Norabide bakarreko bidea

Realak Cadiz jasoko du gaur Espainiako Ligan. Txuri-urdinek txapelketa bakarra dute jokoan, eta Europarako sailkatzeko helburuz ariko dira azken hamar jardunaldietan.

(ID_13685853) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Realeko jokalariak Andre Silvak Granadari sartutako gola ospatzen. PEPE TORRES / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko martxoaren 15a
05:05
Entzun

Realak garai berri bati ekin dio martxoaren hasieran. Hiru txapelketa zituen uztartuak duela bi aste, eta bakarra du orain jokoan: Espainiako Kopako eta Txapeldunen ligako kolpeen puskak bilduta, berriro osatu beharrean da sasoi amaierarako duen helburu bakarra lortzeko. Txuri-urdinek Europan jokatu nahi dute bosgarren urtez jarraian, kosta ahala kosta.

Hori lortuz gero, Imanol Alguacilen taldeak marka berria ezarriko luke klubaren historian. Txapeldunen Ligarako aukera urriak dituztela-eta, Europa liga dauka begiz jota. Konferentzia liga, txarrenera ere. Horretarako, baina, denboraldiko azken hamar jardunaldietan asmatu behar du lehendabizi. Cadiz jasoko du gaur gauean (21:00, Dazn), norabide bakarreko bide horretan segitzeko esperantzan. Aurkaria jaitsierako postuetan dago, eta haren presa baliatu nahi du segidako bigarren garaipena eskuratzeko. Ordutik aurrerako egutegiak zenbait argi-ilun izango ditu txuri-urdinentzat.

Egutegiaren egokitasuna

29. jardunaldira iritsita, ligako talde guztiek orain arteko lanaren ondorioak bizi dituzte sailkapenean. Zorteak eta usteek zeresan gutxi dute postuen dantzan. Hala, jardun onaren isla da goiko postuetan egotea. Kontrakoa gertatzen zaie salbazioaren lehian daudenei. Alde horretatik, Realak bi egoeratan dauden taldeak izango ditu kontrario txapelketaren azken zatian.

Geratzen diren hamar partidak kontuan hartuz gero, txuri-urdinen egutegia egokia da estreinako lauretan. Izan ere, sailkapenaren beheko partean daudenen aurka jokatuko du nagusiki: Cadizez gain, Imanolen multzoak Alaves, Almeria eta Getafe izango ditu aurkari. Sailkapenaren erditik behera daude guztiak: Getafe eta Alaves, egonkor eta patxadatsu, ez gora eta ez behera. Cadiz eta Almeria behar gorrian daude, ordea. Almeriak ez du partidarik irabazi sasoi honetan, eta Gaizka Garitano kaleratu berri du.

Egutegia konplikatuagoa izango da azken sei norgehiagoketan. Gorengo kosketan dauden taldeak —Real Madril, Bartzelona eta Atletico Madril— eta Europarako lehian arerio dituenak izango ditu parean. Betis, Valentzia eta Las Palmas dira horren adibide. Litekeena da talderen bat bere helburua lortzeko aukerarik gabe iristea azken jardunaldietara: litekeena da horrek mesede egitea Realari.

Etxean indartzea

Aurkariei erreparatu aurretik, ordea, Realak bere martxa hobetzea izan du azken asteetako lehen xedea. Izan ere, taldearen jokoak beheraldia izango du azken asteetan. Batez ere, behinola gotorleku izandako Anoetan pairatu du kaltea; azaroaz geroztik, txuri-urdinek neurketa bakarra irabazi dute etxean (2-1, Sevillaren aurka). Galdu egin dituzte gainontzeko sei neurketetatik lau, eta berdindu egin dute beste bi alditan.

Hala, Europara sailkatzeko bidean funtsezko lana du norbere zelaian indartzea. Ez alferrik, donostiarrek beren estadioan jokatuko baitituzte azken hamar partidetatik sei. Anoetan indartsu aritzea ezinbestekoa izango da datorren sasoian txapelketa kontinentalean aritzeko. Taldeak izandako beheraldiak bat egin du etxean makal aritzearekin, eta bertan jar dakioke erremedioa.

Bi areatako ajeak

Ate aurreko ezinak asko zigortu du Reala azken hilabete eta erdian. Alabaina, makalaldi hori iraultzeko zantzuak erakutsi ditu azken partidetan. Puntuak zenbatzeko ezinbestekoak dira golak, eta horien premia gorrian izan dira Imanolen jokalariak. Lehortea amaitu egin da azken bi norgehiagoketan; bi gol sartu zizkion Sevillari —3-2 galdu zuen Realak—, eta hiru lortu zituen Granadaren aurka, aurreko jardunaldian —2-3 irabazi zuen—. Azken bi partidetako datua oso argigarria da norabide aldaketa hautemateko. Sevillan eta Granadan sartutako golak gehiago izan dira (bost), aurreko bederatzi partidetan pilatutakoak baino (4). Horri dagokionez. taldeak eskertu egin ditu Andre Silvaren edo Sadiq Umarren moduko jokalarien agerpenak.

Kontrara, txuri-urdinen defentsako eraginkortasuna urardotu egin da azken hilabeteetan. Gol gutxien jasotzen zuen taldeetako bat zen lehen, eta batezbestekoaren erdian daudenetara igaro da azken partidetan. Alex Remirori zortzi gol sartu dizkiote ligako azken hiru partidetan; joera hori eten behar du goialdean mantentzeko modua emango dion puntu sorta biltzeko.

Aurrez, hiru txapelketa exijente uztartzeak nekea eragin zion Realari, eta, gogoz kontra bada ere, bakarrean aritzeak zama arinduko dio azken jardunaldiei begira. Baliteke desiratu gabeko abantaila bat izatea Europarako bosgarrenez jarraian sailkatzeko ahaleginean. Gainera, min hartuta egon diren zenbait jokalari itzultzen ari dira pixkanaka, eta multzoak itxura osoago bat izango du azken jardunaldietan.

Lehendabizi, Cadiz

Realak zabalduko du ligaren azken hamar jardunaldietako txanpa. Cadizen aurkako norgehiagokan (21:00, Dazn) hiru puntuak eskuratzeko xedea dute txuri-urdinek; aurrekoen patxada estutzeko nahiz atzekoei presioa eragiteko baliatu nahi dute partida. Aurkaria puntu premian ailegatuko da Donostiara. Ez alferrik, hura da jaitsierako postuen muga ezartzen duena: 18.a da sailkapenean, 22 punturekin. Hiru neurketa soilik irabazi ditu txapelketa osoan zehar. 

Nolanahi ere, Cadiz bizi-bizirik dago mailari eusteko ahaleginean. Bi puntura du Celta, salbazioaren mugan dagoen taldea. Gainera, txukun aritu da azken jardunaldietan. Hiru partida kateatu ditu galdu gabe, eta garaipen handia lortu zuen orain hurrena jokatutakoan: 2-0 menderatu zuen Atletico Madril laugarren sailkatua. Horiek horrela, Imanol Alguacilek neurketa zaila iragarri du: «Talde gisa egiten dute lan, eta ez da erraza izango. Mauricio [Pellegrino, entrenatzailea] dagoenetik jokatutako zazpi partidetan ondo lehiatu dira».

Prestatzaile oriotarraren esanetan, «bada garaia» Anoetan hiru puntuak eskuratzeko: «Granadan irabazi genuen, baina, horri jarraipenik eman gabe eta etxean indartu gabe, konplikatua izango da. Aste honetan inoiz baino gutxiago entrenatu gara, taldeak osatu egin behar baitu: hogei kiloko motxila du bizkar gainean». Bide horretan, Aritz Elustondo da deialdiko berritasun nagusia. Atzelari beasaindarra zerrendan da zenbait asteren ostean. Takefusa Kubo eta Arsen Zakharian ere osatu dira, eta jokatzeko prest daude. Ander Barrenetxea, berriz, ez da garaiz osatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.