Woodsek irri eta Roglicek kosk

Israel taldeko kanadarra gailendu da Ancareseko amaiera bortitzean, ihes eginda ibili eta gero. Faboritoen artean, nagusitasun handia erakutsi du Roglicek, eta 1.21era du orain O’Connor liderra. Landa podiumera hurbildu da, ezin hobeto aritu ostean.

Michael Woods
Michael Woods txirrindularia helmugaratzen. Hark irabazi du etapa. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abuztuaren 30a
18:41
Entzun

Aldapa pikoetan bere saltsan ibiltzen da Michael Woods (Israel). Iaz, adibidez, Tourreko etapa bat irabazi zuen Puy de Domeko horman. Eta gaur, berriz, Ancares beldurgarriari jarri dio bere zigilua, Vueltako hamahirugarren etapan. Indarrak bukaerarako gorde ditu, iheskideek ez bezala, eta tximista bezala irten da bukaerako malda tenteetan. Kosta egin zaio helmugara iristea, baina areago ihesaldiko besteei. Hori horrela, Kanadako txapeldunak hirugarren garaipena lortu du Vueltan –2018an eta 2020an erdietsi zituen besteak–. Bigarren Mauro Schmid (Jayco) iritsi da, eta hirugarren, Marc Soler (UAE), indarrez hustu ondoren.

Vueltako onenek lasai hartu dute etapa, harik eta Ancaresera iritsi diren arte –7,5 kilometro eta %9,3ko pendiza–. Halabeharrez, kartak buruz gora jarri behar izan dituzte. Eta Roglicek izan du eskualdirik onena. Ez du hordagoa jo, baina bere alde jarri du Vuelta irabazteko lehia. Etaparen aurretik 3.16ra zuen lasterketako liderra, Ben O’Connor (Decathlon); bada, 1.21era hurbildu zaio gaur. Australiarrak egunik txarrena izan du maillot gorriaren jabe egin zenetik, eta esloveniarrak ez du gupidarik izan. Zukua atera dio taldekideen lan onari, eta aurkari denak atzean utzi ditu bi kilometroren faltan. Mikel Landa (Soudal) izan da helmugan gertuen izan duena: 35 segundora iritsi da arabarra. Bosgarren jarraitzen du nagusian, baina orain hemeretzi segundo eskasera du Enric Mas (Movistar), hirugarren sailkatua.

Asteko lehen hiru etapetan ihesaldiak arrakasta izan ondotik, gaurko garaipena sailkapen nagusikoen artean jokatuko zutela zirudien. Ibilbideak, behintzat, hala iradokitzen zuen, helmuga Ancaresen zegoelako, eta justu aurretik Lumeras igo behar zutelako –gainsariak zeuden tontorrean–. Lehenik, ordea, tropelak kontrol lanean engaiatu behar zuen. Bada, lasaikeriaz jokatu dute multzo nagusian, eta trostan osatu dituzte kilometrorik gehienak. Hartara, gaur ere oparia egin diete ihesaldian sartu direnei; hamazazpi minuturainoko aldea hartzen utzi diete.

Guztira 23 txirrindulari ibili dira alde eginda. Mikel Bizkarra (Euskaltel) izan da horietako bat. Eskalatzaile arina izanik, bizkaitarra ondo molda zitekeen gaurko etapa menditsuan. Kern Pharma taldeak, berriz, Jose Felix Parra sartu du ihesaldian, bezperako balentria errepikatzeko itxaropenez. UAE, DSM eta Lotto izan dira aurrean ordezkaritza zabalena izan duten taldeak: hiruna txirrindulari izan dituzte lasterketa buruan. UAEko hirukotea zen ahaltsuena; Solerrek, Jay Vinek eta Brandon McNultyk osatu dute. Israelek ere bazuen ahalmena, Woods eta Dylan Teunsekin.

Eroriko erabakigarria

Wout van Aert ere (Visma) zeresana emateko prest zegoen, igotzaile petoa ez izanagatik. Mendiko puntuak zorroratu ditu lehenik, eta, hala, sailkapen horren buru jarri da. Eta gero, azken bi mendateen zain gelditu ordez, erasora jo du, Schmidtekin eta Victor Campenaertsekin (Lotto) batera. 47 kilometroren faltan irten dira multzotik, eta hamar kilometro egin dute aurretik, harik eta muino batean UAEkoek erlauntza astindu duten arte. Haiekin batera, Van Aertek, Woodsek, Schmidek, Sam Oomenek (Lidl), Kasper Asgreenek (Soudal) eta Gijs Leemreizek (DSM) gainditu dute galbahea. Hortaz, bederatzi ziklista iritsi dira buruan azken-aurreko igoerara.

Lumerasen, Van Aert aztoratzen saiatu dira UAEko txirrindulariak. Ez dute lortu, eta jokoz kanpo gelditu dira jaitsieran, McNulty eta Vine erori egin baitira. Solerren aukera gelditzen zitzaien, baina kataluniarra nekatua hartuta zen ordurako. Oso duin aritu da Ancaresen, baina beste maila batean egon da Woods. Mendatearen zatirik gogorrenean sartu orduko abiatu da garaipenerantz. Geroago, Red Bull taldeak sarraskia eragin du oilarren multzoan. Mas eta Sepp Kuss (Visma) Roglici eusten saiatu dira, baina damutu egin zaie ahalegina. Landa, aitzitik, ez da itsutu, eta azkenerako liderrik onena izan da Roglicen atzetik.

Biharko etapa ere menditsua izango da, baina ez gaurkoa bezainbeste. Ibilbidearen erdialdean hirugarren mailako mendate bat igoko dute, eta, gero, lehen mailako Leitariegos–22,8 kilometro eta %4,5eko pendiza–. Gailurretik hamasei kilometrora egongo da helmuga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.