Juan Mugerza Nazioarteko Krosaren 77. aldia jokatu dute gaur Elgoibarren, eta afrikarrak izan dira nagusi. Ez da ezusterik izan, horrenbestez. Gizonezkoetan Tadese Worku etiopiarra izan da azkarrena, eta emakumezkoetan Hellen Obiri kenyarrak atzean utzi ditu beste korrikalari guztiak.
Obiri zen faborito argia lasterketa irabazteko, 5.000 metroetako munduko txapelduna baita, eta ez du hutsik egin. Sasoiko dago 30 urteko lasterkaria, eta erraz menderatu du beste faboritoa, Rose Chelimo bahraindarra. Korrikalari multzo bat joan da buruan, eta, azkenera, Obirik lortu du garaipena, erritmoa biziagotuta. Bigarren Beatrice Chebet herrikidea sartu zaio, sei segundora, eta hirugarrena ere kenyarra izan da, Eva Cherono; 30 segundo geroago iritsi da.
Gizonezkoetan, Worku 17 urteko gazteak estutasun gutxiago izan ditu lasterketa menderatzeko. Hiru itzuli falta zirenean geratu da bakarrik geroko garailea eta iazko Munduko Kros Txapelketako txapeldunordea. Aise egin ditu azkeneko itzuli horiek, eta 24 segundo sartu dizkio Richard Yator kenyarrari; Aaron Klife eritrearra atzeraxeago heldu da, 27 segundora.