TXIRRINDULARITZA

Williams eta Niewiadoma nagusi Fleche Wallonnen

Eguraldiak guztiz baldintzatu du lasterketa, eta 44 gizonezkok bukatu dute bakarrik. Williams izan da lehena Huyn esprinta abiatzen, eta ezin izan du inork aurreratu. Gisa berean gailendu da Niewiadoma. Santesteban hamargarren izan da.

Stephen Williams, garaipena ospatzen, Huyko horman. FRANCOIS WALSCHAERTS / EFE
Stephen Williams, garaipena ospatzen, Huyko horman. FRANCOIS WALSCHAERTS / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 17a
17:17
Entzun

Oso bukaeran puskatu ohi da Fleche Wallonne. Zirraragarria izaten da Huyko azken igoera, baina aurreko kilometroak betegarritzat jo daitezke maiz. Aurreko kilometroak betegarritzat jo daitezke maiz. Gaurkoa, ordea, oso bestelako lasterketa izan da, eguraldiaren eraginez: ohi baino gogorragoa izan da. Euria goian behean egin die txirrindulariei, eta hotzak akabatzen jardun behar izan dute. Jota gelditu dira faborito asko. Stephen Williams (Israel), ordea, ondo moldatzen da halakoetan, eta hark irabazi du gizonezkoen proba. Helmugatik 250 metrora jaurti gezia, eta bete-betean asmatu du. Emakumezkoak ere blai eginda izan dira hasieran, baina giro nahiko argia izan dute amaieran. Huyn argi ibili da Katarzyna Niewiadoma (Canyon), eta haren erasoa gehiegizkoa izan da Demi Vollering (SD Worx) eta Elisa Longo Borghinirentzat (Lidl).

Fleche Wallonne irabazi duen lehen gizonezko britainiarra da Williams. Aurpegia desitxuratuta zeukan helmuga zeharkatzean, esfortzuaren ondorioz. Gero, pozak gain hartu dio nekeari. Haren ibilbideko lorpenik handiena da, eta sasoi honetan lortu duen hirugarren garaipena: etapa bat eta sailkapen nagusia irabazi zituen Down Under Itzulian. Dylan Teuns zen Israel taldeko liderra, baina ezinean gelditu da hura, beste faborito asko bezala. Williamsek hartu du ardura, eta dar-dar egin badu, hotzagatik egin du. Ausart jokatu du Huyko azken-aurreko igoeran, baita amaieran ere, bera izan baita erasoa jotzen lehena. Kevin Vauquelinek (Arkea) eta Maxim Van Gilsek (Lotto) osatu dute podiuma.

Haizea eta giro hezea zeuden iragarrita, baina espero baino are petralagoa izan da eguraldia. Zaparrada hasi da helmugarako ehun kilometro baino gehiago falta zirela, eta luze iraun du. Elur bustia ere izan dute tarte batzuetan. Hori horrela, goitik behera aldatu da lasterketaren ohiko gidoia. Sei txirrindulari ibili dira ihes eginda, eta azkar harrapatu dituzte, artean 68 kilometro falta zirela. Txomin Juaristik (Euskaltel) iraun du gehien, Johan Meensekin (Bingoal) batera. Euskaltelek 11 urte geroago hartu du parte Fleche Wallonnen. 

Ordurako, xehe-xehe eginda zegoen tropel nagusia. Huyko horma 95 kilometroren faltan gainditu dute lehen aldiz, eta, hortik aurrera, faborito asko gelditu dira jokoz kanpo. Igoeraren ostean, erritmo bizia jarri du Education Firstek, eta ordekan atzera eginda gelditu dira Aleksandr Vlasov (Bora) eta Michael Matthews (Jayco). Eraffeko bigarren igoeran, berriz, amore eman dute Teunsek eta Pello Bilbaok (Bahrain).

Huyko bigarren igoeran ezinak jota gelditu dira beste zenbait faborito: Tom Pidcock (Ineos), Marc Hirschi (UAE) eta Mattias Skjelmose (Lidl), besteak beste. Tiesj Benoot (Visma), berriz, doi-doi ari zen. Tropelean 30 txirrindulari inguru besterik ez zen gelditzen. Urruneko eraso batek min egin zezakeen. Indarra eta adore handia behar ziren, ordea, horretarako. Bada, Soren Kragh Andersenek (Alpecin) bakarkako ahalegina egin du 58 kilometroren faltan. Atzean ez zegoen lasterketa kontrolatzeko gaitasunik, eta eraso eta kontraeraso ugari izan da. Bien bitartean, bidea egin du danimarkarrak.  

Huyko azken-aurreko igoerara 1.30eko aldearekin iritsi da. Ateri zegoen ordurako. Minutu erdia kendu diote bertan, indartsuenak mugitzen hasi ahala. Williams nabarmendu da, eta jaitsieran Van Gils, Vauquelin, Santiago Buitrago (Bahrain) eta Richard Carapaz (Education First) batu zaizkio. Atzerago, Uno-X taldeko ziklistek hartu dute jazarpenaren ardura. Norvegiarrek bost ziklista zituzten oraindik multzo nagusian. Besteek baino hobeto eraman dituzte hotza eta euria. Johannes Staune-Mittet ere (Visma) aritu da lanean: beste norvegiar bat.

Azken epaia, Huyk

Ereffera iritsi aurretik harrapatu dute Kragh Andersenen atzetik zihoan boskotea. Hortik gutxira bukatu da danimarkarraren abentura, helmugarako 14,5 kilometro falta zirela. Hortaz, bat eginda iritsi dira Huyko azken igoerara. Decathlon taldeak jarri du erritmoa hasieran, eta betiko irudia ikusi da gero: ziklistak zabal-zabal eginda, maldan gora gorputza bihurrituz, eta lehen erasoa nork joko zain. Williams 250 metro falta zirenean abiatu da. Tarte handia zabaldu du berehala. Baina eutsi egin behar zuen gero, eta lanak izan ditu. Sigi-saga sartu da helmugan, Vauquelin gainean zeukala. Hiru segundora iritsi dira Van Gils, Benoit Cosnefroy (Decathlon) eta Buitrago, hurrenkera horretan. Soilik 44 txirrindularik bukatu dute lasterketa; euskal herritarrik ez da izan horien artean.

Emakumezkoen lasterketan, berriz, hamargarren egin du Ane Santestebanek (Laboral Kutxa). Niewiadoma baino 27 segundo beranduago sartu da helmugan. Poloniarrak aurrenekoz irabazi du Fleche Wallonne, parte hartu duen 11. aldian. Aurrez bitan igo zen podiumera, baina inoiz ez koska altuenera. Arantza atera du gaur, azken metroetan eraso bizi eta agonikoa eginda. Volleringek iazko garaipena berritu nahi zuen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Haren atzetik Longo Borghini helmugaratu da.

Hiru txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Sara Martinek (Movistar), Julie Van de Veldek (AG Insurance) eta Elena Hartmannek (Roland). Azken hori atzean gelditu da kilometroak pilatu eta muinoak gainditu ahala. Beste biak ere irentsi egin ditu tropelak, faboritoen momentua gerturatu ahala. Eraffen ekin diote borrokari. Riejanne Markus (Visma) zalaparta eragiteko gogoz zegoen, eta haren gurpilera atera da Longo Borghini. Berandu gabe harrapatu dituzte. Huyra bidean lasterketa apurtzeko beste saiakera ugari izan da, eta Markus 12 segundoko abantailarekin iritsi da.

Azkar batean harrapatu dute, Vollering gogor hasi baita tiraka. Erritmo gogorra ipini du, atzera begiratu gabe. Hala irabazi zuen iaz. Gaur, ordea, ondo itsatsi zaizkio Niewiadoma eta Longo Borghini. Buruz buruko ederra izan da hiru indartsuenen artean. Niewiadoma gezia bezala atera da 200 metrora. Gogotik saiatu da Vollering poloniarra harrapatzen, baina ez da posible izan. Niewiadomak Ardenetan irabazi duen bigarren lasterketa da, 2019ko Amstel Gold Race bereganatu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.