TRIATLOIA

Beste behin, itxura ederra du

Zarauzko 36. Triatloia egingo dute bihar. Probak duen indarraren adierazle, inoiz baino kirolari gehiago ariko dira: 760 lagun.

ZARAUZKO TRIATLOIA. GORKA RUBIO / FOKU
Triatletak, ahalegin betean, txirrindularitzako saioan, Done Bladiko aldapan gora. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko ekainaren 7a
05:10
Entzun

Ekainaren bigarren larunbata gorriz margotzen dute triatloiaren egutegian. Zarauzko (Gipuzkoa) proba entzutetsua data horretan jokatu ohi da azken urteetan, eta aurtengoan ere ez da salbuespena izango. Bihar egingo dute lasterketaren 36. aldia. Denboraren poderioz sona handiko proba bilakatu da, nola Euskal Herrian, hala nazioartean. Aurtengo aldiak ere ikusmin handia sortu du triatloilarien artean, eta horren adibide da dortsal baten peskizan aritu direnen kopurua: 2.400 lagun guztira. Denentzat lekurik ez, ordea, eta 760 kokatuko dira irteera marran, inoiz baino gehiago. Haietatik 97 emakumezkoak izango dira.

Danel Larrañaga Zarauzko Triatloi Elkartearen presidenteak azaldu duenez, lasterketa «erreferentea» da. «Marka [frankizia] handien bidez leku jakin batzuetan antolatzen dituztenez gain, ikusmin gehien sortzen duena da. Urteetan langa oso goian jarri dute, eta hori mantentzen saiatzen ari gara».

Ohi bezala, Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzatik abiatuko da proba, 14:00etan, eta, bi herriak igerian lotu ondotik —2,9 kilometro dira—, bizikleta hartuko dute triatloilariek. Hala, bi itzuliko zirkuitu batean osatuko dituzte txirrindularitzako 80 kilometroak. Itzuli handienak 47,8 kilometro izango ditu; besteak, 32,2. Mendebaldera egingo du bizikletako atalak, eta Zarautz, Getaria, Aizarnazabal, Zestoa eta Zumaia (Gipuzkoa) artean osatuko da. Aurten, hirugarrenez, lasterketa ez da Aiatik igaroko.

Triatloilariek hiru aldiz igoko dute Meagako gaina, Zarauztik Getariarako noranzkoan, baina orain bi urteko aldaketaren ondotik, Done Bladiko maldatzarrak sortu du ikusmin gehien. Arreta erakarri du, eta horri eustea hobetsi dute antolatzaileek. Hala adierazi du Larrañagak: «Igoera horrek sekulako arrakasta izan du. Bidegurutze kopurua gutxitzeko moldatu genuen ibilbidea, eta, ustekabean, herrira gerturatu genuen. Lehen Txurrukara edota Aiako maldara joaten ziren zaleak jokoz kanpo geratzen ziren beste zatiak ikusteko. Orain, igeriketakoa, txirrindularitzakoa eta korrikakoa ikusten dituzte».

«Batetik, herriko lasterketak Zarauzko, Getariako eta inguruetako lagun ugari erakarri ditu triatloira. Bestetik, Ainhoak [Muruak]. Maila horretako kirolari bat hemen izatea luxua da». 

DANEL LARRAÑAGAZarauzko Triatloi Elkartearen presidentea

Zaleen arreta nola, kirolariena ere bereganatu du Done Bladiko maldak. Ez da gutxiagorako, hura baita bizikletako atalaren zatirik gogorrena. Hain da kontuan hartzeko malda, antolakuntzak ohartarazpena egin baitie kirolariei: «Garapenari dagokionez, 34 hortzeko platera eta 30 hortzeko piñoia erabiltzea komeni da». Izan ere, Zarauzko herrigunetik Elkano auzora igotzeko bidean, hiru kilometroko aldapa igo beharko dute triatloilariek; %7,9ko pendiza du batez beste.

Dena den, azken zatia da gogorrena, ikusmin handiena sortzen duena: azken 400 metroek %15eko gogortasuna dute, batez beste, eta pendiza %20koa da tarte batzuetan. Hain justu, maldari izena zor dion Done Bladiko ermitatik auzorainoko tartea da hori, eta zalez betetzen dira errepide bazterrak. Hura behin igarota, beste itzuli bat osatuko dute, eta, gero, Meagara igoko dira. Han norabidea aldatuta, Zarauzko malekoira egingo dute berriz, bizikletako oinetakoak utzi eta korrika egitekoak janzteko.

Izan ere, hogei kilometroko saltaka saioak osatuko du triatloia. Malekoitik eta Iñurritzako biotopotik ibili eta gero, Kale Nagusiak gehituko du zirrara, eta Lege Zaharren enparantzan amaituko dute, jendearen txalo artean. Zale kopuru handiak egiten du berezi proba, eta hortik tiradizoa: 36. aldia du aurten.


Ainhoa Murua, bueltan

Proba preziatua da Zarauzkoa, eta horren adierazle da maila goreneko triatloilarien parte hartzea. Aurten, ordea, esanahi handiko lagun bat itzuliko da probara: Ainhoa Murua. Zarauztarra da, herriko triatloilaririk loriatsuena —Atenas, Pekin, Londres eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan aritua da—, eta haren parte hartzeak «poz itzela» eragin die antolatzaileei: «Batetik, herriko lasterketak Zarauzko, Getariako eta inguruetako lagun ugari erakarri ditu triatloira. Bestetik, Ainhoak. Maila horretako kirolari bat hemen izatea luxua da, eta oso pozik gaude hemen bueltatuko delako distantzia erdira».

Hain justu ere, Zarauzko Triatloi Elkarteak parte hartze nabarmena izango du bertako proban. Taldeko 70 lagun izango dira Getariako abiapuntuan. Larrañagaren esanetan, klubak hazkunde handia izan du azken urteotan, eta 150 lagun inguru ari dira gaur egun. Gazteen eta emakumezkoen gorakada nabaritu dute batik bat.

Joera hori orokorra da triatloian. Zarauzkoa irabazteko hautagaiei erreparatu besterik ez dago. Larrañagak adierazi duenez, emakumezkoen proban jauzi kualitatibo bat egin dute aurten: «Orain artean, lehen hiru sailkatuen ordena izaten zen asmatu beharrekoa; laugarrena hogei minutura helmugaratzen zen. Aurten, ordea, podiumerako lehian egongo diren hamar bat kirolari daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.