostegunean, Europa ligako finalerdietarako sailkatu daitezke. Londresen jokatuko dute, West Ham taldearen kontra, final-laurdenetako itzulikoa. Joaneko norgehiagokatik 2-0eko abantaila dute. Maiatzaren 25ean, berriz, Kopako finala izango dute jokoan, Kairserlautenen kontra. Horren ostean iritsiko dira ospakizunak. Izan ere, beste titulu bat irabazi edo ez, Leverkusenen historiara pasatuko da sasoi hau.
Alonso zoriontsu da Alemanian, eta, Real Madril eta Liverpool ate joka izan dituen arren, beste bi urtez luzatu berri du kontratua. «Giro aproposa dugu lan egiteko, eta klubak eta nik ditugun asmoak eta helburuak bat datoz. Gehiago nahi dugu, eta oso eskertuta nago nigan erakutsi duten konfiantzarengatik. Horregatik erabaki dut hemen segitzea».